Bakarka, zorabioari aurre eginez

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 23a

Jaiotz Osak bi ikuskizunetan parte hartu du Donostiako DFeria jaialdian. Hilaren 30ean, berriz, 'Suddenly' lehen bakarkako lana aurkeztuko du Gazteszenan.

Jaiotz Osa dantzari zumauarra. (Izaskun Urbieta) Donostiako DFeria Arte Eszenikoen jaialdian hirugarren aldiz parte hartu berri du Jaiotz Osa dantzariak. Aurtengo edizioan, gainera, bi ikuskizunekin: Now eta Raw izenekoekin. Now antzezlana Lasala konpainiarekin osatu du Jaiotzek. Konpainia horretako zuzendaria da Judith Argomaniz, eta Osa taldean hasieratik dago berarekin. Hain zuzen, konpainiaren hirugarren ikuskizuna da hori. "Obrak denboraren bidaiaz hitz egiten du. Hau da, denbora nola pasatzen den, eta horrek nola eragiten digun. Ordubeteko pieza bat da, eta bost dantzari gaude. Horiez gain, adin nagusiko bi pertsona eta ume bat agertzen dira", azaldu du Osak. Pieza txikiagoa da Raw ikuskizuna. Amaia Elizaran dantzariarekin osatzen duen bikotea da obraren oinarria. Bi pertsonek elkarrengan duten dependentziaz hitz egiten du, eta horietako baten hutsuneak besteari eragiten dioten sentipenez. "Askoz intimoagoa da, 15 minutu ingurukoa", esan du. DFeria azoka erakusleiho itzela da arte eszenikoentzat, eta oso gustura agertu da dantzari zumaiarra publikoak bi piezekiko erakutsi duen harrerarekin. Kolore arrosa Osak inoiz ez zuen pentsatu koreografo lanak egitea, besteek sortutako obretako pertsonaiak interpretatzea atsegin duelako. Baina, azken urte honetan, ideia asko izan ditu buruan, eta horrek bere obra propioa sortzea ekarri dio. "Iazko urrian Mikel Laboa Katedra beka lortu nuen, eta finantzabide horri esker hasi naiz nire pieza aurrera ateratzen. Gainera, Gipuzkoako Dantzaguneak ematen duen Sortutakoak beka ere irabazi berri dut, eta horren bidez obra luzatzen ari naiz", adierazi du. Hain zuzen, garapen edo sorkuntza hori azalduko du martxoaren 30ean Donostiako Gazteszenan. "Working progress bat izango da, nire lanaren prozesua azalduko dut, eta sarrera doakoa izango da" esan du. Pieza egoera arriskutsu baten aurrean pertsona bati burutik pasatzen zaizkion bihozkadetan dago inspiratuta. "Txikitatik edifizio altuek atentzioa eman didate beti, eta nire piezaren ideia zera da: altuera horretatik jauzi egiten badut zer gertatuko litzake? Garunak arriskutsua den egoera baten aurrean izaten dituen erreakzioak dira: zorabioa, arriskua, inpultsua". Kolore arrosa da Osak sortu duen piezaren gakoa. Dantza garaikidean kolore neutroak eta gai ilunak dira normalean nabarmentzen direnak, eta, giro horretatik aldentzeko, zerbait freskoa eta alaia gehitu nahi izan du. "Nire helburua da, beraz, irudiarekin inpaktatzea, eszenografia freskoa izatea, baina, era berean, arriskutsua den ideia bat kontatzea". Hori dela eta, eszenatokian 3,5 x 3 metroko alfonbra arrosa bat izateaz gain, kaktus bat dago arriskua irudikatuz. "Emanaldia horrela hasten da. Kaktusa ikusten dut, ederra iruditzen zait, erakarri egiten nau, baina badakit min egingo didala. Kaktusaren erakargarritasuna eta arriskua, alfonbra iletsuaren goxotasunaren eta babesaren aurka. Hori da emanaldiaren ardatza", kontatu du. Bakarkako lehen lana du, eta "bertigo pixka bat" ematen diola aitortu du. "Hasiera-hasieratik zerbait pertsonala den proiektu baten moduan hartu dut, eta benetan ateratzen zaidana egitea da nire helburua". Lan hori egiteko laguntzaileak izan ditu Osak: Xabier Mujika izan da jantziak egin eta eszenografia muntatzeaz gain zuzendari laguntzaile izan duena; argazkiekin Marilo Miguez izan du lagun; eta bideoak osatzen, berriz, Rakel Rodriguez. "Denen iritzia da garrantzitsua".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide