Zumaian aparkalekuen araudi berriaz bilera egin zuten atzo (Izaskun Urbieta).
Datorren udan Zumaian martxan jarriko duten aparkamenduen sistema berriak interesa piztu du herritarrengan. Atzo gaiaz egindako bilera irekian ikusi zen hori. Oier Korta alkateak eta udaletxeko arkitektoa den Gorka Arregik azaldu zituzten eredu berriaren nondik norakoak. Beharrezko azalpenak eman ondoren, herritarrek beraien iritziak eta zalantzak galdetzeko txanda izan zuten.
Haserre handiena herrigunetik kanpo bizi diren herritarrek azaldu zuten. Beraien iritziz, ez dute herrigunean bizi diren biztanleen eskubide berdina, eta herriguneko bizilagunekin konparatuta, bigarren maila batean gelditzen direla aipatu zuten. "Herrigunean bizi direnak poligonora aparkatzera etorri daitezke, libre dute, eta, guk, aldiz, ezin dugu herrigunera joan", aipatu zuten Aita Mari, Alai eta Basadiko bizilagun batzuek. "Herrigunera etorri zaitezkete, jakina. Txomin Agirre kaian 90 minutuz doan aparkatzeko eskubidea izango duzue, eta Julio Beobiden ere aparkatzeko aukera izango duzue sei orduz, hor ere doan", erantzun zien alkateak.
Horrez gain, poligonoko biztanleak babesteko plan bat martxan jarriko dutela aipatu zuen alkateak. Plan horri esker, bertako herritarrek txartel bat izango dute, eta horrekin poligonora sartzeko lehentasuna izango dute. "Poligonoko hiru sarrera nagusienetan pertsonak egongo dira sarrerak eta irteerak kontrolatzeko, eta, horrela auzo horretako bizilagunak babestuak izango dira", azaldu zuen alkateak.
Poligonoko bizilagunak ez ziren oso gustura agertu erabaki horrekin, ordea. "Bigarren mailako hiritarrak bezala sentitzen gara. Ongi iruditzen zaigu herrigunea erregulatzea, baina guk ere eskubide berdinak izan nahi ditugu, eta poligonoa ere herrigunea bezala erregulatzea eskatzen dugu", esan zuten bileran. "Bestela arazoa guregana zabalduko da, eta hori ez dugu horrela izatea nahi", jarraitu zuten beren kezka azalduz.
Jadarre eta Estazio auzoetako bizilagunek ere kezka azaldu zuten. Herrigunean ordainpeko sistema jartzeak beraien auzoak autoz gainezka jarriko dituztela uste dute. "Estazioko etxebizitzen inguruetan auto pila bat izaten dira egun normaletan ere. Zer gertatuko ote da udan?", galdetu zuen Estazio auzoko bizilagun batek.
Artadiko bizilagun bat ere kexu agertu zen: "Iazko udan, Artadiko bidean, autoak errepidearen bi aldeetan aparkatzen zituzten. Zer gertatzen zen orduan? Pasabidea ez zela behar bezalakoa, lekurik ez zen egoten bi auto pasatzeko, eta ez aurrera eta ez atzera gelditzen ginen". Isunak ez direla nahikoa esanez jarraitu zuen Artadikoak, izan ere, kanpokoek nahiago omen dute isuna ordaindu eta autoa gaizki utzi. "Isunak ez dira oso altuak, orduan berdin zaie jartzen badie ere. Nik uste garabi baten beharra dagoela", esan zuen.
Alde Zaharrean bizi direnen kasua berezia dela aipatu zuten atzoko batzarrean. Aparkaleku gutxi daude bertan, eta, arkitektoak aipatu zuenez, irtenbidea ez da batere erraza: "Alde Zaharra ez dago aparkalekuetarako prestatuta". Alde Zaharreko bizilagun batek zamalanetarako lekurik ere ez dutela aipatu zuen bileran: "Badakigu ez dugula aparkatzeko ia lekurik, baina zamalanetarako aukera ere urria da; gainera, zutabeak ditugu. Zer eskubide dugu?".
Kantauri plazan bizi direnak ere zalantza argia azaldu zuten bileran. Ez dira kokatzen ez herrigunean, ez poligonoan ere. "Kantaurin bizi garenok, askotan poligonora jo behar izaten dugu aparkatzera. Orain zer gertatuko da gurekin?". Poligonoko bizilagunek izango duten txartel berezia izango dutela bermatu zion alkateak.
Ardantzabidekoen kexua
Amaitzeko, Ardantzabideko biztanleen kexua nabarmendu zen. Auzo horretakoak dira aparkalekuen ordenantza berria martxan duten bakarrak. Dagoeneko egoiliarren txartela dute, eta gestio hori egiteagatik ordaindu egin dute. Aldiz, gainerako herritarrek txartela doan ateratzeko aukera izango dute. "Zer gertatzen da gurekin? Guk dagoeneko ordaindu dugu? Dirua bueltatuko diguzue?", galdetu zuen Ardantzabideko batek. Alkateak ezezkoa eman zion, erabaki hori ordenantza berria onartu baino lehen hartutakoa delako.
Maiatzaren erdialdetik aurrera, kasu propioak eta banan-banan bizilagunek dituzten zalantzak argitzeko herritarrentzako zerbitzua jarriko du Zumaiako Udalak.