Murillo eta Morak hilaren 25ean jokatuko dute finala. (Baleike)
Gorka Murillok eta Oier Morak osatzen duten bikoteak esperientzia eta freskotasuna lotzen ditu. Elkarrizketa hasi orduko bistakoa da hori, eta, gainera, Morak berak ere aitortu egin du: "Ni ez naiz batere ona musean, hemen Gorka da aditua eta jokatzen esperientzia gehiago duena".
Gogoan dute lehenengo aldiz mus txapelketa batean parte hartu zuten eguna. Narrondoko festak ziren, eta izugarri gaizki jokatu zuten. «Kaleratuak izan ginen segituan, baina ordutik banuen berriro Gorkarekin jokatzeko gogoa. Feeling moduko bat dugu, berak ongi ezagutzen nau eta badaki, nik ezer esan gabe, zer karta ditudan eskuan. Normalean, behintzat, asmatzen dizkit», aipatu du Morak.
Murillo karta jokoen zalea da, betidanik, txikitatik. Familiatik datorkion zerbait da. Zumaian, hilean behin mus txapelketa antolatzen dute pare bat tabernetan, eta beti joaten da kuadrillako Igor Aldabaldetrekurekin. Hain zuzen, urtarrilean jokatu zen txapelketan irabazi zuen Gipuzkoako finalerako txartela. "Hilero bezala Igor eta ni mus saiora joan ginen. Esan ziguten, betiko txapelketaz gain, Gipuzkoako finalerako txartela eskuratzeko aukera zegoela. Normalean baino bikote gehiagok hartu genuen parte egun hartan. Zumaiatik, lau bikotek lortu genuen Gipuzkoako finalerako txartela", kontatu du Murillok.
Gipuzkoakoa, Ibarran
Euskal Herriko Mus Txapelketako finalaren aurretik, herrialde bakoitzeko finalak jokatu ziren otsailean. Gipuzkoako kasuan, Ibarran izan zen. «Gorka bikotekide gabe gelditu zen, izan ere, egun horretan Igorrek ezin zuen parte hartu. Orduan, ni eskaini nintzen», dio Morak. Murillori ongi iruditu zitzaion eta biak joan ziren Ibarrara, Zumaiako beste bikoteekin batera.
Gipuzkoako finala 148 bikotek jokatu zuten. Lehenengo partida Altzoko bikote gazte baten kontra jokatu zuten, 35. mahaian. "Oso urduri zeuden aurkariak, batez ere bat", gogoratu du Morak. "Segituan igartzen zitzaion karta onak zituela, eta gezurrak esaten ere ez ziren oso onak. Nahiko erraz irabazi genien".
Hurrengo partida Trintxerpeko bikote helduago baten aurka egokitu zitzaien. "Bagenekien partida hura irabazita Euskal Herriko finalerako txartela lortuko genuela, beraz, oso motibaturik jardun genuen haien aurka". Baina uste baino zailtasun gehiago izan zituzten irabazteko. "Joko azkarrarekin hasi ziren, eta segituan ustel bat egin ziguten. Bigarrengoa ere irabazi egin ziguten, ondorioz 2-0 gindoazen. Txapelketa honetan 30 puntu eta 3 usteletara jokatzen da, beraz partidari buelta ematea besterik ez zitzaigun gelditzen. Hurrengo jokoa irabazi egin genuen, eta 2-1ekoan jarri ginen. Une horretan, beste bikoteko batek berarekin soldadutza egin zuen gizon bat ikusi zuen. Kasu egitera joan zen. Orduan, guk momentu hori komunera joan eta zerbait edateko aprobetxatu genuen. Lasaitu eta animoak eman genizkion elkarri. Eseri ginen, jokatzen hasi eta buelta eman genion partidari. Karta hobeagoak etorri zitzaizkigun, gezurrak esaten-eta asmatu genuen… Oso gustura jarri ginen txartela lortu genuelako»", azaldu du Murillok.
Finalerako txartela lortuta, Gipuzkoako txapelduna izateko lehia hasi zen. Beraz, hirugarren partida bat jokatu zuten. "Kasualitatea da, baina, hirugarren bikote hartako gizon bat, aurreko aurkariarekin soldadutza egin zuen gizon hori zen", gogoratu du irribarretsu Morak. Partida hori galdu egin zuten, ondorioz, kaleratuak izan ziren. Baina Gipuzkoatik Euskal Herriko finalerako sailkatu ziren 32 bikoteen artean sartu ziren.
Finalera, gozatzera
Martxoaren 25ean jokatuko da Euskal Herriko Mus Txapelketako final handia Anoetan. Guztira, zazpi probintzietako 128 bikote ariko dira. Ez dakite zehatz nola izango den finala, baina partida bakoitzean bikote bat kanporatzen joango dela uste dute. 09:00etan hasiko da eta Morari gaueko txandan lana egitea egokitzen zaionez, ia lanetik zuzenean joan beharko du musera. "Ibarrara joan ginenean, Gorkari egokitu zitzaion gauez lana egitea; orduan, ordea, arratsaldean hasten zen txapelketa eta beraz goizean lo egin zuen. Ederra daukat nik orain", dio barrez.
Zumaiako museko bikotearen helburua gutxienez eguerdi arte irautea da. "Behin haraino joanda, lehenengo partidan kalera joatea ez dugu nahi. Eta, beno, sarietan sartzen bagara, askoz hobeto!", dio Murillok. Asmoa gozatzea dute. "Karta jokoetan azkenean zortea ere behar izaten da, eta beraz, gozatzera irten eta ongi pasatzeko helburuarekin joango gara museko final handira. Batez ere, bertan sortzen den giroa nabarmenduko nuke: oso sanoa da, jendea jatorra, umore puntuarekin… Jendea ezagutzeko aukera ona da, eta baita ere denbora pasa bezala", azpimarratu du Morak.
Euskal Herriko Mus Txapelketa
Finala
Martxoak 25, Anoeta. Urola Kostatik lau bikote sailkatu dira finalera:
- Iñaki Alberdi eta Jose Valor (Zestoa). Gipuzkoako txapelketako finalean 6. postua lortu zuten.
- Ander Kerejeta eta Unai Urbizu (Getaria). Gipuzkoako txapelketako finalean 8. postuan gelditu ziren.
- Xabier Soroa eta Xabier Murua (Orio).
- Gorka Murillo eta Oier Mora (Zumaia).