Herrian gertatutako lapurreten inguruan hedabide batek argitaratutako informazioa argitu du Zumaiako Udalak

Baleike.Eus 2017ko martxoaren 9a

Udalak azaldu duenez, gaur hedabide batean eman diren datuak "ez dira guztiz zuzenak". Izan ere, urtea hasi denetik herrian gertatutako lapurreta kopurua "ez dator bat, inondik inora, gaur zabaldutakoarekin".

Gaur goizean Zumaiako lapurreten inguruan hedabide batean zabaldu den informazioaren harira, eta horrek herrian eta herritarren artean sor ditzaken kezka eta urduritasuna aintzat hartuta, Zumaiako Udalak argi utzi du emandako datuak "ez direla guztiz zuzenak".
Batetik, urtea hasi denetik herrian gertatutako lapurretak ugaritu egin direla ziurtatu du udala. Baina azaldu duenez, kopuru hori "ez dator bat, inondik inora, gaur zabaldutakoarekin". Urtarriletik gaur arte erregistratu diren datuen arabera, guztira 8 lapurreta gertatu dira, zabaldu den kopuruaren erdia, alegia. Bestetik, lapurretak Aita Marin, Basadin, Patxita Etxezarretan eta Juan Belmonten gertatu direla adierazi du, eta ez Ardantzabiden, hedabidean esan den bezala. Dena den, udalak datuak "ukaezinak" direla eta "gertatutakoari garrantzirik kentzen" ez diola azaldu du. Horregatik, lapurreta horien guztien aurrean beharrezkoak diren neurriak hartu dituela azpimarratu du. Dagoeneko ertzainen esku dago kasuen azterketa eta bien bitartean, udalak "lasaitasun mezua" helarazi die herritarrei gaiaren aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide