Galiziarrak, Leire Barriuso eta Zumaia, Mutriku eta Debako alkateekin Algorri Interpretazio zentroan. (Izaskun Urbieta)
Galiziako Ortegal eskualdeko ordezkariak Euskal Geoparkea ezagutzen izan dira aste honetan. Azaroan haien eskualdean antolatutako jardunaldi baten ondorioa izan da bisita; izan ere, Leire Barriuso Geoparkeko arduraduna han izan zen eta Zumaiara gonbidatu zituen, "Geoparkearen funtzionamendua eta kudeaketa eredua gertutik ezagutzeko".
Ortegal Coruñako eskualde bat da, eta hango zortzi udal (Cariño, Cedeira, Cerdido, Moeche, Ortigueira, San Sadurniño eta Valdoviño) Xeoparque do Cabo Ortegal geoparkea bultzatzeko lanean ari dira. Eskualdeko bederatzi lagun izan dira Zumaian, batik bat Geoparkearen kudeaketa eredua ezagutzeko. "Ez dakite nola antolatu, eta hori da beraien arazo nagusiena. Geoparkeak, bere gestiorako, pertsona juridiko propioa izatea eskatzen du. Gure kasuan, Geogarapen elkartea dugu, baina aldundiak, mankomunitateak edo beste elkarte batzuek kudeatzen dituzten geoparkeak ere badaude", adierazi du Barriusok. "Gure lana izan da gure eredua azaltzea".
Kudeaketa eredua erakusteaz gain, Euskal Geoparkeak dituen baliabideak eta funtzionatzeko era azaldu dizkiete: nola hasi ziren geoparkea sortzeko lanean, zazpi urte hauetan zer ahalegin egin dituzten, plan estrategikoaren ardatzak…