Artista baten atzera begirakoa

Baleike.Eus 2017ko martxoaren 7a

Erakusketa jartzeak ezustean harrapatu du, baina hori prestatzeak orain arte sortutako lanen atzera begirakoa egitea ekarri dio. Horregatik jarri dio ‘Retr@spektiba’ izena erakusketari.

Nagore Etxabe autoerretratu baten aurrean. (Izaskun Urbieta) Joan den ostiraletik eta martxoaren 19ra bitartean, Nagore Etxabe artistaren Retr@spektiba izeneko erakusketa egongo da zabalik Alondegiko Oxford aretoan. Oxford aretoko erakusketa horretan Etxabek bere ibilbide profesionalean egindako hainbat lan ikus daitezke. Zehazki, Arte Ederrak ikasten hasi zenetik, 2008-2009 urteen ingurutik, gaur egunera arteko lanak. "Nik zer eskaini dezakedan? Orain arte egindakoa. Egia esan, ez dut ezer berririk egin erakusketa honetarako. Ea zerbait jarriko nuen proposatu zidaten eta etxean nituen lanetatik aukeraketa bat egin dut. Baina ona izan da inprobisazio eta tentsio puntu hori", aipatu du Etxabek. Retr@spektiba izena jarri dio erakusketari bi arrazoi tarteko: alde batetik, atzera begirakoa delako; eta, bestalde, lanen artean erretratu asko aurkitu dituelako. "Hitz joko bat egin nahi nuen, eta horregatik jarri diot @ ikurra". Bilduma anitza "Gustatu zait atzera begirakoa egitea. Ohartu naiz hainbat lanetan patroi antzekoak erabili ditudala. Koloreen kasuan, esaterako, gorriak, beltzak... askotan errepikatu ditut, eta, ez dakit, agian, nire izaera identifikatzen dute. Beste lan batzuetan, berriz, kolore pila bat agertzen dira, Brasilen igaro nuen denboraldiaren isla bezala", adierazi du artistak. Bilduma anitza eta formatu ezberdinen bidez osatutakoa da. Hala nola, argazkiak, marrazki klasikoak eta ez hain klasikoak, grabatuak, litografiak, ikus-entzunezkoak (performanceak eta hibidroak), animazio abstraktuak, disko eta biniloetako azalak... "Ez dauka gaitegi finkorik, orduan erakusketa pixka bat ezberdina eta anitza iruditu daiteke. Gaur egun iruditzen zait asko garela multiak. Hori dela eta, aniztasuna edo multidiziplina hori ikus daiteke erakusketan", nabarmendu du. Egun, batez ere, musika munduan murgilduta dabil Etxabe, bateria jotzailea da. Baina ikus-entzunezkoak egitea gustukoa du. Hain zuzen, animazio abstraktua lantzea atsegin du, eta bi urtetik behin nazioarte mailan egiten den Punto y Raya jaialdian parte hartzen saiatzen da. Iaz, Alemanian izan zen, eta bere film labur bat sail ofizialerako sailkatu zen. "Artea zerbait zintzoa da, eta horrela lan egiten baduzu igarri egiten da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide