Errezilgo Aiazi eta Azkoitiko Urrats taldeko kideak.
Otsaila bukatzearekin batera, maiatzaren 7ko herri galdeketa sustatzen ari diren taldeek sinadura bilketak amaitu dituzte. Egun horretan burujabetzaz galdetuko dute Urola Kostako zortzi herritan; Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar? galdera erantzungo dute. Erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko herriz herri sustapen taldeak sortu dituzte: Aizarnazabalen Haizatu; Azkoitian Urrats; Errezilen Aiazi; Getarian Brankan; Orion Baliza; Zarautzen Zarahitz; Zestoan Hitziturri eta Zumaian Ontziratu.
Talde horiek azken asteetan galdeketa egin ahal izateko 16 urtetik gorako biztanleen sinadurak biltzen jardun dute herriz herri, eta talde batek edo bestek bildutako sinadura kopuruak ere jakinarazi ditu. Esaterako, Zestoan, asteburuko sinadura bilketaren aurretik, 432 biztanleren babesa jasota zutela adierazi zuten Hitziturriko kideek.
Azkoitiko Urratsek ere aise gainditu du jarritako helburua: 1.900 sinadura bildu ditu. Getariako Brankan ere gustura da lortutako emaitzarekin: 600 sinaduratik gora jaso ditu.
Errezilen, %35
Errezilgo Aiazi taldekoak ere pozik daude lortutako emaitzarekin. Otsaila bukatzerako Errezilgo biztanleriaren %15en sinadurak bildu behar zituzten, eta erraz gainditu dute kopuru hori. Izan ere, %35en sinadurak lortu dituzte. Horrez gain, hurrengo bilera eguna noiz izango den ere zehaztu dute: gaur egingo dute, 19:00etan, Borondegin. Gainera, herri galdeketarako giroa sortzeko, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte: besteak beste, txotxa egingo dute martxoaren 18an.
Bestalde, Gure Esku Dagok eskualdeko ekitaldi bateratua egingo du larunbatean, Azkoitian. Sinadura bilketen amaiera ospatzea da antolatzaileen asmoa, eta festa giroan herritarrei eskerrak emango dizkiete galdeketari babesa adierazteagatik.
Egitaraua
Gaur, Martxoak 1
Errezil. Aiazi taldearen bilera, 19:00etan, Borondegin.
Martxoak 4, larunbata
Azkoitian, sinadura bilketaren amaiera ekitaldi bateratua.
- 11:30. Eskualdeko ordezkarien bilkura, Liburutegiko plazan.
- 11:45. Sinadura bilketaren emaitzak jakinarazteko agerraldia, Elkargunean.
- 12:15. Herritarrei eskerrak emateko festa, herriko plazan: bertsolariak, trikitilariak, euskal dantzak, haurrentzako gunea, pintxoak...
Martxoak 10, ostirala
Azkoitia. Katalunia eta Euskal Herria, erabakiaren bidean hitzaldia, 19:00etan, Elkargunean. Hizlariak: David Fernandez (CUP) eta Angel Oiarbide (Gure Esku Dago). Irene Elorza kazeta