Ardantzabideko bizilagunak haserre daude jasotako isunengatik

Baleike.Eus 2017ko otsailaren 28a

Atzotik martxan da auzoko aparkamendua arautzeko sistema berria. Egoiliarren eremuan txartelik gabe aparkatuta zeudenei isunak jarri dizkiete udaltzainek.

Atzo isuna jaso zuten Ardantzabideko ibilgailuetako bat. (Baleike) Atzo goizean jarri zen martxan Ardantzabideko aparkamendua arautzeko sistema berria. Hasiera, ordea, zalapartatsua izan da: lehen orduetatik isunak jarri zizkieten egoiliarren eremuan txartelik gabe aparkatuta zeuden autoei. Horrek haserrea piztu du bizilagunen artean. Auzo horretan BM supermerkatu bat zabalduko dute etorkizun hurbilean. Hori dela eta, auzoko aparkamenduak arautzeko plan bat onartu zuen Zumaiako Udalak iazko azaroan. Horren arabera, aparkalekuen % 75 egoiliarrentzako izango dira, eta gainerakoak aparkaleku libre gisa eskainiko dira. Araudi berriaren lehen pausoek ez dute esperotako emaitza eman. Goizeko lehen orduetatik ibili ziren udaltzainak egoiliarren eremuan txartelik gabe aparkatutako autoei isunak jartzen. Auzotarren WhatsAppeko taldeak sutan izan ziren erabaki horrengatik. Bizilagun horietako batzuk Udaltzaingora joan ziren errekurtsoak jartzera eta isunak baliogabetzeko eskatzera. Udaltzainek beraien lana egin dutela azaldu dute, "aginduak betetzen". "Egunean zehar hainbat aldiz pasatzeko agindua daukagu, eta egoiliarren eremuan bertako txartelik gabe aparkatuta dauden ibilgailuei isuna jartzea da gure lana", gaineratu zuten udaltzainek. Ez zen hori bizilagunek espero zuten erantzuna. "Nola ulertzen da goizeko zortzietan egoiliarren eremuan aparkatuta dauden hogei kotxeri multa jartzea, eta, aldiz, beste aldean, marra horian daudenei ez jartzea?", zioen atzo Ardantzabideko bizilagun batek; ez zuen izen-abizenik ematerik nahi. Haren esanetan, udaltzainek orain arte utzi dute marra horiko eremuan aparkatzen. "Udala legez kanpokoa den toki batean aparkatzera gonbidatzen ari da, hau da, marra horia dagoen tokian. Eta hori ezin du egin". Auzoaren egoeragatik kexu zen bizilaguna. "Kontua da auzoa oraindik bukatu gabe dagoela. Ez ditugu ez paperontzirik, ez aulkirik; zaborra botatzeko aukera ere ez da batere egokia, hilabeteetan txakur kaka pila bat eduki dugu... Egia esanda, nahiko utzita egon da auzoa. Eta, orain, oraindik guztiz bukatu gabe dagoenean, erregulazio maila gorenena iritsi gara, hau da, egoiliarrentzako aparkalekuak jarri dizkigute", aipatu du. Ardantzabideko etxeetako atarietan udal bandoak ezarri dira baina, hala ere, ezjakintasun handia egon da. "Udalaren abisu horiek udalak berak jarritako paneletatik kanpo daude, eta, gainera, paper horiek ez dute komunikazio bidea ziurtatzen. Benetan bizilagunei zerbait komunikatu nahi bazaie beste bide batzuk hartu behar dira, gutun pertsonalak, adibidez", zioen bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunek eta herritarrek salatu dute  ez zekitela aparkaleku sistema atzo ezarriko zenik. "Bagenekien aparkamenduak arautzeko neurri hau udara begira prestatutakoa zela, baina, pentsatzen genuen ekaina aldera jarriko zutela martxan, ez orain", kexatu zaie herritar bat udaltzainei. Txartela lortzeko aukera Oraindik egoiliarren txartela eskuratu ez duten Ardantzabideko auzokideek udaletxean eskatu ahal izango dute. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da ibilgailua aldez aurretik auzoan bertan erroldatuta izatea. "Tramite hori hamabost egun barru egiteko aukera izango da Zumaiako udaletxean bertan", adierazi du Ardantzabideko bizilagun batek. "Lehen ibilgailua norberaren kalean erroldatzeko Trafikora joan behar izaten zen, baina udalak bertan egiteko aukera lortu du. Hori horrela izatea oso ondo dago, baina ordura arte zer egin behar dute txartelik ez duten auzoko bizilagunek?", galdetu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide