Gipuzkoako Aldundiak 2014ko denboraleari dagozkion diru laguntzak ordaintzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Urola Kostako Hitza 2017ko ots. 24a, 16:13

Diru laguntza horietatik 347.575 euro dagozkio Zarauzko Udalari

Egilea: Amaia Ventas 2014ko lehen bi hilabeteetan Gipuzkoan izandako itsas eta haize denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko diru laguntzak ordain ditzala erreklamatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Espainiako Gobernuari. Guztira 2.088.321,5 euroko diru laguntzak agindu zituen Gobernuak 42 konponketa proiektuetarako; horietatik 347.575,19 euro Zarauzko Udalarentzat lirateke, gogorarazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Lasak esan du diru laguntza hauen kudeaketan "atzerapen izugarria" egon dela: "Deialdia 2015eko maiatzean egin zen, denboralea izan eta urte eta hiru hilabetera, eta esleipena urte horretako azaroan egin zuten". Foru Aldundiak bitartekari egin du, diru laguntzetarako Gipuzkoan egindako konponketa lanen ziurtagiri denak aurkeztuz, "baina aurki hiru urte beteko dira denboralea izan zenetik, eta bere garaian Gobernuaren Ordezkariordetzak zalaparta handiz iragarri zituen diru laguntzak oraindik ez dira iritsi", salatu du Lasak. "Diru hori Gipuzkoako herritarrei zor zaie eta ez dugu ulertzen zergatik atzeratzen ari den hainbeste ordainketa", esan du aldundiko bozeramaileak. Kalteei aurre egiteko konponketa lanen berri ere eman du Lasak, eta Espainiako Gobernutik agindutako diru laguntzak lan horien erdia ordaintzeko zirela jakinarazi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Kosta eskualdean honakoak egin zituen: GI-634 errepideko Zarautz eta Getaria bitarteko eustorma egonkortzea eta Azkoitiko luizia konpontzea. Horiez gain, Zarauzko Udalak IƱurritzako oinezkoen pasabidea konpondu behar izan zuen. Lan horien kostua erasandako erakundeek hartu zuten bere gain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide