Gaur hasita inauterietako hainbat ekitaldi izango dira herriz herri

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 24a

Zarauzko Udalak inauteriak indartu nahi ditu, eta bihar txupinazoa botako dute Modelotik .Herri galdeketak sustatzeko jai ekitaldiak antolatu dituzte Zarautzen eta Getarian

Inauteriak Zarautzen.(Hitza) Inauteriak ospatuko dituzte asteburuan eskualdeko hainbat herritan. Azpeitian jai handiak izaten dira inauteriak, eta eskualdeko gainontzeko herrietan ere gero eta indar gehiago hartzen dira.
Zarautzen udalak inauteriak indartu nahi izan ditu, eta egitarau betea antolatu dute astebururako. Besteak beste, aurten txupinazoa botako dute festen hasiera iragartzeko. Bihar eguerdian izango da hori, Modelotik; bertan, Galtzagorrien eta Haize-orratz gaztelekuko hezitzaileek parte hartuko dute.
Horrekin batera, konpartsa aterako da lehenbiziko aldiz Alde Zaharreko kaleak girotzera. Bihar, 17:30ean hasiko dute dantza ibiltaria, Grease filma gai  hartuta. Zarauzko Udalak eta Maria Merino Dantza eskolak elkarlanean antolatu dute Konpartsa eta dantza eskolako bi koreografo arduratu dira dantza prestatzeaz eta entseguak zuzentzeaz.
Horrez gain, mozorro festak, DJ emanaldiak eta beste hainbat ekimen antolatu ditu Zarauzko Udalak astebururako.
Haur, heldu eta gazte kuadrillen mozorro lehiaketak, desfileak eta hamaika ekitaldi egingo dituzte herrietan. Festara murgiltzen aurrenak ikastetxeetako ikasleak izango dira: gaur hainbat mozorro jai egingo dira han eta hemen.
Zarautzen bezala, Azpeitiko inauterietan ere ekitaldiak gehitu ditu udalak egitaraura, eta biharko haurrentzako hainbat ekintza antolatu ditu: txu-txu trena, haur parkea, Go!azen antzerki musikala... Hortik aurrera, Txikiteo Elegante Eguna, inauterietako astelehena eta asteartea izango dira.
Azpeitiko inauterietan sokamuturrak ere tarte handia hartuko du. Horrekin lotuta, Azpeitiko Argazki Elkarteak XXXVIII. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Saria antolatu du.
Aldarrikapenerako tartea Inauterietan ondo pasatzearekin batera aldarrikapenerako tartea ere izango da.
Zarauzko inauterietan erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua sortzeko deia egin du Zarahitz herri ekimenak. Hori horrela, bihar itsasoarekin lotutako mozorroak jantzita kalera irtetera animatu ditu herritarrak. 12:15ean bilduko dira parte-hartzaileak Musika Plazan eta kalejira egingo dute herrian barrena. Ondoren, 13:30ean argazki erraldoia aterako dute denek elkarrekin, maiatzaren 7ko herri galdeketari babesa azalduz. Ildo horretan, Zarahitzek gogoratu du herri galdeketaren aldeko sinadura eman ez duten zarauztarrek horretarako azken aukera izango dutela gaur arratsaldean Azken Portun, eta bihar egun osoan zehar Musika Plazan eta Barren Plazan.
Getariako Gure Esku Dago taldeak eta Getariako Udalak ere, festa eta aldarria uztartu nahi izan dituzte inauteri jaietan, eta bihar, 20:00etatik aurrera, Flashmoba egingo dute herriko frontoian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskuetan abestiarekin. Antolatzaileek getariarrak ekitaldi horretan parte hartzera animatu dituzte, eta, aldez aurretik entseatu nahi dutenek, koreografiaren bideoa YouTube webgunean aurkitu dezaketela jakinarazi dute.
Flashmobak erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria zabaltzea izango du helburu. Arlo hori lantzen ari da Getariako Brankan elkartea ere azken hilabetetan; besteak beste, herri galdeketa egin ahal izateko behar zituzten sinadurak bildu ditu elkarteak. Guztira 628 sinadura bildu dituzte: "Getariako herritarren %26ak eman dio babesa erabakitzeko eskubidearen aldeko herri galdeketari". Emaitzak "oso onak" izan direla uste dute, eta Brankan taldetik eskerrak eman dizkiete beren babesa eman duten herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide