Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan den urtarrilaren 23an aurkeztu zuen Donostiako epaitegian borondatezko hartzekodunen konkurtsoa Lagun Arteak. Enpresa aurrera ateratzeko inbertsore industrialak nahi ditu Lagun Arteak, eta atal baterako negoziazioak nahikoa aurreratuta dauzkate.
Bidea ez da erraza izaten ari Lagun Artearentzat eta bere 150 langileentzat. Lan-jarduera lau hilabetez eteteko txostena aurkeztu zuen iazko azaroan, eta aste honetan jakin da urtarrilaren 23ean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuela epaitegian. Borondatezko erabakia izan da enpresaren partetik, zenbait hartzekodunen balizko eskaeren aurrean diru kontuen enbargoa saihesteko. Erabaki honekin enpresak bere martxa eraman dezake, baina orain kanpoko administratzaile bat daukate enpresan, eta haren oniritzia behar dute edozein diru mugimendu egiteko.
Lan-jarduera eteteko txostenak martxoaren 23ra arteko iraupena du hasiera batean, baina luzatzeko aukera du Zumaiako enpresak. Bitartean, enpresa aurrera ateratzeko bideragarritasun planarekin jarraitzen dute. Lagun Arteak hainbat lan ildo dauzka eta horietako bakoitzarentzat ari dira inbertsore bila. Sektoreko inbertsoreak nahi dituzte, eta dagoeneko ataletako batean negoziaketak nahikoa aurreratuta dauzkate.