Ikastetxeetako haurrak udal ordezkariekin proposamenez hitz egiten. (Izaskun urbieta)
Eskola Agenda 21 2005-2006 ikasturtean jarri zuten martxan Zumaiako ikastetxeetan. Garapen iraunkorra bultzatzeko helburua duen heziketa programa da, eta arlo ezberdinetan eragiten du; ikastetxeetan zein ikastetxeetatik kanpo.
Ikasturte bakoitzean gai desberdin bat hartzen dute lantzeko ikasleek. Ikasturte honetarako Ekitatea eta klima aldaketa da aukeratu duten gaia, eta joan den urtarriletik martxora bitartean ari dira gai hori lantzeko saioekin. "Momentu honetan herriko diagnostikoa garatzen ari dira, eta ondorioak martxoaren amaieran jasoko ditugu. Apirilean, berriz, bilera bat egingo dugu lehentasunak finkatzeko eta alkateari luzatu beharreko proposamenak aukeratzeko. Ondoren, maiatzean proposamenak aurkeztuko dira udalean, ezohiko udalbatzar batean", azaldu du Nerea Ibañez Agenda 21 programaren dinamizatzaileak.
Programa honek Unescoren onarpena du, eta bere asmoa, ingurumen gaiak baino garapen iraunkorrarekin lotuta dauden gaiak aztertzea da. "Izan ere, garapen iraunkorrak ingurumena, gizartea eta ekonomia uztartzen ditu", adierazi du Ibañezek. Honen bidez, helburua garapen iraunkorraren aldeko jarrerak sustatzea da. Ibañezek jakitera eman duenez, ikasleek herria beste ikuspuntu batetik aztertzen dute.
Iazkoaren jarraipena
Momentu honetan ikasturte honetako gaia lantzen ari badira ere, aurrekoan egindako proposamenen jarraipena ere egiten ari dira. Aurreko ikasturtean Ekitatea gaia landu zuten, gizarte mailan dauden desoreken gainean hausnartuz eta biztanle guztiek aukera berdinak eduki ahal izateko eskaini behar zaizkien baliabideak aztertuz. Guztira, zortzi proposamen aurkeztu zituzten, eta ikasleak horien exekuzio egoera zein den aztertzeko udal ordezkariekin bildu dira. Proposamenen artean daude: haurrentzako parke egokituak jartzea, Oikiara doan garraio publiko sistema hobetzea eta euskara erakusteko klaseak antolatzea dira, besteak beste.
Proposamenak, bidean
Ildo horretatik, alkateak ezinduentzat eta adinduentzako parkeak bideratzen ari direla jakinarazi die ikasleei. Gainera, Mariantoneko parkea estaliko dutela aurreratu die. Aldiz, garraio publikoaren eskumena aldundiak du, baina arazo horri irtenbidea bilatzeko erakunde horrekin lanean ari direla ere esan du. Euskara ikasteko klaseei dagokionez, Euskara Sailak kanpaina bat martxan jartzeko asmoa duela adierazi die alkateak ikasleei. "Euskararen ezaguera %80a dela ikusi dugu. Beraz, euskara klaseak eskaintzea beharrezkoa da. Nahiz eta jakin nahikoa ez direla gure hizkuntza ikasteko, oinarrizko ezagutza lortzeko beharrezkoak dira".
Eskola Agenda 21eko arduradunentzat programaren barruan dituzten gaiak lantzea garrantzizkoa da. "Ikusten dugu ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa areagotuz doala belaunaldi batetik bestera. Gazteek ideia bikainak dituzte. Beraz, gure helburua proposamenak entzuteaz gain, gai bat edo beste kontuan hartu eta ikasleekin elkarlanean aurrera eramatea da".