Belaunaldi berrien erreleboaren garrantziaz jabetuta ospatu du 30. urteurrena Urkomek

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 21a

Gaur egin dute Urkomeren urteurren ekitaldia Sanagustin kulturgunean. Han izan dira, besteak beste, Urola Kostako udaletako ordezkariak nahiz aldundiko eta jaurlaritzako kideak. Horiez gain, hainbat nekazari eta baserritar ere bertaratu dira ekitaldira.

Urkomeren ekitaldiaren bukaeran argazkia atera dute bertaratutako guztiek. (Julene Frantzesena) 1987ko otsailaren 16koa da Urkomeren eraketa akta, eta horrek esan nahi du Urola Kostako Landa Garapen Elkarteak 30 urte bete berri dituela. Gaur egin dute Urkomeren urteurren ekitaldia Sanagustin kulturgunean, eta han izan dira, besteak beste, Ana Mari Eizagirre Urkomeko lehendakaria, Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria, Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria eta eskualdeko herrietako zenbait alkate eta zinegotzi. Haiez gain, elkartearekin harremana duten hainbat nekazari eta baserritar izan dira ekitaldian. Urkomek hastapenetatik konpromiso zuzena du landa garapenarekin. Horren erakusle da elkarteak martxan duen 2015-2020 Landa Garapen Programa. Lau arlo estrategikoren gainean ari dira lanean gaur egun: nekazaritza jarduera, landa eremuko jarduera ekonomikoak, landa eremuko azpiegituren eta zebitzuen bermea eta landa eremuko balioaniztasuna ikusgarritasuna. Xabier Euzkitzek gidatu du ekitaldia, eta Urkomeren ibilbideko hainbat zertzelada azaldu ditu aurrena. Ondoren, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza. Etxeberriak esan du azpeitiarrek "oso beren" egiten dutela Urkome. "Azpeitian du egoitza, eta herriko zein bailarako egitasmo guztietan parte hartzen du". Azpeitiko alkateak dio nekazaritza "sektore ekonomiko oso garrantzitsua" dela. "Aberastasun sortzaile benetan garrantzitsua da, eta mimatu egin behar dugu". Haren aburuz, "erronken garaia" da: "Urkomek eta udalok erronka berriei heldu behar diegu. Garrantzitsua da denok batera profesionaltasuna indartzea, formazioa eskaintzea nahiz baserria proiektu integral gisa ikustea, bizitzeko aktibitatea delako. Eta, batez ere, baserriak eta landa eremuak betetzen duten funtzio soziala hartu behar dugu kontuan. Horregatik, baserriak eta landa eremuak zaintzea eta laguntzea ere badagokigu". Etxeberriak nazio identitatearekin ere lotu ditu baserriak eta landa eremua: "Horietan gure izaera dago, gure euskalduntasuna". Haren ostean Ana Mari Eizagirre Urkomeko lehendakariak hitz egin du, eta eskerrak eman dizkie Urkomeren sortzaileei "eskualdeari eta baserriei bultzada emateko beharra sentitu" zutelako. Urkomeren erronka "baserriek bizirik irautea" dela azaldu du. "Nahiko zaila ari da izaten gure ondorengo belaunaldiek ez dutelako baserria horrela bizi, eta Urkomek bultzatzen duena da errelebo generazionala". Eizagirrek dioenez, "bizi daiteke" baserritik: "Gure gurasoak hala bizi ziren, eta gu ere hala bizi izan gara. Baina hori sinestaraztea eta gazteak baserriko egunerokotasunera eramatea oso zaila da. Horrez gain, lanpostu berriak sortzearen garrantzia azpimarratu du, baina, haren ustez, sortzea baino garrantzitsuagoa da "dauden horiei eustea". Instituzioei eskerrak eman dizkie Eizagirrek, baina esan du haiek ohartarazi behar direla "egungo egoera benetan ikus dezaten eta benetako soluzioak eman ditzaten". Xabier Arruti aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak Urkomerekin sorreratik duela harremana azaldu du. Izan ere, beizamarrak ikasle garaian, lan munduan nahiz aldundian izan du lotura elkartearekin. Arrutik "eskerrak" eman dizkio Urkomeri egindako lanagatik. Gainera, aldundiko ordezkari bezala, hiru gomendio egin dizkio Urkomeri: "Urkomek bere txikitasunaren handitasunaz harro egon behar du. Landa garapen elkarteek eta Urkomek izan dute gaitasuna egitura txikia izan eta egoera berrietara egokitzeko. Edozein erakunde edo elkarteren joera da handitzea, baina horrek zurrundu egiten ditu ekintzak askotan. Bestalde, landa garapen elkarteak ez direla erakunde finantziario bat azpimarratuko nuke; hau da, ez dira jaurlaritzatik edo aldunditik jasotzen duten diruaren banatzaile soilak, proiektuak dinamizatu eta landa inguruneko egitasmoak bultzatzen dituzte. Eta, beharbada, hori da landa garapen elkarte bati aitortu behar zaion baliorik handienetakoa. Horrez gain, uste dut garrantzitsua dela gaur egun dauden elkarte guztien arteko elkarlana, sinergiak sortzeko eta emaitza hobeak lortzeko". Irma Basterra Eusko Jaurlaritzaren Landa Garapeneko zuzendaria ere ekitaldian izan da, eta hark eskerrak eman dizkio Urkomeri 30 urtez egindako lanagatik. "Ez dugu esajeratzen elkarteak eskualdea eraldatu zuela esatean. Guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskal Herriari aurrera egiten laguntzen dion enpresa kolektibo honen partaide izateagatik", esan du Basterrak. [flickr_set id="72157677114635463"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide