Ana Mari Eizagirre. (Izaskun Urbieta)
Ana Mari Eizagirre Zumaiako Santa Klara nekazaletxeko jabea da eta Urkomeko lehendakaria. Urola Kostako landa eremuaren garapenaren aldeko lanean ari den Urkome elkarteak 30 urte bete ditu, eta gaur ekitaldia egingo dute, 12:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Urkome elkartea Urola Kostako 11 udalek eta nekazaritzako hainbat elkartek osatzen dute. Gaur egun zuzendaritza batzordean honakoak daude: Biolur eta Hitzez elkarteak, EHNE eta ENBA sindikatuak, Lurgintza eta Urkaiko kooperatibak eta Aiako, Azkoitiko, Azpeitiko, Orioko eta Zarauzko udalak.
Urola Kostako landa eremuaren garapenaren alde egiten duen Urkome elkarteak 30 urte bete ditu. Zein ondorioetara iritsi zarete?
Azken 30-35 urteetan, orokorrean, asko aldatu da nekazaritza mundua. Elkartea sortzearen arrazoietako bat lehen sektorean lan egiten genuenok elkartzeko beharra izan zen. Zertarako elkartu? Salmentetarako, erosketetarako... Horren ondoren, Urkome eskualde mailan hasi zen lanean. Garai haietan hainbat hobekuntzei eman zitzaien lehentasuna: telefonoa izatea, argindarra jartzea baserrietan…
Gaur egun, ordea, beste lehentasun batzuk dituzue.
Azkenaldian, gazteen lehen sektorerako sarbidea ari gara bultzatzen. Gazteak behar dira lehen sektorean lanean, bai baserriari lotuta edo teknologiekin lanean. Adibidez, txakolinari izugarrizko bultzada eman zaio azken urteetan.
Gazte asko ari da landa eremura gerturatzen?
Bai, bai. Gazte pila bat dago lanik gabe, eta, ondorioz, lehen sektorean irtenbide bat aurkitzen dute. Gainera, irtenbide hori ez dute soilik baserriko seme-alabek hartzen. Kaletar asko hutsik dauden baserrietara edo senitarteko baten baserrira joaten ari da, eta proiektu ezberdinak garatzen ari dira.
Landa eremuko ustiapenekin jarraituko duten belaunaldi baten faltarik ikusten al duzu?
Bai, eta, gainera, arlo zehatzetan are gehiago. Adibidez, esnearen produkzioa goitik behera doa, eta oso azkar, gainera. Gaur egun esne produkzioa ez duten herriak daude. Zumaian bertan ekoizpen gutxi dago. Orain dela hamabost egun ekoizpen etxe batek ateak itxi zituen. Bene-benetan aktibitate honetatik bizi direnak Zumaian lau daude: Oikian bi daudela uste dut, eta Zumaian beste bi.
Zein ideia garatu ditu Urkomek?
Urkomeren aurrenekoetako lana Beizama dinamizatzea izan zen. Taberna itxita zegoen, eta eliza ere igandetan bakarrik irekitzen zuten, mezarako. Beizama ia hustera iritsi zen. Orduan, Urkomek hango taberna ireki zuen familia bati emanaz. Haiek lana egitearen truke ez dute errentarik ordaintzen, eta herriari bizia ematen dio. Orain dela 20 urte ere mahatsaren produkzioa ia galtzear zegoen. Baina bultzada eman zitzaion txakolina egiteari, eta begira orain zenbat familia bizi diren hortik.
Nola laguntzen du Urkomek ideia bat garatzen?
Ideia edo proiektua duen pertsonak gure bulegora joan behar du eta bertan zein pauso eman behar diren aholkatuko diote. Gero, bideragarritasun azterketa bat egin behar da. Hau da, non kokatu proiektua, zein bezero mota izango duen aztertu, nola erakarri bezero horiek... Hori dena lantzen da.
Landa eremuan asko hazi da turismoa.
Urkomen sartu nintzenetik protestarik handiena turismoaren alorrean egin dut. Kostaldea bi egunetan betetzen da goi denboraldian, zubietan eta abarretan. Egon daiteke, ordea, Azkoitian edo Bergaran nekazal etxe bat hutsik. Koordinazio falta dago, eta ni ez nago batere ados horrekin. Koordinazio batek egon behar du. Zumaia betetzen denean, gure barnealdeko herriak bete behar ditugu. Nora bidali behar ditugu ba turistak, Burgosera? Iazko udan hasi ginen lanketa egiten, eta aurtengo sasoirako hobekuntzak prestatzen ari gara.
Zein da emakumearen presentzia elkartean eta lehen sektorean?
Elkartean hiru emakume geunden, eta orain bi gaude. Bat hil egin zen. Nire ustez gutxiegi gaude, emakumeok beste ikuspegi bat dugula uste dut, beste sentsibilitate bat. Eta baserriari dagokionez, nire ustez, emakumerik ez dagoen baserri batek urte gutxiko bizia du. Errazagoa da baserria emakume batek eramatea gizonezko batek baino. Gizona bakarrik baldin badago baserrian — gertu baditugu adibideak— derrigor, geroago edo lehenago, emakume batek etorri beharko du beste lan batzuk egitera eta.
Baserrian, bertako lanetik bizi baldin bazara, pertsona bakar batek ezingo du baserri bat aurrera atera; beti esan izan dut eta nire gurasoengatik eta lehenagoko jendearengatik ere ikasi dut hori.
Baserriko lana familia lan bat da. Gizonak etxean lan egiten badu, andrea ere inguruan izango du bueltan. Asteburua iritsiko da, eta senideak etorriko dira eskua botatzera. Ez da pertsona baten lana; gainera, bizitzeko modua ere bada.
Elkartetik zein zailtasunekin topatu zarete?
Diputazioak proiektuak Gipuzkoa mailakoak izatea nahi du. Hau da, probintzia ikuspegikoak. Lehen proiektuak bailaratik irten eta bertan garatzen ziren. Horrela, jarraipen bat egiteko aukera zegoen. Orain, Gipuzkoa mailakoak izan behar dutenez, agian, baserriko alaba edo iloba bati, benetan hortik bizi nahi duenari, eta proiektu on bat duenari, ezingo diogu lagundu.
Gaur egin dute Urkomeren 30. urteurreneko ekitaldia Sanagustin kulturgunean. Irakurri horren inguruko albistea
hemen.