"Mehatxua? Kontu-garbitzea? Hau gazte batzuen baldarkeria izango zen!"

Baleike.Eus 2017ko ots. 15a, 15:29

Alai auzoko Alai Berri denda, Santiago auzoko Redymar eta geltokiko industrigunean aparkatuta zegoen kamioi bat. Hirurak kaltetuak izan ziren astelehenetik asteartera bitarteko gauean, ustez, gomazko balinak botatzen dituen pistola batekin egindako tiroekin. Ertzaintza gaia aztertzen ari da.

(Baleike.eus) Txiletarrarena modura ezagunagoa den Alai Berri dendako atean kristala zeharkatzen zituzten hiru zulo aurkitu dituzte gaur goizean. Perdigoi, balin edo balen bidez egindako zuloen itxura zuten. "Astelehen gauean gertatu zen", dio dendako arduradun Rodrigo Morales txiletarrak. "Kanpoan nintzen, Kantabrian, atseden egun batzuk pasatzen eta dendaren ardura zuen lagunak deitu zidan esanaz zulo hauek agertu zirela atean. Ertzaintzari deitu genion eta esan ziguten, ziur aski, gomazko balinekin egindako tiroak izango zirela", gaineratu du. Gau horretan bertan Zumaiako beste bi lekutan antzerako ekintzak gertatu zirela ere esan omen zioten ertzainek. Ezusteko edo disgustu horrekin nahikoa ez eta hurrengo egunean zurrumurruekin topo egin behar izan duela nabarmendu du. "Hiru hornitzaile etorri dira esanaz jakin dutela zer gertatu den; kontu-garbitze bat izan dela diote, hala zabaldu dela. Aldamenean, nik lehen erabiltzen nuen lokalean, beste denda bat ireki behar dute eta tiroak mehatxu antzerakoak izan direla. Zer mehatxu? Zer kontu-garbitze? Hau gazte batzuen baldarkeria besterik ez zen izango!". Asaldatuta dago Rodrigo zurrumurruekin. "Zazpi urte daramatzat hemen lanean, sei lokal zaharrean eta beste urtebete berrian, eta ez dut inoiz arazorik izan. Ertzainek esan didate burutik egindako norbait izango zela, orain urte pare bat auzoko beste leku batzuetan ere gertatu izan direla antzerakoak eta baita Zarautzen ere". Kirol portuaren aurrean, Santiago auzoan, dagoen Redymarreko lokalak ere antzerako erasoa jasan zuen astelehen gauean. Kasu honetan, blindatutako beira denez, kolpeek ez zuten erabat zeharkatu kristala. "22:30ean jo zuen ateko alarmak. Lokalaren barruan mugimendua badago kamerak martxan jartzen dira. Mugimendurik ez zegoela ikusita, ez genuen besterik egin. Haize bolada indartsu batek eraginda izango zela pentsatu genuen. Baina, asteartean goizean etortzerakoan ateko bi kolpeak ikusi genituen eta ertzainei deitu genien. Ez zuten balen, balinen edo halakoen aztarnarik aurkitu", adierazi du Iñaki Intxaurrondo arduradunak. "Gau hartan bertan geltokian aparkatuta zegoen kamioi bati ere erasoak egin ziotela esan ziguten ertzainek. Hor, behintzat, ikusi genuen ez zela gure aurkako zerbait bakarrik izan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide