Gaur hasiko da ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloa Oxforden

Baleike 2017ko otsailaren 15a

Lau hitzaldiko zikloa da, eta asteazkenetan dira saioak. Kontzientziazio lana egin eta jendea soziolinguistika gaietan janztea dira hitzaldi zikloaren nahiak

Guztira 30-40 pertsona inguru biltzen dira euskararen inguruko hitzaldietan. (Zumaiako Udala) Urtero legez, Zumaiako Udaleko Euskara sailak Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloa antolatu du. Hitzaldiak gaur hasi eta lau asteazkenetan izango dira Alondegiko Oxford aretoan, 18:30ean. "2012. urtean hasi ginen hitzaldi ziklo hauekin. Ikusi genuen arrakasta izan zuela, eta hala, urtero antolatzen hasi ginen", adierazi du Josune Herrarte udaleko euskara teknikariak. Euskarari lotutako hitzaldien arrakasta ez dute joaten den pertsona kopuruarekin alderatzen, baina 30-40 pertsona inguru biltzen dira, eta hizlaria ezaguna den kasuetan 50-60 pertsona ere bai. "Publiko fidela dugu, askotan jende antzekoa etortzen da, eta horrek ondorio batera eraman gaitu: konturatu gara jende hori soziolinguistikan janzten ari dela, eta, era berean, euskararekiko kontzientzia bat hartzen". Aurreko urteetan balorazio ona egin dute zikloen bukaeran: "Badakigu horrelako hitzaldiak inoiz ez direla masiboak izango, eta joaten den jende hori soziolinguistikan janztea lortzen badugu, antolatzen jarraitzeko helburua izaten jarraituko dugu". Gaur hasita, lau hitzaldi Soziolinguistikaren eta euskararen inguruko gaiak lantzea da zikloaren helburua: puri-purian dauden gaiak, aktualitatezkoak eta abar ekartzen dituzte. "Soziolinguistika oso ikuspegi zabaletik jorratzen dugu. Ez dira beti ikerketak, datuak eta horrelako kontuak izaten. Ez da zerbait akademikoa eta soilik adituei zuzendua. Iritziak ekartzen ditugu, esperientziak, aktualitatezko gaiak…", aipatu du euskara teknikariak. Hala, lehenengo hitzaldia, gaurkoa, Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak izeneko ikerketaren emaitza batzuen ingurukoa da. Hizlariak, berriz, Ane Ortega eta Esti Amorrortu izango dira. Bigarren hitzaldia otsailaren 22rako dute antolatuta, eta Maialen Lujanbio izango da gonbidatua orduan. «Kultura euskaraz sortzeak duen garrantziaz hitz egingo du. Maialen bertsolaria izateaz gain idazlea, sortzailea eta gauza asko da. Euskal Herri osoan ibiltzen da, eta beste ikuspegi bat, beste pertzepzio bat, du euskararekiko», adierazi du Herrartek. Zumaiako errealitatea Hitzaldi zikloa beti ere Zumaiarekin lotzen saiatzen dira. Hizlaria bera edo gairen bat herrikoa izatea beharrezkotzat jotzen dute, "herriko ispilua zein den islatzeko". Aurten, era horretako bi hitzaldi izango dira. Lehenengoa martxoaren 1ean izango da, eta Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian? galderari erantzungo dio Idoia Etxeberriak. "Guztira, 36 bat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian. Ildo horretan, hizkuntza guztiak elkartzen dituen ikus-entzunezko bat grabatu dugu. Ez ditugu, ordea, guztiak grabatzea lortu: euskara, gaztelania eta zeinu hizkuntza barne, 31 lortu ditugu", azaldu du Herrartek. Zikloko laugarren eta azken hitzaldia martxoaren 8an izango da, eta hizlaria Belen Uranga soziolinguista zumaiarra izango da. Euskararen erabilera Zumaiako kaleetan izeneko kale neurketaren emaitzen berri emango du. Kale neurketa hau bost urtetik behin egiten den ikerketa bat da, eta azken-aurrekoa 2011n egin zuten. Martxoaren 8ko hitzaldian, ordea, 2016ko udazkenean egindako neurketaren emaitzak azalduko ditu. Aurten bost emakume izango dira hizlari Euskara, bestela ez gara hitzaldi zikloan. "Iaz lau gizonezko etorri ziren, eta desoreka hori konpontzeko konpromisoa hartu genuen. Kartel ona lortu dugu", aipatu du Zumaiako Udaleko euskara teknikariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide