Hibaika eta Hondarribiako ontziak banderak jasota (Aritz Mutiozabal).
78 ontzik hartu dute parte gaur arratsaldean
XXIII. Oriaren Traineru Jaitsiera, hainbat mailetan banatuta. Erlojupeko proba izan da, eta minutu bateko aldearekin atera dira banan-banan ontziak; Llagutak, jubenil mistoak, beteranoak eta emakumezkoak Saikolatik, 4.000 metro osatzeko, eta gizonezkoak, berriz, Mapiletik, 6.000 metro osatzeko.
Gizonezko maila absolutuan, Hondarribia izan da garaile, eta VI. Babyauto Bandera lortu duena, 19:18,40ko denborarekin; ia 15 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu den Oriori, eta 17 segundo pasatxo Urdaibai hirugarren sailkatuari. Eskualdeko gainerako traineruei dagokionez, Orio B 7.a izan da, Getaria 10.a, Zarautz 14.a, Zumaia A 19.a, Orio C 26.a eta Zumaia B 28.a.
Emakumezkoetan, Hibaikak irabazi du III. Babyauto Bandera, 14:17,34ko denborarekin. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, San Juan A eta Orio A; pasaiarrak ia-ia denbora berdinduz, 47 ehuneko eskasera, eta oriotarrak, aldiz, 11 segundora. Zumaiak 9. postuan bukatu du.
Beteranoetan, Zumaia izan da garaile, eta jubenil mistoetan, berriz, Zarautz. Llagut modalitateko ontzien artean, Club Premia de Mar A nagusitu da.
Ohi bezala, arraunzale ugari gerturatu da Oriora arraun hitzordua bertatik bertara jarraitzera. Probaren amaieran, txapeldunei banderak eman aurretik, minutu bateko isilunea egin dute, hainbat trainerutako arraunlariek arraunak altxata, aste honetan zendu den Hibaikako ordezkari Sabin Etxabegurenen oroimenean.
Irudietan: XXIII. Oriaren Traineru Jaitsiera