Carlota Dominguez. (Izaskun Urbieta)
2011n hasitako ikerketa da zuen auzia, baina hurrengo urtean, 2012an, kasua artxibatu egin zuten.
Oso azkar itxi ziguten, bai, 2012ko abuztuaren bukaera irailaren hasieran. Gure ustez ikerketa oso eskasa izan zen. Lehenengo instantziako epaitegiak artxibatu zuen kasua, ia inongo ikerketarik egin eta deklaraziorik hartu gabe. Beraz, orain, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak gure kasua irekitzea garaipen handia da guretzako.
Zer moduz aurkitzen zara albiste hori jaso ondoren?
Asteartean jaso nuen berria, eta egia esanda oraindik ez dugu guztiz asimilatu. Kalean nengoen abokatuak deitu zidanean. Aurrena, Guillermo Peña nire abokatuak pare bat aldiz errepikatzea behar izan nuen, eta ondoren, barruan nuen emozio eta sentimendu guztiak askatzeko libertatea hartu nuen: negarrez hasi nintzen, baina pozik nengoen. Nire gurasoengan pentsatu nuen, eta baita jaio zen haur harengan ere. Gure haurra zen, eta inork ezin izan zuen ez ikusi, ez besarkatu, ez musukatu. Haren azalean sartu nintzen.
Zer moduz hartu zuten berria gurasoek?
Egun Caceresen bizi dira. Negarrez ari nintzen deitu nienean, eta, ondorioz, nire ama oso urduri jarri zen. Esan nion lasai egoteko, negarrez ari nintzela, baina pozik egoteko momentua zela. Aitari pasatu zion telefonoa. Bera lasaiago zegoen eta dena kontatu nion. Aitak asko sufritu du, ume hura lortzeko gehiago ez egitearen errudun sentitzen da. Behin eta berriz esaten diogu errudun ez sentitzeko, ezin zezakeela ezer egin. Gero, ama jarri zen berriro telefonora. Lasaiago zegoen, dena kontatu nion, eta bera ere negarrez hasi zen. Barruan zuen guztia husteko beharra zuen.
Gainerako biktimentzat ere auzitegiaren erabaki hau oso baliagarria izango da, ezta?
Bai, jakina. Haientzako ere berri pozgarria izan da. Ez bakarrik hemengo biktimentzat, Espainia osoko biktimentzat bultzada handia izan da. Zorion deiak jaso ditugu hainbat tokitatik: Madril, Cordoba, Sevilla, Valentzia, Bartzelona... Jendea oso desanimatuta zegoen. Urte askotako lana da, eta aurrerapausoak emateko aukerarik gabe.
Umea jaio zela badakizue. Zer gertatu zen?
Ama asteazken batean joan zen ospitalera, eta haurra larunbat goizean jaio zen. Bakartutako gela batean sartu zuten. Gela txikia eta iluna zen, eta ez zioten bisitarik izaten utzi. Soilik aita sartzen zen eta bost minutuz bakarrik egoten uzten zioten. Zerbait gaizki zihoala-eta aitari umearen eta amaren artean aukeratzeko esan zioten, bietako bat aterako zela bizirik. Egin ditugun ikerketen arabera, ordea, badakigu umea bizirik jaio zela, arnasa hartu zuela, eta begian tanta batzuk bota zizkiotela.
Kontraesanak asko dira?
Bai. Dokumentu batean erditzean hil zela aipatzen da, eta beste batean, berriz, jaio zen arratsalde hartan tenperatura hartu ziotela eta osasuntsu zegoela. Aitari hil egin zela esan zioten, baina ez zioten inoiz haurra erakutsi. Ospitaleko lorategian lurperatu zutela aipatu zioten. Lasai egoteko, guztiaz beraiek arduratuko zirela ere esan zien gurasoei. Aitak egunak pasatu zituen lorategi haren bila…
Beste dokumentu batean, Polloeko hilerrian lurperatu zutela esaten da.
Jaio eta sei egunetara. Jende ezezagunek eraman zuten hara. Dokumentu horretan hilerriko 3. lerroan, 11. lekuan eta bigarren zenbakian ehortzi zutela jartzen du, hilobi komun batean. Gaur egun, hilobi haren arrastorik ez da geratzen. Leku horretan errauste-labea dago.
Hemendik aurrera nolako garapena izango du prozesuak?
Nire abokatuak beharrezkoak ikusten dituen lekukoak deituko ditu deklaratzera. Horietako bat oso garrantzitsua da, gainera. Eta horretaz gain, ditugun probak, liburuak, dokumentuak... aurkezteko aukera izango dugu. Ez dakigu noiz hasiko garen prozesuarekin, nik ez ditut denborak jartzen. Abokatuaren esku uzten dut. Konfiantza osoa dut harengan, badakit nola hartu duen gure auzia eta nola garatzen ari den, eta begira zer lortu duen. Egiara, duintasunera doan bidea da. Guraso eta biktima horien duintasunera. Asko sufritu dute, eta bide berri hau argia izatea espero dut. Egia guztion artean eraikitzea nahi dut, eta horretarako jende zintzo eta ausart gehiago agertzea da nire nahia. Ume asko daude desagertuak, lurperatu gabe... Errealitate bat da. Eta ezin gara ahaztu Espainia, Kanboiaren atzetik, desagertu gehien dituen herrialdea dela.
Zer ikasi duzu bide honetan?
Bide zailak gogorrak direla, baina aurrerapauso txikienak ere atseginak eta pozgarriak direla. Gainera, norberaren esfortzu hori beste batzuei baliagarri egiten zaie. Horrek bete egiten zaitu, nolabait, duinagoa bihurtu.
Proba berriak aurkezteko modua al duzue?
Bai, proba berriak lortu ditut. Ikertzen jarraitu dut, ez naiz gelditu urte hauetan guztietan. Atsedenaldiak hartu izan ditut, hala ere. Aste batzuetan edo hilabete batzuetan gelditu egin behar izan dut, oso gogorra egiten zitzaidalako. Baina geldialdi horiek indarra hartzeko izaten ziren. Nire bide propioa aurkitu dut, nire ondoan nahi nituen pertsonak aurkitu ditut, nire lekua aurkitu behar izan dut, asko irakurri dut, hemeroteketan bilatu... Nire gurasoek hau guztia merezi dute. Ez nuen uste hau guztia egiteko indarrik izango nuenik, eta oraindik sinistu ezinik nago, baina nik maite ditudan pertsonek ondo egin dudala esaten didatenean, lasai eta gustura sentitzen naiz. Familia elkartua gara, umilak, eta horrela hezi gaituzte nire lau anai-arrebak eta ni.
Kasua artxibatu zutenean, nolabait justiziarekin haserre zeundela adierazi zenuen. Nola sentitzen zara orain?
Adiskidetzeko nahian nago momentu honetan. Kolpe asko izan dira, eta arduratsu jokatu nahi dut. Baina Lurralde Auzitegian erakutsi duten sendotasuna ikusita, adiskidetasuneranzko pauso bat izan da. Nire azken agerraldi publikoetan justiziarekin konfiantza galdu nuela esan nuen, baina berreskuratu nahi dut, jakina.
Zerk mugitzen zaitu?
Egiak. Gure familiaren borroka egia jakiteko besterik ez da. Nire familia eta ni ez gaitu mugitzen ez gorrotoak, ez diruak, ezta mendeku goseak ere. Gure haur horregatik eta gurasoengatik egiten dugu, beraiek bakarrik dakitelako zer pasatu zuten.