1937ko otsaileko argazkia. Emakumeak eta haurrak herritik ihes egiten. (Erkibe eta Harrera Taldeak utzitakoa)
Oraindik da atzo: atzo gu, zumaiarrok. Gaur, siriarrak. Bihar? lelo hartuta iraganeko historia eta gaur egungoa lotu nahi ditu Errefuxiatuen Harrera taldeak, Erkibe kultur elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatutako egitasmoak.
Bihar hasi eta igande eguerdira bitartean hainbat ekintza antolatu dituzte. Hala, bihar, 19:30ean, antzerkia izango da Aita Mari aretoan. Esti Curiel aktore zumaiarrak antzeztuko du.
Iganderako, berriz, bi ekintza antolatu dituzte: 12:00etan, Zumaiako kanporatuei Zumaiako Udalak omenaldia egingo die. Bertan kanporatuak izan ziren batzuek eta haien senitartekoek parte hartuko dute. Ekitaldi horren ondoren, 13:00etan, kale-antzerkia izango da errefuxiatuak omenduz. Horiez gainera, ostiraletik igandera arte, argazki erakusketa egongo da ikusgai Beheko Plaza tabernan.
Orain dela 80 urte Zumaiatik alde egin behar izan zutenak gogora ekarri nahi dituzte. Hala diote Harrera Taldekoek: "Hainbat zumaiar, batik bat emakumeak eta haurrak, kanporatuak izan ziren duela 80 urte, eta hori gaur egunera ekarri nahi genuen, nolabait. Erkibe elkartekoekin hitz egiten hasi ginen, eta beraiek ere urteurren honetan zerbait egiteko nahia azaldu zuten. Horrela, eta udalaren ekarpenarekin, astebururako egitasmo hau sortu dugu".
Historia ardatz
1937ko otsailaren 13an Zumaiatik 252 pertsona izan ziren kanporatuak, emakumeak eta haurrak gehienak. "Ez da oso urruneko kontua, orain dela 80 urte gertatutako zerbait da. Iragan hurbila da, eta, bertan, etxean, gertatutakoa". Gaur egun beste hainbat herrialdetan gertatzen ari denarekin lotzea da Harrera taldearen helburua. "Herrian batasuna sortu nahi dugu. Lehen errefuxiatuak izan zirenak gogoratu, eta orain direnei elkartasuna adierazi. Eta hori guztia egingo den kale antzerkian irudikatzea da gure asmoa", adierazi dute. Egitasmoaren izenburua ere hortik dator, hain zuzen: "Lehen gertatu zena orain ere gertatzen ari da".
Errefuxiatuen Harrera taldekoak prestaketa bileran. (Izaskun Urbieta)
Memoria historikoa plazaratzeko helburuarekinari dira elkarlanean herriko eragileak, eta herritarren parte-hartzea, sentsibilizazioa eta erantzuna erabatekoa izatea espero dute. "Gure memorian horrelako pasarteak ezagutzea, gordetzea eta irudikatzea beharrezko zerbait dela uste dugu. Gaur egungo gazteek eta umeek, agian, ez dute gure herriko historia hau askorik ezagutuko, eta ona iruditzen zaigu hauei gogoraraztea eta erakustea herrian zer gertatu zen".
Ekintzak bihar hasiko dituzte. Erakusketa bat zabalduko dute Beheko Plaza tabernan. Bertan, Zumaiatik kanporatuak izan zirenen argazkiak egongo dira erakusgai; eta baita ere gaur egun Sirian, Afganistanen eta beste hainbat tokitan gertatzen ari dena erakusten duten irudiak ere. Horrez gain, orain dela 80 urteko arropake ta ikus-entzunezkoak ikusteko aukera izango da. Ondoren, 19:30ean, antzerkia izango da Aita Mari aretoan. Esti Curielek orain dela 80 urteko emakume baten esperientzia azalduko du.
Igandean, udalak egingo duen omenaldi ekitaldiaren ondoren, kale antzerkia izango da; 13:00etan hasita. Ekimen honekin lehengo eta oraingo errefuxiatuak batzea eta omentzea lortu nahi dute. Inaxio Tolosaren zuzendaritzapean, herritarrak eta Zumaian bizi diren etorkinak izango dira antzezlaneko protagonistak. "Garai hartako arropak lortzeko deialdia egin genuen, eta erantzuna bikaina izan dugu. Gainera, antzerkian parte hartzera jendea ere animatu zaigu. Guztira 50-60 partaide izango ditu kaleko antzezlanak", azaldu dute Harrera taldekoek.
Zumaiarrak gaiarekin sentsibilizatuta ikusi dituzte, eta Harrera taldetik antolatutako ekitaldietan erantzun oso ona jaso dute: "Adibidez, herrian bildu dugun diruarekin, laster anbulantzia bat erosiko dute Chiosen".
Egitaraua
19:30ean, antzerkia, Aita Mari aretoan. Esti Curiel aktore zumaiarrak antzeztuko du.
12:00etan, Beheko plazan, Zumaiako kanporatuei omenaldia, Zumaiako Udalaren eskutik.
13:00etan, Beheko plazan, kale antzerkia iraganeko eta gaur egungo errefuxiatuak omenduz.
Argazki erakusketa, Beheko Plaza tabernan.