Dardararen V. urteurrena ospatzeko jaialdi berezi bat antolatu dute

Baleike 2017ko otsailaren 8a

Urteurren jaia 20:00etan hasiko da Torreberriren atarian, eta estilo desberdinetako lau taldek joko dute. Horietatik bi talde Zumaiakoak dira: Los Brown eta The Grace of Dionysus.

Iker Barbero (Sargo), Unai Eizagirre eta Ion Brakamonte (Voltaia). (Izaskun Urbieta) Dardara musika kolektiboko partaideak gustura agertu dira V. urteurren festarako Imanol Sesmak egin duen kartelarekin. "Polita egin du, eta larunbatean etorriko diren taldeei ere gustatu zaie", aipatu dute. Udaran egiten du Dardara Fest ezaguna Zumaiako musika kolektiboak, aurten, ordea, V. urteurrena dutenez, ekitaldi berezi bat antolatzea pentsatu dute. Musika jaialdi berezi hori larunbaterako antolatu dute, kontzertu sorta batekin. Ilusioz prestatu dute hitzordua. Unai Eizagirre eta Ion Brakamonte dira bost urte hauetan eta hasieratik kolektiboan parte hartu duten partaidetako bi. "Kolektiboaren helburua beti izan da musika bultzatzea, kultura musikala hedatzea eta, batez ere, gure herrian rock giroa ez hiltzea", adierazi du Eizagirrek. Hala, urteurrena aitzaki bezala hartuta, neguan ere zerbait egiteko asmoarekin sortu dute jaialdia. "Otsailean, inauteriak arte behinik behin, ez da gauza askorik egoten herrian eta kultura teknikariarekin hitz egin genuen. Data ona iruditu zitzaion. Kolektiboko partaideekin ere hitz egin genuen, eta prestaketekin hasi ginen", azaldu du Brakamontek. Musika estilo desberdinak Eguraldiaren beldur, estalita egongo den toki batean antolatu nahi izan dute jaialdia; beraz, Torreberri gaztetxearen kanpoaldean dagoen aterpean izango dira kontzertuak. "Jaialdia 20:00etan hasiko da, eta gehienez 01:30ean bukatuko da", aipatu dute biek. Guztira lau taldek joko dute: Los Brown, The Grace of Dionysus, Kerman eta Grises. Lehengo bi taldeak Zumaiakoak dira, eta jotzen ere lehenengoak izango dira. "Gure helburua beti izan da herriko taldeei jotzeko aukera ematea. Horregatik, gonbidapena luzatzen diegu eta jo nahi duenak hor izaten du aukera", esan du Eizagirrek. Jaialdian parte hartuko duten Zumaiako bi taldeen estiloa rock bezala definitu daitezke; Zumaiako kolektiboaren nahia, ordea, ez da soilik musika estilo horren ezaugarrietara mugatzea. "Dardara sortu eta lehenengo bi urteetan, agian, gure gustuetan gehiago zentratu ginen, eta horrek gure gustuko taldeak ekartzea eragin zuen. Baina ideiaz aldatu genuen. Pentsatu genuen festibalak irekiagoa izan behar zuela, eta edozein musikazaleri zuzendutakoa. Hala, duela hiru urtetik hona, estilo desberdinetako musikariak ekartzen ditugu", kontatu du Brakamontek. Estilo desberdinetako kontzertuak eskaini nahiaren adibide dira Kerman eta Grises taldeak. Lehenengo taldeak ska estiloa du oinarri, eta bigarrenak, berriz, indie-a. "Kerman taldea Madrilgoa da, eta Grises, berriz, Zestoakoa. Espero dugu inguruko herrietako jende dezente etortzea. Gainera, bi talde horiek lehenengo aldiz joko dute gure herrian", nabarmendu du Eizagirrek. Balorazio positiboa Dardara musika kolektiboak bost urte hauetako balorazio oso positiboa egin du. Abuztuan egiten duten Dardara Fest jaialdiaz gain, hainbat egitasmoa garatu dituzte urte hauetan guztietan. Brakamontek eta Eizagirrek esan dutenez Dardararen bost urte hauetan ez dira geldirik egon: "Hainbat ekintza antolatu ditugu urte hauetan: perkusio tailerrak, kontzertuak, bilerak... Batukada talde bat ere sortu genuen. Eta, guzti horrekin batera, entsegu lokalen gestioa ere guk eramaten dugu. Grabatzen ikasteko klaseak ere eman izan ditugu. Azken aldian ez dugu eman, baina taldeak joaten dira grabatzera. Egia esan mugimendua badago". Lan horrek guztiak bere fruitua eman du eta musika munduan, pixkanaka bada ere, ezaguna egin da Zumaiako Dardara Fest, eta indarra hartzen ari da musika kolektiboko partaideen esanetan: "Talde batzuek idatzi izan digute gure musika jaialdian parte hartu nahi dutela esanez. Gu geu beste jaialdietara joan izan garenean ere, komentatu izan digute zein ona iruditu zaien gure jaialdia. Beraz, alde horretatik oso gustura gaude". Gaur egun, denera 60 bat pertsonek osatzen dute Dardara kolektiboa, baina kontzertuak antolatzen-eta pertsona gutxiago ibiltzen dira. "Hurrengo egunen batean sagardotegira joateko asmoa dugu, lanean ibili direnei eskerrak emateko asmoz. Pizgarri bat da, ea horrela jende gehiago animatzen dugun lanerako. Gainera, belaunaldi berriek ardura gehiago hartzea nahi dugu". Otsailak 11, larunbata Taldeak: Los Brown, The Grace of Dionysus, Kerman eta Grises. Ordua. 20:00etatik aurrera. Tokia. Torreberrin kanpoaldeko estalpean. Sarrera. Doan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide