Lucia Lacarra: "Askatasuna dugu orain zer lan egin nahi dugun erabakitzeko"

Juan Lui S Romatet 2017ko otsailaren 7a

Protagonista den ‘The Key’ film laburra aurkeztu zuen dantzari zumaiarrak larunbatean Bilboko Guggenheim museoan. Horri eta etorkizunerako dituen proiektuez aritu da.

'The Key' film laburraren aurkezpena Bilboko Guggenheim museoan. Lucia Lacarra, erdian. (Mitxi) The key film laburra aurkeztu zenuen larunbatean Guggenheimen. Ondo joan al zen? Oso polita izan zen. Lehenbizi pelikula erakutsi zen, eta gero oholtzara igo ginen Oscar Andres filmaren zuzendaria, Ken Zazpi taldeko bi musikari, Jon Ugarriza koreografoa eta film laburraren ekoizlea eta Marlon Dino eta ni. Guretzako ere sorpresa handia izan zen, ez geneukan eta film laburra ikusita. Errodatzen ari ginenean zati txikiak ikusten genituen, baina behin dena muntatuta ez, eta oso ederra izan zen. Nola ikusi zinen pantaila handian? Bakoitza bere lanarekin kritikoa da. Aktorea izatea, ordea, ez da nire lana izan. Bideoan nire emanaldi bat ikusten dudanean, kritikoa naiz. Zenbait gauza hobetu ditzakedala pentsa dezaket. Hasieran pentsatzen nuen pantaila handian ikusita arraro sentituko nintzela, ez nintzela identifikatuko, baina ez, ez zitzaidan arraroa egin. Oso ondo pasatu nuen lan hori egiten. Beti diot dantza egiten dudanean pertsonaia baten azalean sartzen naizela; momentu hartan, aktore baten azalean sartu nintzen. Dantzan antzezpenak badu bere tartea, baina hemen aktore lanak egin behar izan dituzu. Antzeztea beti gustatu zait. Beti esan dut dantzaren barruan gehien gustatzen zaidana antzezpena dela. Paper bat egitea, eta ez bakarrik gorputzarekin dantza egitea. Filmaketarako bi gau izan genituen. Lehen gauean antzeztu egin genuen, dantzarik egin gabe. Gu ohituta gaude, baina hori desberdina zen: kamera bati begira lan egitera ez gaude ohituta. Gero, planoak oso laburrak ziren, eta askotan errepikatzen ziren. Ni lasai nengoen, ez zelako dena lehen hartualdi batean egin behar. Dantza egiten dugunean estres handiagoa izaten dugu, dena zuzenean egiten dugulako. Horregatik, ikusi nuen zinema egiterakoan ez zegoela halako urduritasunik. Bigarrengo gaua oso luzea eta zaila izan zen: arratsaldeko hiruretan hasi eta goizeko zortziak arte jardun genuen lanean. Kasu horretan errodatzea kamerarentzako askoz ere zailagoa izan zen: asko mugitzen gara, bikotekideak altxatzen nauenean oso gora joaten naiz... Beraientzat oso zaila izan zen eta guretzako ere bai. Lehen aldia da kamera baten aurrean aritu zarela. Nola sartu zinen proiektuan? Jon Ugarrizari esker heldu zitzaidan aukera. Aspalditik ezagutzen dut, eta aurrez elkarrekin lan egin dugu. Filmarena bere ideia izan zen, berak landatu zuen hazia. Bagenuen zerbait desberdina egiteko gogoa; dantza, zinema, euskal musika nahastuko zituena, bertako jendearekin. Hemen halako ezer ez da inoiz egin. Proiektu bat baino, amets bat zen. Nire ustez garrantzitsua da gauzak nahastea. Jende askok pentsatzen du balletean, dantza klasikoan, Txaikovskiren musika dantzatu behar dela, edo Chopinena. Nik beti erakutsi nahi izan dut edozer musika dantzatu daitekeela. Musika sentitzen baduzu, inspiratzen bazaitu, hori dantzatu dezakezu. Eta zergatik ez hatz puntetan? Eta zergatik ez dantza klasiko edo neoklasiko batekin? Aurretik esperientzia badut: Roland Petitekin egon nintzenean Pink Floyden musikarekin dantzatu nuen, Duke Ellingtonen jazzarekin dantzatu nuen. Gainera, jende batek dantzaren inguruan dituen aurreiritziak hausten dira era horretan. Hesiak haustea diozu. Jende askok pentsatzen du dantza elite batentzako dela. Eta hori gezurra da. Halako zerbaitekin, Ken Zazpiren Ilargiarekin, ikusten duzu polita geratzen dela dantza egitea. Euskal Herrian talentu asko dugu, eta nahastu dezakegu. Gure euskal dantzak izugarri ederrak dira, baina beste gauza asko ere egin ditzakegu. Municheko dantzari nagusia izateari utzi zenion. Orain zer proiektu dituzu esku artean? Munichen gauzak asko aldatu ziren. Zuzendari berria etorri zen, eta, harekin asko hitz egin eta gero, konturatu ginen aldaketa ez zela ona. Atzeraka egitea bezala zen. Orain, proiektu desberdinak ditugu. Dortmundeko balleteko gonbidatu iraunkorrak gara; Russell Maliphant koreografo ingelesaren konpainian ere dantzan ari naiz eta baita Victor Ullateren konpainiarekin ere. Urtero hiru produkzio desberdin ditugu konpainia bakoitzarekin. Eta, horrez gain, bidaia eta gala asko. Gauza interesgarriak egiteko aukera ematen dizu horrek guztiak. Orain askatasuna dugu zer egin erabakitzeko, nora joan edo norekin lan egin nahi dugun. Horrek ez du preziorik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide