Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoko hilabete morearen harira, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak abian jarri dute Emakumearen Eguneko kartel lehiaketa. 16 urtetik gorako zumaiarrei zuzendutako lehiaketa da.
Parte-hartzaileek otsailaren 21a bitartean aurkeztu ahal izango dituzte udaletxean proposamenak. Kartelak jaso beharreko testua Martxoak 8. Emakumearen Nazioarteko Eguna. Zumaia 2017 izango da eta gaia, berriz, Zaintza lanak: gizarte osoaren ardura.
Partaide bakoitzak gehienez hiru proposamen egin ahal izango ditu DinA3 neurrian (297x420mm) eta irudia, egilearen izenarekin batera, gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko da.
Irabazlea Berdintasun saileko eta Foroko kideek osatutako epaimahai batek erabakiko du. Saridunak 200 euroko opari txartela jasoko du Zumaiako saltokietan erabiltzeko. Horrez gain, haren proposamena 2017ko Emakumearen Eguneko egitaraua kaleratzeko erabiliko dute, beraz, kartel hori, udalaren esku geratuko da.
Proposamen guztiak (irabazlea barne) ikusgai jarriko dira Forondan. Irabazi ez duten kartelak erakusketa amaitu eta 15 eguneko epean jaso beharko dira.