Zumaiako igeriketako harrobia landu nahi du Taosa klubak

Baleike.Eus 2017ko urtarrilaren 26a

Lubakiko ikastaroetan dabiltzan 20 bat haurrekin debuta egin du igerilekuko lehiaketetan. Ikastaro horietan dabiltzan umeek igeriketan jarrai dezaten lagundu nahi dute.

(Argazkia: Jon Arano) Taosa igeriketa taldeak urtarrilaren 14an egin zuen bere debuta igerilekutako lehiaketetan. Haurrekin egin zuten debut hori, Azpeitian, eskola kirolaren baitan. Hogei bat ume eraman zituzten jardunaldi horretara eta pozik atera ziren guztiak, haurrak, gurasoak eta Taosako kideak, maila polita erakutsi ondoren. Orain urte gutxi batzuk udako itsas zeharkaldietara begira sortutako taldearentzat beste pauso bat izan da igerilekutako lehiaketetan hastea. “Gehienbat haurrekin bideratu dugu. Gure mailetan igerilekuan lehiatzeko gogo hori ez dugu oraingoz. Horretarako, gainera, klubak federatuta egon beharko luke, eta, gaur egun, ez dugu planteatu ere egiten; ez guk lehiatzeko, behintzat”, adierazi du Axier Olasagastik, Taosako kideak. “Federatu nahiko genuke, baina haurrak lehiatu daitezen. Aurten txikiekin hasi gara, eskola kirolaren barruan, federatu gabe parte hartu dezaketelako”. Lubaki kiroldegira hurreratzen denak ikusiko du igerilekua jendez gainezka egoten dela eguneko zenbait ordutan. Modan dagoen kirola da igeriketa Zumaian eta, interes horri erantzun nahian, Kirol Patronatuak zenbait ikastaro antolatu ditu. “Arazoa da behin igerian ikasten dutenean edo maila batera heltzen direnean, ez dutela irtenbiderik. Kirol hau egiten jarraitzeko kanpora joan behar dute, Zarautzera edo Azpeitira”, dio Taosako kide Imanol Badiolak. Ume horien zaletasunari jarraipena eman nahian hasi da kluba haurrak lehiaketetara eramaten, “klubarentzako ere onurak ekarriko dizkiolako”. Lubakiko igerilekuko ikastaroek sei maila dituzte eta, lehiatzerako orduan, oinarri sendoenak dituztenei dei egin die. “Ohiko ikastaroez gain, ostiraletan beste saio berezi bat antolatu dugu beraientzat, beti ere, lehiaketa hauetara bideratuta”. 40 bat gutun igorri zituzten eta 20 bat haurrek erantzun dute. “Beraiek ere ez zekiten ondo lehiaketak nolakoak izango ziren. Bazuten, bai, lehiatzeko txip hori. Azpeitira joan ginenean eta igerilekuan 200 bat ume ikusi zituztenean, harrituta geratu ziren, bai umeak, baita gurasoak ere”. Jarraitu irakurtzen baleike.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide