Iaz Aiako mendi lasterketan korrikalariak mendian gora. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Otsailaren 12an abiatuko da eskualdean lasterketa eta mendi lasterketa denboraldia, eta dagoeneko hainbat probatan izena emateko epea zabaldu dute. Egitarau zabala antolatu dute tokian tokiko kirol elkarteek eta eragileek datozen hilabeteetarako. Otsailaren 12an egingo dute eskualdeko lehen mendi lasterketa, Zestoako Kobaz Koba Trail izango da. Bi proba hartuko ditu: bata, motza 17 kilometrokoa, eta bestea, luzea 25 kilometroko ibilbidea duena.
Hortik aurrera hainbat mendi lasterketa jokatuko dira, Zumaian, Aian, Orion, Azpeitian, Azkoitia eta Azpeitia artean eta Zarautzen.
Lasterketetan parte hartu nahi dutenek,
Kirolprobak.eus webgunean eman dezakete izena, eta bertan jaso dezakete informazio zehaztua.
Zarauzko Herri Lasterketaren inguruko informazioa
Herrikrosa.eus webgunean dago.
LASTERKETEN EGUTEGIA
Otsaila
- Zestoa. Otsailaren 12an, Kobaz Koba Trail mendi lasterketa egingo dute. Bi ibilbide izango ditu: 25 kilometroko lasterketa 09:00etan hasiko da, eta 17 kilometroko proba 09:30ean irtengo da.
- Zumaia. Zumaiako XXXIII. Herri Lasterketa jokatuko da otsailaren 18an. Bi ibilbide izango ditu: bata, 5,6 kilometrokoa eta bestea, 10 kilometrokoa. 17:00etan hasiko da lasterketa.
Martxoa
- Aia. Martxoaren 5erako Aiako VI. Mendi Lasterketa antolatu dute. 15 kilometro izango ditu ibilbideak eta Aiako mendi eta basoak zeharkatuko ditu. 10:30ean hasiko da lasterketa.
- Azpeitia. IX. Zuzenien Igoera Bertikala jokatuko da martxoaren 12an. Azpeitiko plazatik abiatuko dute Xoxotera, eta 3,3 kilometro izango ditu ibilbideak. 10:00etan hasiko dute proba, Azpeitiko plazatik.
- Orio. Orioko VII. Mendi Lasterketa jokatuko da martxoaren 12an, 09:30ean hasita. 21 kilometro izango ditu lasterketak.
Apirila
- Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, patinatzaileen proba eta lasterketa motza. Apirilaren 1ean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia jokatuko da bi herrien artean, ibilbide berrituarekin. 17:00etan hasiko da maratoi erdia. Horrez gain, Roller patin lasterketa jokatuko da. 8,1 kilometro izango ditu, eta 16:45ean abiatuko dute Azkoititik. Korrikako lasterketa motza ere antolatu dute, 8,1 kilometrokoa. Hori 17:00etan hasiko da.
- Zarautz. Apirilaren 30erako Pagoeta Mendi Lasterketa antolatu du Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak. 21 kilometroko proba izango da.
Maiatza
- Zarautz. Zarauzko Herri Lasterketa jokatuko da maiatzaren 7an. 8 kilometroko proba da. Ordutegia zehaztu gabe dago.