Gotzon Enbil pilotaria. (Sara Utrera)
Hauteskundeak irabazi dituzu, baina Jauregiren hautagaitzak errekurtso bat aurkeztu du. Zertan geratu da?
Patxik eta beste batzarkide batzuek aurkeztu zuten errekurtsoa, irregulartasun batzuk egon zirelakoan. Batzarrean klubek, pilotariek eta epaileek hartu zuten parte; horiek dira botoa dutenak. Iritsi zaidan aktak dio errekurtsoa ez dela aintzat hartu. Oraindik ere badago erabaki hori errekurritzea, eta,
Correo egunkarian irakurri dudanez, Patxik aurrera jarraitzeko asmoa du. Baina, niri heldu zaidana da ni naizela presidentea.
Botoetan berdintasun handia izan zen: zuk 80 boto jaso zenituen eta Jauregik 70. Nahiko erdibituta atera da pilota mundua.
Bozketako zenbakiak nola izan diren ez dakigu; zenbaki orokorrak dakizkigu, baina susmoa dugu beraiek Gipuzkoan indar handiagoa izan dutela, guk Bizkaian, eta Araba nahikoa parekatuta atera dela. Bai, ikusten da nahiko parekatuak daudela indarrak. Guk irabazi dugu, baina gure helburua haiek ere kontuan hartzea da. Azkenean, pilota aurrera eramateko denon elkartasuna behar da.
Nolatan aurkeztu zara presidentetzarako hautagai?
Pilota munduko jende batekin hitz eginda. Jende askok animatu nau. Urte asko daramazkit pilota munduan, eta transmititu didate aldaketa bat behar zela pilota munduan. Mundu hau elkartzeko asmoarekin sartu naiz. Ondo pentsatu dut; buruari buelta dezente eman dizkiot. Nire asmoa zuzendaritza on bat egitekoa da, hau guztia denon artean eramateko nahia dut.
Zein pertsona izango dituzu federazioko zuzendaritzan?
Oraindik eratzen ari gara. Ez dugu oraindik izenik emango, baina horretan gabiltza. Hiru lurraldetako presidenteak sartzen dira zuzendaritzan. Haiekin hitz egin dut dagoeneko, izen batzuk eman dizkiet, eta haiek niri emango dizkidaten beste izen batzuen zain nago, denon artean zuzendaritza osatzeko.
Zein duzu helburu nagusia?
Lehendabizi, klubak indartzea. Klubek atzemate lanak egin beharko lituzkete, txikitatik neskak eta mutilak pilota munduan sartzeko. Hori da ardatz nagusia. Gero, federazioekin elkarlana izan nahi dugu, federazio guztiekin: bai lurraldekoak, Nafarrokoa barne; bai Munduko Kontseilua; Espainiako Federazioa, nazioartekoa; eta, guztiekin.
Talka batzuk izan dira beste hautagaiarekin. Haren esanetan enpresen hautagaia izan zara zu. Pilota federazioa zer egoeratan dagoela uste duzu?
Hori nire aurkariak zioen zerbait da. Ni enpresekin eseri naiz, eta beraiek prest daude pilotarien formakuntzan laguntzeko. Orain, haiekin eseriko gara jakiteko zer egiteko prest dauden. Enpresen laguntza guztia ongietorria izango da.
Gaur egun zer gabezia ikusten dizkiozu euskal pilota federazioari?
Batik bat elkartasun falta. Bakoitza bere aldetik joan izan da, eta pilotarentzako hori ez da ona. Aurrera egiteko elkartasuna behar da. Harrobia lantzea da beharrezkoa. Hori orain lantzen bada, profesionaletara pasatzen diren gazteetan igarriko da. Gero, pilotaren modalitate batzuk besteak baino okerrago daude: pala, zesta punta... Modalitate horietan lan gehiago egin beharko dugu.
Jauregik esan izan du federazioan sartu zenean diru aldetik zuloa aurkitu zuela. Ba al dakizu zein den egoera.
Oraindik ez. Kontu-ikuskapen bat eskatuko dugu, egoera nolakoa den ikusi eta zer baliabide ditugun jakiteko.
Nola ikusten duzu Jauregik egindako lana?
Gauza batzuk ondo egin ditu, beste batzuk... Aurkeztu banaiz hartu dituen neurri batzuekin ez nengoelako ados izan da. Patxi ez zen, adibidez, enpresen aldekoa. Pilota mundua denok osatzen dugu, baita enpresek ere.
Zein izango dira emango dituzun lehen pausoak?
Zuzendaritza eratu ondoren hasiko gara lanean, lurraldetako federazioekin hitz eginez, klubak indartzeko zer pauso eman behar diren erabakitzeko gero. Euskal selekzioa ere sustatu nahi dugu. Gero, pilotaren plan estrategiko bat bada eginda, baina martxan jarri ez dena. Hori federazioekin eta klubekin batera abian jarri nahiko genuke.
Sarritan aipatu duzu klubak indartzearen beharra.
Bai, ikastetxeekin elkarlanean, ea haurrak frontoietara erakartzea lortzen dugun. Gaur egun kirol asko dago, eta kirol horiek guztien artean pilota beste bat izatea nahi dugu.
Pilotaria ere bazara, zesta puntakoa. Jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Ez dakit. Iaz ere zalantzan egon nintzen jarraitu edo ez. Uda baino lehen hobeto sentitu nintzen, baina txapelketa bakarra jokatu nuen, World Tour-a. Aurtengoari dagokionez, enpresarekin hitz egin nuen eta uda baino lehen zerbait esango niola adierazi nion. Ikusiko dugu. 40 urte egingo ditut otsailean. Orain bi urte belaunengatik ezin izan nuen jokatu. Ez dut esango aurten ez dudala jokatuko, baina ez dakit.
Presidente izatea bateragarria al da pilotaria izatearekin?
Ez dago inongo arazorik. Ez dira bateraezinak.