Jende ugari bildu zen asteartean Alondegian egindako bileran. (Juan Luis Romatet)
Iaz izandako turista eta bisitari kopuruaren hazkundearekin, urtetik urtera handitzen doan aparkaleku faltaren arazoa areagotu egin zen. Horri aurre egin nahian, Zumaiako Udala aparkalekuen araudia osatzeko lanean ari da. Ardantzabiderekin hasi duena, herriko beste gune batzuetara zabaldu nahi dute datozen bi urteotan. Datorren udan hiriguneko zenbait gunetan ezarri nahi dute araudia: Alde Zaharra, San Jose, Erribera, moila, parolaldea, Larretxo, Ondartxo eta Amaiako plaza. Poligonoak, aldiz, datorren urterako utziko dituzte.
Aste honetan, herritarrekin bildu dira udal ordezkariak araudiaren zirriborroaren berri emateko. "Gure asmoa da uda sasoian Zubitxikitik barrurako aparkaleku sistema definitzea", adierazi zuen Oier Korta Zumaiako alkateak. Aparkalekuak bakarrik ez, herri barruko mugikortasuna ere kontuan hartu behar dela nabarmendu zuen, "oinezkoei lehentasuna emanaz, autoen aurretik".
"Aldaketa handia izango da, eta baita denontzat erronka handia ere. 2018an Poligonoetako eremua arautuko dugu. Ordurako jakingo dugu zer akats egin diren eta zertan den sistema hau defizitarioa. Arazoaren argazki erreal bat izango dugulakoan gaude», adierazi zuen. «Ordenantza hauek ez dituzte aparkaleku berriak sortuko, baina daudenak arautuko dituzte", gaineratu zuen Gorka Arregi udal arkitektoak.
Herrigunean lau gune
Esan bezala, aurten Zubitxikitik hirigunera bitarteko zatia arautu nahi dute. Sistema ezartzeko herria lau gunetan banatu dute: Ardantzabide (1), San Jose-Erribera-Moila (2), Larretxo (3) eta Parolaldea-Amaiako plaza-Ondar-
txo (4).
Ardantzabiden izan ezik (aparkaleku arautua urte osoan martxan izango da), beste guneetan udako hiru hilabeteetan, ekainaren 15etik irailaren 15era, izango da abian.
Helburua egoiliarrek beraien guneetan aparkatzeko aukera izatea izango litzateke, jakinda aparkaleku defizita dagoela (auto gehiago dago aparkaleku kopurua baino); 1, 2 eta 4 eremuetako egoiliarrek beste guneetan aparkatzea izango dute, Larretxon izan ezik. Kale edo auzo horrek bere tipologia propioa izango du, eta bertako egoiliarrek bakarrik izango dute han aparkatzea (Larretxokoek ezingo dute beste guneetan aparkatu). Auzoak sarbide bakarra duenez, semaforo baten bidez kontrolatuko dira bertaratzen diren autoak.
Bi tao gune
Udal Gobernuak TAO sistemaren aldeko apustua iragarri zuen orain dela pare bat hilabete. Herritarrekin egindako bileran alkateak eta udal arkitektoak adierazi zutenez bi TAO gune ezarriko dira herrigunean eta bakoitzak tipologia desberdina izango du.
Moilaberriko zubitik Arranplara artean, ibaiertzean, errotazio handiko TAO gunea izango da. Gehienera jota 90 minutuan aparkatu ahal izango da bertan, eta herritarrentzat doakoa izango da. "Zumaiako beste auzoetatik hirigunera enkargu edo gestioren bat egitera etortzen direnentzako aproposa izango da. Herritarrek doan aparkatu ahal izango dute bertan, baina txartela atera beharko dute; kanpotarrek ordaindu egingo dute".
Bigarren gunea Julio Beobide ibiltokian kokatuko da. Hor ohiko TAO sistema izango da. "Kanpotik datozenei zuzenduta dago, baina, lehen urte honetan, ikusita herriko zenbait gunetan aparkaleku defizita dagoela, zumaiarrek bertan doan aparkatzea edukiko dute, baina gehienez 24 ordu; ondoren autoa mugitu beharko dute". Doan izanda ere, beste gunean bezala, txartela atera beharko dute.
Behin ordu jakin batetik aurrera, aparkaleku normalak bihurtuko dira bi guneak.
Kanpoko aparkalekuak
Beste herrietatik uda garaian Zumaiara datozen bisitariak kanpoko aparkalekuetara bideratuko direla gehitu zuen alkateak: Estazioko industrialdera, kirol portura eta GKN enpresa ingurura. "Behin Parolbideko TAO gunea beteta dagoenean, kanpoko aparkalekuetara joan beharko dute, beste guneak egoiliarrentzako izango direlako".
Abenduaren amaieran onartu ziren 2017ko udal aurrekontuetan Txu-txu trena ekartzea aurreikusi zuen Udal Gobernuak, kanpoko aparkalekuak eta herrigunea lotzeko. "Herria txikia da eta oinez ere ez daude horren urruti", gogoratu zuen Kortak.
Erribera oinezkoentzat
Erribera kalea astegunetan eguerdira bitartean egoten da trafikoarentzako zabalik, zamalanetarako, baina baita enkarguren bat egitera joandakoentzako ere. "Orain, errotazio handiko gunea izango da, moilan eta han aparkatzea izango dute enkarguak edo gestioak egitera doazenek".
Bileraren ondoren alkateak adierazi zuenez, Erribera kalea oinezkoentzako bihurtzeko asmoa du udalak. Zamalanak errespetatuko dira, baina ez dute beste autorik onartuko.
Proposamenak
Herritarrekin egindako bileretan eta posta elektroniko bidez jasotako proposamen eta iradokizunak Udal Gobernuaren zirriborroan txertatzea posible den aztertuko dute datozen hilabeteotan. Ordenantzak eta pleguak martxorako onartuta egon behar dute aparkalekuen araudia ekainaren 15ean abian jartzeko. Oraindik proposamenak egin daitezke
mugikortasuna@zumaia.eus helbidera idatzita.