Iazko Canneseko film irabazlearekin ekingo dio Ostarrenak saioei gaur

Juan Lui S Romatet 2017ko urtarrilaren 19a

Ken Loach britainiarraren Yo, Daniel Blake emango dute zineforumean, 22:00etan, Aita Marin. Hainbat zinema jaialditan saritutako pelikulak emango dituzte datozen hiruhilabetekoan

Yo, Daniel Blake pelikularen pasartea. (Caramel Films) Neguko atsedenaldiaren ondoren, bueltan da Ostarrena zineklub taldea. 2016ko Canneseko zinema jaialdiko Urrezko Palmondoa irabazi zuen Yo, Daniel Blake drama gordinarekin hasiko dute zineforumeko datozen hiruhilabeteko zikloa. 22:00etan hasiko da emanaldia, Aita Mari zinema aretoan. Sarreren prezioa 5 euro da. Daniel Blake arotza da, baina bihotzeko arazoak direla-eta, lana utzi egin beharko du, eta gizarte laguntza eskatu. Sendagileak lanik ez egiteko esan arren, administrazioak lan bat bilatzera behartu nahi du. Rachel ezagutuko du: bi haur ditu, eta herritik 450 kilometrora dagoen etxea onartu behar izan du. Britainia Handiko gizartearen erretratatzaile kritikoenetakoa izan da Ken Loach 1967an debuteko pelikula egin zuenetik. Politikan murgiltzeko beldurrik ez du inoiz izan, beti ere ezkerreko ikuspuntuarekin. Loachenak dira Lloviendo piedras, Riff raff edo Mi nombre es Joe bezalako lan gordinak. Mundu mailako gatazkak ere jaso ditu irudietan, Espainiako gerra zibila (Tierra y libertad) edo Irlandako gatazka (Agenda oculta eta El viento que agita la cebada) edo Latinoamerikako immigranteena (La cancion de Carla eta Pan y rosas) adibidez. Batzuetan manikeismotik eta panfletotik hurbilegi izaten dira bere lanak, eta horrek indarra kentzen die. Asmatzen duenean, ordea, kontatzen duen historiarekin bat egiten duenean eta protagonistak ezagutzen dituenean, I, Daniel Blake honekin gertatzen den bezala, zinemagile gutxik dute Loachek duen indarra. Ken Loach da zinemagile bakarretakoa Canneseko zine jaialdiak ematen duen sari gorena, Urrezko Palmondoa, bitan irabazi dutenetakoa. Lehenengoa 2006an irabazi zuen El viento que agita la cebadarekin; bigarrena hamar urteren ondoren, gaur, Zumaian emango duten galtzaileen erretrato bikain honekin. Donostiako Zinemaldian Ikusleagoaren Saria eskuratu zuen. Saritutako lanak Hiruhilabeteko honetan sarituak izan diren beste lau pelikula ere emango ditu Ostarrenak. Hala, otsailaren 2an, Paul Verhoeven zuzendari holandarraren Elle emango dute. Polemikaz inguratuta egon dira zinemagile honen lanak, bai 1970eko hamarkadan bere jaioterrian egindakoak eta, zer esanik ez, 1980koan Hollywoodera salto egin zuenean. Robocop, Instinto basico edo Desafio total bezalako lanen egileak orain hamarkada bat Europara itzultzea erabaki zuen. El libro negro izan zen erabaki horren ondoren egindako lehen lana eta Cannes-en aurkeztutako Elle hau azkena. Protagonista duen Isabelle Huppert frantziarrak emakumezko aktore onenaren saria jaso zuen azken Golden Globes sarietan. Otsailaren 16an, Jim Jarmusch estatubatuarraren azken lana, Paterson, emango du Ostarrenak. Poesia maite duen autobus gidari baten bizitza kontatzen du. Zalantzarik gabe Jarmuschek azken 10-15 urtean egin duen lan onena da. Zinema denboraldiko sorpresa handienetakoa Raul Arevalo aktore espainiarrak eman du zuzendari bezala egin duen estraineko lanarekin; Antonio de la Torre buru duen Tarde para la irarekin. 11 Goya sarietarako izendatuta dago. Udaberriari harrera egiteko, komedia bat aukeratu du Zumaiako zineklubak: El tesoro, pelikula errumaniarra. NEGUKO HIRUHILEKOA
  • Urtarrilak 19, gaur. Yo, Daniel Blake. Zuzendaria: Ken Loach. Britainia Handia, 2016.
  • Otsailak 2. Elle. Zuzendaria: Paul Verhoeven. Frantzia, 2016.
  • Otsailak 16. Paterson. Zuzendaria: Jim Jarmusch. Ameriketako Estatu Batuak, 2016.
  • Martxoak 2. Tarde para la ira. Zuzendaria: Raul Arevalo. Espainia, 2016.
  • Martxoak 16. El tesoro. Zuzendaria: Corneliu Porumboiu. Errumania, 2015.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide