Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txiribuelta 0 eta 6 urte bitarteko haurrak eta beraien familiak biltzen dituen elkartea da. Familia arteko komunikazio bide berriak sortzeko helburuarekin sortu zuten elkartea orain bizpahiru urte. "Bertan, bakoitzaren esperientziak, bizipenak eta trebetasunak baliatzen ditugu guztiontzat aberasgarri izan daitezen", diote. Horretarako, zenbait tailer, hitzaldi, irteera eta mahai inguru antolatzen dituzte urtean zehar.
Orain 2017. urterako bazkidetza kanpaina jarri du abian. Izen-emate orriak Alondegian eta Turismo Bulegoan aurki daitezke. Behin familiaren datuak beteta, bi leku horietako batean utz daiteke, diru sarreraren ziurtagiriarekin batera. Matrikula 30 euro ordaindu behar da. Otsailaren 9a arte eskuratu daitezke orriak. Bertaratu ezin duenak txiribueltabazkidetza@gmail.com helbidera mezu bat idatzi besterik ez du. Kasu horretan, urte guztian izango da izena emateko aukera zabalik.
Bide batez, urteko lehenengo batzar orokorrera gonbidatu nahi ditu elkarteak bazkide guztiak. Otsailaren 10ean izango da batzarra, Beheko Plazako jubilatuen eraikineko bigarren solairuan, 19:00etan.