San Joseko igogailurako ideia lehiaketa jarri du abian Zumaiako Udalak

Juan Lui S Romatet 2017ko urtarrilaren 18a

San Jose kalerako irisgarritasun arazoa konpontzea da helburua. Arkitektoei zuzendutako lehiaketa da. Proposamenak otsailaren 15era bitartean aurkeztu behar dira udaletxean

San Joseko igogailua dorre honen barruan joango da. (Juan Luis Romatet) San Jose kaleak duen arazo larrienetakoa irisgarritasuna da. Leku aldapatsua izanda, goiko etxebizitzetara iristeko maila ugariko eskailerak igo behar dira. Arazo horri eta auzoak pairatzen dituen beste batzuei irtenbide bat aurkitu nahian, Zumaiako Udalak auzo horretarako Plana onartu zuen 2012. urtean. Ordutik, ordea, ezer gutxi egin da. Beheko Plaza eta Odieta San Jose kalearekin lotzeko igogailua aurreikusten zen planean, baina, urte hauetan guztietan irisgarritasuna hobetzeko borroka horretan egin den lan bakarra San Juan Egoitza eta San Joseko goiko etxebizitzak banatzen zituen horma txikia botatzea izan da. Horri esker, egoitzako malden bitartez heldu daitezke goiko etxebizitzetako bizilagunak beraien etxeetara. Azken hilabete hauetan, beste abiadura bat jarri dio udalak eta San Joseko bizilagunek desio duten igogailu hori martxan jartzeko pausoak eman ditu. Aurrena azpiegitura jartzeko lur-saila erosi zuen abenduaren hasieran. 271.797 euroko kostua izan du erosketa horrek. Orain, proiektua idazteko prozesua jarri du martxan. Horretarako, arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa deialdia zabaldu du udalak. Horren bitartez proiektua gauzatzeko diseinu proposamen ezberdinak jaso eta aztertu nahi ditu. Aurkeztutako proiektuak, igogailuaren diseinuaz gain, San Jose 18 eta 20 arteko lur sailaren erabilera eta irtenbide arkitektonikoa ere proposatu beharko ditu. Parte-hartzaileek otsailaren 15era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak Zumaiako udaletxean. Behin lan guztiak aurkeztuta epaimahaia osatuko da. Epaimahaiak jasotako proiektu proposamen guztiak aztertu eta irizpide ezberdinak kontuan hartuta bost hoberenak aukeratuko ditu. Besteak beste, aintzat hartuko ditu proiektuaren kalitate arkitektonikoa, herritarren beharretara egokitzeko duen gaitasuna eta hirigunean duen integrazio maila. Ondoren, aukeratutako bost proposamenak herritarrei aurkeztuko dizkiete, haiek egokiena eta gustukoena dutena aukeratu dezaten boto bidez. Horretarako erakusketa publiko bat antolatuko du udalak eta zumaiarrek hamar egun izango dituzte botoa emateko. Behin parte-hartze prozesua amaituta, epaimahaiaren puntuazioari herritarren botoak gehituko zaizkie eta puntu gehien lortzen dituen diseinua izango da proposamen irabazlea, beraz, hari esleituko zaio proiektua idazteko lana eta obra zuzendaritza. Lehiaketan parte hartzeko interesa duen orok oinarrien inguruko informazio eskuragarri du www.zumaia.eus webgunean, kontratugilearen profilean. Sariak Lehiaketa guztietan bezala, epaimahaiak hautaketa egin ondoren eta herritarren botoak zenbatu ostean, sari banaketa egingo da. Irabazleak 6.000 euroko ordainsaria jasoko du, bigarrenak 1.500 eurokoa eta hirugarrenak 1.000 eurokoa. Horrez gain, 500 euroko bi sari eman ahal izango dira accesit modura, epaimahaiak hala erabakiz gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide