Mikel (ezkerrean) eta Pedro Etxeberria helmugara heltzen. (J.L. Romatet)
Negu giroan jokatu zen herenegun goizean Zumaiako VI. Mushing lasterketa. Hotzari, euriari eta zirkuituan zegoen lokatzari aurre egin behar izan zieten parte-hartzaileek. Bertaratutako ikusleek, berriz, ikuskizuna helmuga puntuan izan zuten.
67 parte-hartzaile izan ditu aurtengo lasterketak, iaz baino hamar bat gutxiago. Aste osoan zehar izandako eguraldi txarrak eragina izan du partaidatzeran jaitsieran. Faboritoetako batzuk ere kale egin zuten Zumaiako proban, esaterako, Joxe Felipe Larrazabalek eta Gaizka Aretxagak. Gainera, lasterketa hastear zela, zuhaitz bat erori zen zirkuitura. Zuhaitza ibilbidetik kentzeko lanak medio, ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi zuten lasterketa.
8,3 kilometroko bidea egin behar izan zuten korrikalariek, Basustagaineko zirkuituari bi itzuli emanaz. Aurreko urteetako txakurkrosetan korrikalari eta txakur denak batera atera izan dira. Aurten, ordea, sailkatutako irteera izan da: hamarnaka atera ziren korrikalariak, elkarren artean minutu erdiko aldearekin. Faboritoak lehen taldean atera ziren.
Aurten irabazlea izan den Mikel Etxeberriak eta Duke txakurrak (2015ekoa ere beraiek irabazi zuten) hartu zuten lasterketako burua aurreneko metroetan. "Lehen itzulian indarrak gordetzen joan naiz. Zirkuituan lokatz asko zegoen eta txakurrak ez zuen tira nahi". Atzetik aurrera egindako lasterketan, bere anaia Pedro Etxeberriak (Zumaiako txakurkrosaren lehen bi lasterketetako irabazleak) harrapatu egin zuen Mikel. Biak batera heldu ziren helmugara. Mikelen txakurra izan zen, ordea, helmuga zeharkatu zuen lehena, eta honi eman zioten epaileek garaipena, 29:37 denborarekin. Pedro Etxeberria izan zen bigarrena eta hirugarrena ere beste zumaiar bat: Txetxu Tamayo, 30:56 denborarekin.
Emakumezkoetan Lezoko Aida Males izan zen irabazlea, 35:04 denborarekin. Bigarrena Alonsotegiko Sandra Jimenez sailkatu zen (37:06) eta hirugarren Oviedoko Mireia Rodriguez (38:04).
Juniorretan, Kimetz Etxabe zumaiarra izan zen azkarrena 16:19 denborarekin. Bigarren sailkatua ere herrikoa izan zen, Jose Manuel Alfonso (18:27) eta hirugarrena Ibarrako Arkaitz Vicente (20:01).
Bikejoring eta patinak
Aurretik bikejoringeko (bizikletan) eta patinetako lasterketak izan ziren. 11 parte-hartzaile izan ziren erlojupeko bi probetan. Patinarekin irabazlea Pedro Etxeberria izan zen. Bigarrena Hondarribiko Ekaitz Erauskin eta hirugarrena Ibarrako Iban Vicente.