UKUE-k bi ikastaro antolatu ditu enpresentzat

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 16a

Prebentzioa hobetzearen ingurukoa izango da ikastaro bat; bestean, enpresen nola datuak babestu ikasiko dute

Urola Kostako Udal Elkarteak bi ikastaro antolatu ditu eskualdeko enpresa eta autonomoentzat. Batetik, laneko arriskuen prebentzioari buruzko saioak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Izan ere, EAEn laneko istripuen kopuruak gora egin duela eta, prebentzioa gehiago lantzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu dute. "Jakin badakigu laneko arriskuen prebentzioaren araubidea ezagutu eta betetzea ez dela erraza, bereziki enpresa txikientzat eta langileak dituzten autonomoentzat". Hori hala izanik, udal elkarteak urtean zehar hainbat ekimen antolatuko ditu Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako enpresa txikientzat, eta lehenengoa orain abiatuko dute. Zure enpresan prebentzioa hobetu izenpean, enpres txikiak bisitatuko dituzte, prebentzioaren arloan aholkularitza jaso dezaten, "doan eta konfidentzialki". Elkarrizketa eta galdetegi baten bidez, prebentziorako modalitatea, arriskuen ebaluazioa, prebentzio jardueren plangintza, dokumentazioa… aztertuko dituzte. Informazioa lortuta, prebentzioa hobetzeko hobekuntzak eta neurri zuzentzaileak proposatuko dizkiete gero. Horrez gain, adierazi dute enpresek euren beharrei egokitutako aholkularitza tekniko pertsonalizatua jasoko dutela, goi mailako laneko arriskuen prebentzioko teknikari baten eskutik. Bertan parte hartzeko, urtarrilaren 31ra bitartean eman daiteke izena, 943-89 08 08 telefonoan, prebentzioa@urolakosta.eus helbidean edo www.urolakosta.eus atarian. Horrez gain, prebentzioaren arloan, aurreratu dute beste bi ekimen egingo dituztela datozen hilabetetan: batetik, laneko arriskuen prebentzioan mikroenpresek dituzten betebeharren inguruko sentsibilizazio kanpaina abiatuko dute otsailean; maiatzean, berriz, mikroenpresen arduradunentzako laneko arriskuen prebentzioko prestakuntza programa hasiko dute. Merkataritza elektronikoaren legediaren ikastaroa UKUE-k beste ikastaro bat ere antolatu du enpresa txikientzat eta autonomoentzat. Bertan, aukera izango dute enpresa eta webgunea datuak babesteko eta merkataritza elektronikoari buruzko legeetara egokitzeko. Lege horiek nola eragiten dizkieten eta ez betetzeak zer ondorio ekar ditzaizkieken landuko dute ikastaroan. Era berean, legeak eskatzen dituen alderdi praktikoak landuko dituzte. Bi saio egingo dituzte guztira: lehenengoa urtarrilaren 26an eta bigarrena otsailaren 2an. Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz) izango dira saioak, 13:30etik 15:30era bitartean. Parte hartzaileei bietara joateko gomendatu diete, gaiaren inguruko informazio osoa izan dezaten. Horretarako, aurretik izena eman behar da, 943-89 08 08 telefonoan, enpresa@urolakosta.eus helbidean edo www.urolakosta.eus webean. Ikastaroaren inguruko zehaztapen guztiak ere hor aurkitu daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide