Gipuzkoako Kintopeko Ligako finala asteartean jokatuko da Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 14a

Gipuzkoako Kintopeko Ligaren finalaren aurkezpena. (Aiora Larrañaga/Hitza) Gaur eguerdian Gipuzkoako Kintopeko Ligako finala aurkeztu dute Usurbilgo Saizar Sagardotegian. Aiako Idi Dema Elkarteak, Aipe Aizarnazabalgo Probazale Elkarteak, Azkoitiko Jo Ta Txikiu idi proba elkarteak, Errezilgo Gaztetandik Kultur Elkarteak eta Elgoibarko Idi Proba Elkarteak antolatu  dute 2016an zehar ligaxka, eta asteartean finala jokatuko dute Azkoitiko idi proba plazan. Gipuzkoako Kintopeko Liga jokatu den lehen urtea izan da aurtengoa, eta antolatzaileek idizaleen artean motibazioa piztu nahi zuten, hauek lurraldean antolatzen ziren proba guztietara joatea lortzeko eta Gipuzkoan idi probei bultzada emateko. Finala Azkoitian jokatuko bada ere, elkarteetako ordezkariek nabarmendu dute, elkarte guztiek parte hartuko dutela antolakuntzan. "Bost urterako hitzarmena sinatu dugu elkarteok, eta urtero finala herri desberdin batean antolatzea erabaki dugu", azaldu dute. Asteartean 22:00etan hasiko Gipuzkoako Kintopeko Ligako finala Azkoitiko probalekuan. Ligan zehar 12 idi parek parte hartu dute, eta puntu gehien lortu dituzten hiru idi-parek jokatuko dute finala: Orioko Olidenek, Errezilgo Txokolatek eta Errenteriako Patxi Illarretak. "Ligan zehar lotu dituzten puntuak finalerako sailkatzeko balio izan dute. Hala ere, finala egunean bertan lanik onena egiten duen idi-pareak irabaziko du". Gipuzkoako Federazioak kontrolatu du liga, baina ez du antolakuntzan parte hartu. "Bost elkarteok proiektua aurkeztu genuen Gipuzkoako Herri Kirol Federazioan, Gipuzkoa mailako txapelketa ofiziala sortzea baitzen gure asmoa. Hala ere, hainbat desadostasun izan genituen eta Gipuzkoako federazioa ez da antolakuntzan sartu", adierazi du Azkoitiko Jo Ta Txikiu elkarteko Aitor Olarreak. Datozen urtetan ere Gipuzkoako liga antolatzen jarraitzeko asmoa dute idi dema elkarteek, eta proiektua aurrera ateratzeko "laguntza gehiago eskatu" diote federazioari. Bestalde, datorren urteari begira, Euskal Herriko federazioarekin hitz egin eta Euskadiko Txapelketa ere antolatu nahi dute. Oliden: "Plaza berezia" Gipuzkoako Kintopeko Ligako finalean parte hartuko duten idien jabeak aurkezpenean izan dira, eta Iñaki Oliden oriotarrak "eskerrak" eman dizkie antolatzaileei Gipuzkoa mailako liga antolatzeagatik. "Gaur egun ez da erraza horrelako txapelketa bat antolatzea. Horregatik, Saizar Sagardotegiari ere eskerrak eman behar dizkiogu egin duen ekarpenagatik". Bestalde, oriotarrak nabarmendu du final "estua" izango dela, "borrokatua", eta idi probak atsegin dituzten herritarrak astearteko saiora gonbidatu ditu. Idizaleentzat Azkoitiko plaza "garrantzitsua" dela ere azaldu du Olidenek, "sona handia du plazak" eta Ipintza harriarekin jokatuko dute norgehiagoka idi-pareek. "Harri berezia da, arroka harria. Ipurdi zabala du eta muturra estua". Saizar Sagardotegia babeslea Saizar Sagardotegia izan da Gipuzkoako Kintopeko Ligaren babeslea, eta antolatzaileek Napo Lertxundiren laguntza eskertu dute. "Ahal dugun heinean herri kirolei bultzada ematen saiatzen gara Saizar Sagardotegitik", adierazi du Sagardotegiko arduradun Napo Lertxundik. "Aiako Idi Dema Elkarteko Pablo Aldalurrek eman zidan proiektuaren berri, eta gure aita Aiakoa zenez, ilusioz hartu nuen proiektua", gehitu du. Hurrengoak izango dira sariak: Txapeldunarentzat 1.400 euro, Saizar sagardotegiaren manta, txapela, akuilu sorta eta sagardo kaxa. Bigarren sailkatuarentzat, 1.200 euro, akuilu sorta eta sagardo kaxa. Hirugarrenak, berriz, mila euro, akuilu sorta eta sagardo kaxa irabaziko ditu.        

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide