«Itsasgintza egon den heinean existitu dira itsasargiak»

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 14a

Donostiako Arkitektura Eskolan masterra egin ostean, Itziar Navarro ikerlaria Gipuzkoako itsasargien inguruko doktoretza burutzen dabil orain

Getariako Itsasargia. (Ane Olaizola/Hitza) Itziar Navarro Amezketa (Iruñea, 1982) Donostian bizi da duela bi urte Donostiako Arkitektura Eskolan Eraikitako Ondareari buruzko masterra egin eta gero. Orain, Pasaiako Portuko Agintaritzak eta EHUk sinatutako hitzarmenaren ondorioz, beka bat eman diote itsasargien inguruko doktoretza burutzeko (Urola Kostan ere badira itsasargi bat baino gehiago). Eraikin berezi horien sekretuak topatzen dabil ikerlaria. Ikerketak helburu bikoitza du gainera: batetik, arkitektonikoa; eta bestetik, itsasargiak jendearengana hurbiltzea. Irutxuloko Hitzak elkarrizketa egin dio. Zer dakigu eta zer jakin behar genuke itsasargien inguruan? Hasteko, itsasargiek bereziki dutena ondare industrial ezezaguna direla da. Ez dira asko ikertu eta ez ditugu ezagutzen. Mundu literarioan metafora oso erabilia izan da itsasargien figura, baina arkitektura arloan ez dira oso ezagunak. Ikusten ari gara jendarteak sekulako jakin-mina duela gai honekin eta horrek ere bultzatzen gaitu gure ikerketak ezagutaraztera. Tesian zer ikertzen duzu zehazki? Eta nola egiten duzu lan? Gure oinarria arkitektura jendarte bakoitzak denbora zehatz batean egiten duen produktu bat dela da. Produktu konplexua da, bertan bizi garelako eta beste aktibitate oso ezberdinak bertan burutzen ditugulako, eta jendartearen behar edo helburu ezberdinetara moldatzen dena. Zehazki egiten duguna da formalki eta espazialki aztertzea, perzepzioak lantzea, zirkulazioak, erabilerak, lurraldean duen kokapena, zein helbururekin eraiki zuten, eraikitze sistemak eta faseak, egitura, materialak, patologiak eta eduki dituen erreformak eta hauen zergatiak. Honekin guztiarekin uler dezakegu zergatik arkitektura hau den modukoa den eta hortik gaur egunerako ondorioak atera ditzakegu. Zein egoeratan topatu dituzue eraikinak? Kontserbazio egoera ez da oso ona, izan ere, itsas giroak asko kaltetzen ditu eta eguraldi kaskar dexente jasan behar dute bere kokapenagatik. Hemen gehien bat ipar-mendebaldeko haizeak gogor jotzen du; teilatuak altxatzeko indarra behintzat badu, hau duela zenbat urte Getariakoan gertatu zen neguko gau batean. Beraz, pentsa zer nolako indarrez jotzen duen. Kontserbazio lanak eginen ditugu etorkizunean ondare hau hurrengo belaunaldietara pasa dadin. Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Irutxulo.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide