Josu Arrieta, EH Bilduren hirigintza zinegotzia. (Aitor Manterola)
Aurreko udan Zumaian gertatu ziren aparkatzeko arazoei konponbidea bilatzeko sistema ari da lantzen Zumaiako EH Bildu. Doakoa eta beharren arabera araututako eredua proposatu dute. Hirigintzako EH Bilduren zinegotzi Josu Arrietak proposatzen duten ereduaren nondik norakoak azaldu ditu.
Zergatik landu du EH Bilduk bere proposamen propioa? Udal Gobernua ari da gaia lantzen...
Garbi dago herriak arazo bat duela aparkalekuekin, batik bat azken urteotan udan izan duen bisitari kopuruaren gorakadagatik. Udal Gobernuak martxan jarri du bere proposamena, baina era itxi batean. Ez digute aukerarik eman ekarpenak egiteko.
Udal Gobernua lantzen ari den ereduaren berri ba al daukazue?
Oraindik ez dute landu herri osorako eta oso modu orokorrean dago, zehaztapenik gabe. Badakigu ordainpeko TAO sistema planteatzen dutela. Eta gure ustez ordainpeko TAO sistemak ez du aparkatzeko arazoa konpontzen. Dena den, gure ustez herritarrei aukera eman behar zaie ereduari ekarpenak egin eta erabakitzeko.
Udal Gobernua ari da auzoetan bilerak egiten...
Bilerak dira informatzeko, baina gero ez dira aintzat hartzen ekarpenak. Ardantzabideko kasua ikusi besterik ez dago.
Dena den, EH Bilduk ere bere proposamena landu du. Badago abiapuntu jakin bat.
Baina ez da proposamen itxia. Zerotik abiatuta zaila da ezer zehatza ateratzea. Guk proposamen bat landu dugu EH Bildu barruan, publiko egin dugu herritarrek ezagutzeko, eta hurrengo pausoa da bilera irekiak egitea, jendearen ekarpenak jasotzea, proposamena egokitzeko eta hobetzeko. Gure nahia da herritarrekin batera landutako eredua eramatea udaletxera, gainontzeko alderdi politikoekin eztabaidatzeko. Urtarrilean hasiko gara bilera irekiekin.
Zein da proposatzen duzuen irtenbidea?
Ordainpeko sistema ez da soluzioa. Azken finean, kanpotik datorrenak herri barruan aparkatzeko aukera izango du, baina ordainduta. Ez dio erantzuna ematen leku gabeziari. Gure sistemak aparkatzeko lekua bermatzen die egoiliarrei, eremu gehienak beraientzat gordetzen dira. Hortik aparte, beste hiru eremu bereizten dira, beharraren arabera. Errotazio altukoak, erosketak edo gestioak egiteko; errotazio ertainekoak, kirol instalazioen inguruan; eta egonaldi luzekoak herriaren kanpoaldean. Hauek denak doakoak. Azkenik, karabana gunea proposatzen dugu Santiago aldean, behar diren zerbitzu guztiekin. Hau ordainpekoa litzateke. Hori guztia uda parterako eta asteburuetarako planteatzen da, ordutegi jakin batzuekin.
Herria bi eremutan banatu duzue egoiliarrentzat. Zergatik?
Ohitura handia dago herrigunetik poligonora edo alderantziz kotxez joateko. Ohitura horiek aldatu behar ditugu.
Beraz, egoiliar txartelak aukera emango luke norberaren eramuan aparkatzeko, ez bestean.
Hori da. Baina kontuan izan hau udan eta asteburuetan planteatzen dela. Txartela doakoa izatea planteatzen dugu. Eta uko eginez gero garaje partikularra daukazulako, %50eko deskontua automobilaren gaineko zergan.
Eta Oikian, Artadin edo Narrondon bizi direnak?
Txartela izango lukete Zumaiara etortzen direnean lasai aparkatu ahal izateko, gainontzeko herritarrek bezala. Hori bermatzea bidezkoa eta beharrezkoa da.
Nola bermatuko litzateke aparkalekuen erabilera egokia?
Zaindariak kontratatuta. Udalak 120.000 euro dauzka aurreikusita TAO sistemarako. Diru horrekin soberan genuke, eta lanpostuak sortuko lirateke.
Bisitariek ez al dute alde egingo ezin badira herrigunera sartu?
Zumaia bisita azkarreko leku bihurtu da azkenaldian. Kotxearekin San Telmora igo, hura ikusi eta martxa. Sistema honekin herrian ordu gehiago egitera gonbidatzen dituzu, eta hori ona izango da merkatarientzat eta ostalarientzat.
ARDATZ NAGUSIAK
Epeak. Sistema indarrean jarriko litzateke udan egunero –ekainaren 15etik irailaren 15era– eta irailaren 15etik ekainaren 15era asteburuetan.
Egoliar txartela. Ibilgailua Zumaian inskribaturik dutenek jasoko lukete txartela etxean, doan.
Egoliar eremuak. Egoiliarrentzat gordeko dira ia aparkaleku gehienak. Bi eremu bereiztuko dira: herrigunea eta poligonoa. Bakoitzak berean bakarrik izango du aparkatzeko eskubidea.
Errotazio altua. Erosketak eta gestioak egiteko pentsatua. Moilan eta Alaiko Eroski aurrean, 160 aparkaleku inguru. Gehienez 45 minutuz aparkatu ahal izango da. Ordutegia: 09:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Hortik kanpo, libre.
Errotazio ertaina. Kiroldegiko eta itsas kiroldegiko erabiltzaileentzat pentsatuta, bi orduko iraupena, doan. 136 aparkaleku, bi kiroldegietatik gertu. Ordutegia, 08:00etatik 20:00etara. Gero libre.
Egonaldi luzea. Kanpotik datozen bisitarientzat, bi gune handi (ia 400 aparkaleku): kirol portuan eta Estazioko industrialdean. Doan eta egonaldi mugagabekoa.
Karabana gunea. Santiago aldean 50 karabanentzako gunea, zerbitzuekin, eta ordainpekoa. Egun osoan irekia eta gehienez, 48 orduko egonaldia.