Peio Aizpuru: "Gizarteak egia jakiteak arinduko luke pixka bat gure sufrimendua"

Baleike.Eus 2017ko urtarrilaren 2a

1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Pasaian. Haietako bat Dionisio Aizpuru zen, Peio Aizpururen anaia

Pasaiako hilketen inguruko hamaika dokumentu dauzka bilduta Peio Aizpuruk. (Gorka Zabaleta) 1984ko martxoaren 22an Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Pasaian. Haietako bat Dionisio Aizpuru zen, Peio Aizpururen anaia. Justiziaren bidea ia erabat agortuta, 32 urtez baztertuta eta ahaztuta sentitu ondoren, gau hartan Pasaian benetan gertatutakoa jasotzen duen dokumentala ari dira lantzen, "gizarteak egiazko errelatoa jakin dezan". Pasaiako gertaerez eta 32 urte hauetan sufritu dutenaz hitz egin du Peio Aizpuruk Baleike aldizkarian argiraratutako elkarrizketan. 1984ko martxoaren 22ko iluntze hartan, Peio Aizpuru (Azpeitia, 1963; Zumaian bizi da 1990etik) amarekin zegoen etxean. Arreba zaharrena Gasteizen bizi zen, gazteenak Donostian pasatzen zuen astea, eta aita ordurako ohean zegoen, fundiziora lanera goiz joaten zen eta. Anaia Dionisiok hilabeteak zeramatzan etxetik alde eginda. "Ni garai hartan soldaduska ari nintzen egiten, Cadizen (Andaluzia); hilabeteak neramatzan etxera ia etorri ezinik, Gabonetan ere bizpahiru egun baino ez; baina martxo hartan hilabeteko baimena izan nuen". Eta han zegoen, etxean amarekin, irratian lehen albistea eman zutenean: "Tiroketa Pasaian; hildakoak tartean; Komando Autonomoak ote diren susmoa". Beste daturik ez lehen informazio hartan. Gauerdiko albistegian xehetasun gehiago: hildakoak Komando Autonomoko lau kide ziren. Gau hartan beldurra eta kezka izan zituen ohelagun Peio Aizpuruk, eguna noiz argitu zain. "Goizean amak esnatu ninduen. Hildakoen artean Dioniren izena aipatu zutela, '35 urteko gizasemea'; baina akaso oker zeudela, Dionik21 urte izanda, ez zela posible 35 urteko batekin nahastea; agian ez zela gure Dioni...". Larritasun hartan, esperantza txikienari heldu nahian zeudela, hoska hasi zen etxeko telefonoa. Iparraldetik deia. Baietz, Dionisio tartean zela. Albistea asimilatzeko astirik gabe, aitaren bila bidali zuen amak, fundiziora. "Hura izan zen..., latza..., oso gogorra [arnasa hartu behar izan du eztarriko korapiloa askatzeko]; aitari esan behar semea hil egin dutela". Handik, zuzenean, Pedro Maria Isart Pelitxo Pasaian hildako beste azpeitiarraren etxera joan zen. "Neuk bakarrik joan behar izan nuen... Eta haiek ez zekiten ezer... Etxera sartu eta neuk eman nien notizia. Handik irten eta amarengana itzuli nintzen. Goizeko zortziak edo bederatziak izango ziren". Elkarrizketa osoa baleike.eus atarian irakurgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide