Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sarek eta 'Kalera kalera' egitasmoak antolatu dituzte ekitaldiak. Azpeitiko Udalak, berriz, presoen eskubideen aldeko eta dispertsioaren aurkako mozioa onartu du aho batez.
Presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko Sare mugimenduak hainbat ekitaldi antolatu du Gabonetarako. Azpeitian, bihar, 19:30ean elkarretaratzea egingo dute plazan. Abenduaren 31n, berriz, manifestazioa egingo dute, 18:30ean igerilekutik abiatuta. Azkoitian ere manifestazioa deitu dute abenduaren 31rako. 19:00etan hasiko da plazatik, eta dagoeneko hainbat atxikimendu jaso du mobilizazioak. Zarautzen, berriz, Salaketa eguna egingo dute abenduaren 30ean, eta 19:30ean elkarreratzea izango da udaletxearen plazan. Urtarrilaren 8an, aldiz, kotxe karabana egingo dute, 12:00etan, Astitik abiatuta. Hilaren 30ean, azken ostirala, izanik, elkarretaratzeak egingo dituzte herriz herri.
Kalera kalera egitasmoa
Preso ohiek bultzatutako Kalera kalera, bakea eta askatasuna irabaztera egitasmoa ere Gabonetan iritsiko da Urola Kostara. EPPKri "babesa erakusteko eta herri mobilizazioa pizteko" sortu dute egitasmoa, eta harekin bat egingo dute Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian.
Azpeitian itxialdia egingo dute abenduaren 30etik 31ra, Sindikatu Zaharrean. Itxialdia bukatzean, 08:30ean, Lannemezaneko espetxera martxa egingo dute, eta 16:00ak aldera itzuliko dira. Zumaian ere itxialdia egingo dute egun horietan.
Azpeitiko Udalean, mozio
Azpeitiko Udalak presoen eskubideen aldeko eta dispertsioaren aurkako mozio bat onartu zuen abenduko udalbatzarrean, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Gainera, Udal Gobernuak Sarek deitutako mobilizazioekin bat egin du, eta herritarrei haietan parte hartzeko deia egin die.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, "gaur egungo eta etorkizuneko gizarte egoki bat eraikitzeko giza eskubideak errespetatzea gutxienekoa da". Horrez gain, esan du giza eskubideak ezin direla baldintzatu: "Pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea ezinbestekoa da, ez dago aitzakirik. Euskal presoen eskubideak gure eskubideak ere badira". Gainera, giza eskubideak errespetatzen ez badira "demokraziarik ez" dagoela nabarmendu du.
Bestalde, Azpeitiko alkateak gogoan izan ditu dispertsioa jasaten ari diren hiru preso azpeitiarrak. "Kezkatuta gaude bidaia horiekin, dispertsio politikoarekin, kezkatuta gaude gaixo dauden presoekin, zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoekin zein 70 urtetik gorakoekin". Etxeberriak dio "iritsi" dela garaia "euskal presoak gure etxeetan edukitzeko eta gure herrian beste etapa bat irekitzeko". Gainera, Azpeitiko Udalak dei egin die herritarrei Sarek urtarrilaren 14an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko.