"Gure artean jarraitzen dute"

Juan Lui S Romatet 2016ko abenduaren 23a

Urolako trenbidean lan egin zuten 123 langile errepresaliatu zituzten 1936an. 80 urte geroago, pertsona haiek omendu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Omenduak izan diren langileen familiartekoak, Tabakalerako oholtza gainean. (Peio Romatet) Francoren gudarosteak 1936. urtean Gipuzkoan barrena sartu zirenean, Zumaia eta Zumarraga lotzen zituen Urolako burdinbideko langileek erresistentzia ekintza bat egin zuten: trenak eta bagoiak Bizkaia aldera eraman zituzten, eta horrek frankisten martxa moteldu egin zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako lan egiten zuten 123 langile haiek, ondoren, errepresaliatuak izan ziren eta beraien lanpostuak utzi behar izan zituzten. Langile gehienak Azpeitia eta Zumaiakoak ziren, edo beste jatorri batzuetakoak izanda ere, herri hauetan bizi ziren: 40 azpeitiarrak ziren, 30 zumaiarrak, 19 zumarragarrak, 18 azkoitiarrak eta 13 zestoarrak, urretxuarra zen beste bat, eta donostiarrak gainerako biak. Gertakari haiek izan eta 80 urte geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismoari aurre egin zioten langile haiek omendu nahi izan ditu. Herenegun egin zuten omenaldi ekitaldia Donostian, Tabakaleraren areto handienetakoan. Handia izanda ere, txiki geratu zen Patio izeneko aretoa, langile haien seme-alabez gain, hainbat familiarteko bildu zen ekitaldira. Euskal politikagintzako eta gizarteko hainbat aurpegi ezagun ere izan zen ekitaldian. Sinbolismoz betetako ekitaldia izan zen, ikusgarria eta, aldi berean, hunkigarria. Jose Ramon Soroizek, Miren Gojenolak eta Jabier Muguruzak gidatutako ikuskizunak Beñat Axiariren inprobisazioak eta txalaparta eta Ainara Ortegaren ahotsa; dantza, antzerkia eta musika uztartu zituen. Atzerako itzulia Tabakalerako aretoa 1930eko tren geltoki bihurtu zen, eta bertaratutakoak historian zehar egindako bidaia lazgarri batera eraman zituen, bost geldialdi edo mugarrirekin: gudarosteak Gipuzkoan Irunetik sartu zirenetik Intxortan (Elgeta, Gipuzkoa) denbora batez gelditu zituzten arte. Donostian, Zumaian eta Elgoibarren ere geldiuneak izan zituen trenak. Bakoitzean udalerri horietako alkateak igo ziren oholtzara, herri bakoitzean urte haietan gertatutako pasarteak kontatzera. Zumaiari dagokionez, 1937ko otsailaren 13an eta 14an izandako kanporaketak gogoratu ziren. Egun euritsu hartan herria utzi zuten 252 lagunek Agur, Jesusen ama abestu zuten, eta hala egin zuten Tabakalerara igo ziren abeslariek, eskutan maletak zituztela. Une hunkigarrienetakoa Markel Olano Diputatu nagusiaren eskutik etorri zen. Langileen erresistentzia ekintza hura gogora ekartzearekin batera, egun gutxira, Gernikan, Jose Antonio Agirreren Gobernua eratu zela adierazi zuen. "Eusko Jaurlaritza haren eta Francoren gudarosteen aurka egin zuten langile haien oinordekoak gara", Jarraian, banan-banan, 123 pertsona haien izenak irakurri zituen. "Ez daude gure artean, baina gure artean jarraitzen dute", esan ondoren, Urola treneko langile haien familiartekoak deitu zituzten oholtzara txalo artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide