Urtezahar egunean, San Silbestre herri lasterketa egin ohi da herri askotan, urtea kirola eginez amaitzeko. Azpeitian Xeye atletismo taldeak antolatzen du urte amaierako lasterketa, Urola Kostako Hitzaren laguntzarekin eta Azpeitiko Udalaren babesarekin. Beraz, abenduaren 31n 10:00etatik aurrera, hainbat proba izango dira, kategoriaka banatuta.
Eskolarteko probak eta lasterketa irekia jokatuko dira aurrena, eta parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena lasterketaren aurretik, plazan. 11:15ean patinatzaileen lasterketa egingo dute, eta hori bukatutakoan, 12:00ak inguruan, sei kilometroko lasterketa nagusia. Lasterketetan parte hartu nahi dutenek, kirolprobak.com webgunean eman behar dute izena, abenduaren 29a baino lehen.
Zumaian ere, patinatzaileen lasterketa egiteko asmoa dute abenduaren 31n. Zumaiako San Silbestre lasterketan, lehenengo patinatzaileak aterako dira eta gero korrikalariak; azken hauek, banaka edo bikoteka parte hartzeko aukera izango dute. Lasterketan parte hartu nahi dutenek, Zumaiako kiroldegian eman behar dute izena.
Eguerdi partean korrika
Getarian eguerdi partean egingo dute San Silbestre lasterketa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez "urtez urte indarra harzen" ari den ekitaldia da, eta "giro ederra sortzen" da herrian. Parte hartu nahi dutenek, lasterketa eremura azaldu behar dute abenduaren 31n eguerdi partean.
Orion ohitura da San Silbestre lasterketan parte hartzea, eta izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Orioko San Silbestre lasterketak parte-hartzea bultzatzea du helburu, beraz aurrenekoek ez dute saririk izango; sariak parte-hartzaile guztien artean zozkatuko dira. Lasterketa bukatzen denean, Arkaitz tabernak salda beroa banatuko du parte-hartzaile guztien artean.
Urte bukaerako lasterketan parte hartu nahi dutenek, Karela Kiroldegian eman dezakete izena, 2 euro ordainduta.
Urdaiazpikoa irabazleari
Aian, Zestoan eta Zarautzen arratsalde partean egiten dute San Silbestre lasterketa. Zarautzen Antoniano Kirol Elkarteak antolatzen du kirol ekitaldia, 17:00etan haurren lasterketa izaten da, eta 18:00etan helduena. Dortsalak salgai jarri dituzte Helmuga Kirolak dendan. Eguna baino lehen erosten dutenek 3 euro ordaindu beharko dute, egunean bertan aldiz, 5 euro.
Zestoan 16:45ean bilduko dira parte-hartzaileak eta 17:00etan hasiko dute proba. Ohitura den bezala, irabazleek urdaiazpikoa eta ardo botila jasoko dituzte sari bezala, baina parte-hartzaileen artean opariak zozkatuko dituzte.
Aian ere kirola eginez amaituko dute urtea. "Egun berezia da abenduaren 31, eta normalean jendea berandu ateratzen da kalera. Horregatik, arratsaldean antolatzen dugu lasterketa, herrian giroa sortzeko", azaldu dute Aiako Udaletik. 17:00etan hasiko da Aiako San Silbestre lasterketa, eta aiarrak parte hartzera animatu dituzte. "Aurreko urtetan ehun lagun inguru bildu dira, eta Aia bezalako herri txiki batentzat kopuru polita da".
SAN SILBESTRE LASTERKETA, HERRI HERRI
17:00. San Silbestre lasterketa Aian. Hiru kategoriatan banatuko dituzte lasterketako parte-hartzaileak.
Eguerdi partean egingo dute San Silbestre proba Aizarnazabalen. Ekitaldiak bigarren urtea izango du aurtengoa.
10:00. Haurren probak, mailaka.
11:15. Patinatzaileen proba egingo dute, 6 kilometroko ibilbidea.
12:00. San Silbestre lasterketa nagusia. 6 kilometroko ibilbidea du. Abenduaren 29rako Kirolprobak.com-en eman behar da izena.
12:00. Haurren San Silbestre lasterketa jokatuko da.
12:30. Helduen lasterketa hasiko da.
11:30. Haurren lasterketa egingo dute.
12:00. Helduen lasterketa. Biak Ikastola inguruan.
17:00. Haurren San Silbestre lasterketa, Musika plazan hasita.
18:00. Helduen lasterketa abiatuko dute.
17:00. Haur eta helduen San Silbestre lasterketa jokatuko da.
12:00. Haurren San Silbestre lasterketa jokatuko da Beheko Plazan hasita.
12:30. Helduen txanda izango da. Lehenengo patinatzaileak aterako dira, eta gero korrikalariak.