2017rako aurrekontuen proiektua aurkeztu du Udaleko Gobernuak

Juan Lui S Romatet 2016ko abenduaren 20a

Abenduaren 29an egingo dute udal aurrekontuak aztertzeko udalbatzarra . EAJren proiektuak bi mugarri ditu: aparkaleku arazoa konpontzea eta hondakinen gaia

Axular ibiltokia «bulebar egitea» jaso dute Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuan. (J.L.R) Hilaren 29ko udalbatzarrean aztertuko dituzte datozen urterako udal aurrekontuak Zumaian. Hamar egunen faltan, Udal Gobernuak 2017ra begira prestatu duen aurrekontuen proiektua aurkeztu du. Aparkaleku faltaren arazoari irtenbidea ematea, Etxezarreta kalearen eta Axular ibiltokia "bulebar egitea" eta Lubaki kiroldegiko hobetze lanak nabarmendu daitezke proposamen horretan. Aurrekontu hauek bi "mugarri" izango dituztela azaldu zuen atzo Oier Korta Zumaiako alkateak. Lehen mugarria, Zubitxikitik barrura kotxeen aparkaleku arazoari irtenbidea ematea izango dela adierazi zuen. Zumaian TAO sistema ezartzea aurreikusten du Udal Gobernuak. Trafikoaren erregularizazio hori faseka egingo dela aurreratu zuen: lehen urtean Moila-Larretxo-Parolbidean eta 2018an industrialdeetan. Trafikoa erregulatzeaz gain, ibilgailuen erabilera murriztu eta garraio ohitura osasuntsuak sustatzea du neurri horrek helburu. Bigarren mugarria hondakinen kudeaketa izango dela azaldu zuen. Urola Kostako Udal Elkarteak pasa den astean iragarri zuen sistema mankomunatuan sartuko da Zumaia ere. "Sistema bat landu da, bailara osorako ikerketa bat egin ondoren. Hondakin organikorako eta errefusarako gaur egungoak baino edukiontzi handiagoak jarriko dira". Gaur egun hondakinak jasotzen aritzen diren "langileen kontratuak subrogatzen" saiatuko direla ere gaineratu zuen. Gizarte Zerbitzuek jasaten duten lan kargari aurre egiteko, lan taldea handitzea ere aurreikusten du Udal Gobernuak. «Gaia aztertu ondoren, beste teknikari batekin indartuko da zerbitzua». Langile horrek abian dauden espedienteak aztertuko ditu: "Gero, baldintza batzuen bitartez lau hezitzaile eta psikologo bat kontratatuko dira teknikari horrek antzemango dituen behar horiek aurrera eramateko". Adineko jendeari eskaintzen zaion Etxez etxeko zerbitzuari dagokionez, hainbat herritarrek izena eman dutela informatu zuen, zerbitzu horretan lan egiteko. Horiek formazioa izan dezaten diru partida bat aurreikusi du Udal Gobernuak. Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 20.000 euroko diru partida bat ere jaso dute aurrekontuen programan, horiei alokairu gastuetan laguntzeko da. Turismo Bulegoko lan taldea uda garaian indartzeko, berriz, beste langile bat kontratatzea proposatu dute. Ekonomia eta enplegu sustapenerako, aldiz, Urola Kostako Udal Elkarteak bideratuko dituen 293.000 euroetarako 75.000 euro jarriko ditu Zumaiako Udalak. Bi kale bulebar egitea Hirigintza kontuetan, Lubaki kiroldegirako bi azterketa proposatu ditu EAJk. "Sumatu dugu kiroldegiko eraikina nahiko utzita egon dela. Bi azterketa kontratatu ditugu, horietako bat energia efizientziari buruzkoa da. Aurtengorako 117.000 euroko partida bat onartu genuen, eta datorren urtean beste 93.000 euro bideratuko dira". N-634 errepidea saihesbidetik igarotzen dela ikusita, Axular eta Etxezarreta kaleak «bulebaritzea» aurreikusten dute: "Aparkalekuak handitu eta espaloiak zabalduko dira, oraingoak oso estuak direlako. Bidabeazpitik Jadarrera bidea autoen eta bizikleten errail mistoa izango da. Kalea herritartu behar da, eta autoak ez du bidean nagusi izan behar". Itzurun hondartzako kantina eta komunak ere zaharberrituko dituzte, eta itxitura berrituko dute. San Jose kaleko planaren barruan, igogailua ezartzeko lur saila erosi dute, eta 2017an proiektua gauzatzea aurreikusi dute. Artadiko saneamendurako 230.000 euro bideratuko dira eta beste 225.000 herrian zehar saneamenduko lanak egiteko. Zentzu horretan Larretxon dauden arazoak azpimarratu dituzte: "Larretxoko gune batzuetan ur zikinak eta euri urak batera jaisten dira, banatu gabe. Hori hobetu behar da". Marianton parkean, berriz, kirola egiteko makinez gain, skate parke berria eta haurrentzako jolastoki estalia egin nahi dituzte. Hilerrian errautsak gordetzeko kolunbariorako diru partida ere gorde dute. Baserri bideak hobetzeko 25.000 euro eta Zaharretxerako beste 15.000 euro. Parte-hartze prozesua Parte-hartze prozesuan hamasei ekarpen jaso dituztela aurreratu zuen alkateak. "Batik bat bere auzoan sumatzen dituzten gabeziei buruzkoak izan dira. Ekarpen soilak dira, baina garrantzitsuak". Horietako batzuk, Bonifazio Etxegaraiko eta Larretxoko espaloiak erretxinarekin estaltzea kasu, aste honetan bertan egingo dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide