Azken astean UKUE-n lortutako akordioak positiboki baloratu ditu Kostako EAJk

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 16a

Kostako EAJko hainbat alkate eta zinegotzik parte hartu dute prentsa agerraldian. (Aiora Larrañaga/Hitza) Urola Kostako EAJk, azken astean Urola Kostako Udal Elkartean onartu dituzten gaien inguruan balorazioa egin du gaur goizean; Urola Kostako Udal Elkartearen 2017ko aurrekontua, zabor bilketa sistema berria, eta udal elkartearen balantzea izan dituzte hizpide. UKUE-ko 2017ko aurrekontua Atzo arratsaldean UKUE, Urola Kostako Udal Elkarteko, 2017ko aurrekontua onartu zuten, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren babesarekin, eta  Irabazi Zarautzen abstentzioarekin. Aurrekontua 7.416.997 eurokoa da, iaz baino %13,67 handiagoa. Agerraldian azaldu dute, udal elkartearen gidaritza hartu zuenetik, EAJk "ahalegin berezia" egin duela enplegua eta enpresa mundua sustatzeko. "Hezkuntza eta enpresa mundua lotu nahi ditugu, eta aurten lehen aldiz 282.000 eurokoa partida berezi bat onartu dugu, arlo horretan diru-laguntzak bideratzeko", azaldu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. Bestetik, turismoa sustatzeko partida ere igo egin dute aurten. Izan ere, 2019-2o22 urte bitartean Juan Sebastian Elkano getariarrak munduari bira eman ziola 500. urteurrena beteko da, eta udal elkarteak Getariako Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin Elkano Fundazioa sortuko du 2017an. "Garapen sozio-ekonomikoari dagokionean, Urola Kostarentzat onuragarri izan daitekeen proiektua dela iruditzen zaigu". Horretaz gain, 2014an itxi zen Urteta Zabortegian lixiabiatu planta egin behar du udal elkarteak, zabortegiak botatzen dituen ur zikinak jasotzeko eta pixkana araztegira bideratzeko. Horretarako, 800.000 euroko partida jaso dute aurrekontuetan. Gainera, Urola Kostako mailako gizarte zerbitzuen azterketa egitera 30.000 euro bideratuko dituzte. EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute arlo horretan, eta 2017an abiatuko dute lanketa. Euskara arloan ere adostasuna lortu dute bi aldeek, eta 10.000 euroko partida jaso dute udal elkartearen eta UEMAren arteko hitzarmenerako. Hondakinen gaikako bilketa EAJko kideak "pozik" agertu dira zabor bilketa sistema berriarekin, aho batez lortutako akordioa izan delako. "Azken urtetan zaborraren gaiak eztabaidak sortu ditu hainbat herritan. Urola Kostan gatazka ez da izan beste herrietan bezain gogorra, ondo bideratutako gaia izan baita. Uste dugu, aurreko legealdian martxan jarri ziren hondakinen mahaiak, eta horietan eman ziren eztabaidak positiboak izan zirela. Horregatik, mahai horietan egin zen lana balioan jarri nahi dugu, eta gaiarekiko izan duten inplikazioagatik eskerrak eman nahi dizkiegu eragileei eta herritarrei". Ildo horretan, jakinarazi dute, 2017ko urtarrileko 3. astean Orioko, Zarauzko eta Zumaiako hondakinen mahaiak deituko dituztela udaletatik, eta horietan parte hartu duten eragileei eta herritarrei sistema berriaren inguruko azalpenak emango dizkietela udal elkarteko ordezkariek. Gainera, hondakinen mahaietako kideei proiektu berriaren jarraipena egiteko aukera ere eskaini nahi diete. "Sistema berriaren garapena gardena izatea nahi dugu, eta horregatik herritarrei proiektuaren nondik norakoen berri emango diegu uneoro kanal desberdinen bidez", azaldu du Jexux Arana Zarauzko zinegotziak. Aranak uste du, akordioaren bidez, "hondakinen gaia arazo izatetik, kalitatezko zerbitzu bat izatera pasako" dela, eta "ingurumenarekin errespetua izango duen balaira batean bidean, urrats garrantzitsua izango dela iruditzen zaigu". Bestetik, EAJtik nabarmendu dute, bereiek beti edukiontzi bidezko bilketaren aldeko apostua egin dutela, eta 2018an martxan jarriko den bilketan sisteman "sinesten" dutela. Iturainen esanetan, gaia lantzeko sortu den talde politiko-teknikoa "oso garrantzitsua" izan da adostasunera iristeko, eta aurrerantzean ere bide hori jorratu behar dutela uste du. Iturainek EAJren izenean eskerrak eman dizkie alderdi guztiei, "adostasunetara iristeko izan dute jarrera onagatik, oso erraza baita zabor bilketaren gaiaren gainean akordioa lortzea", aitortu du. Udal Elkartearen kudeaketa balantzea EAJk udal elkartearen kudeaketa hartu zuenean, bi lehentasun markatu zituela azaldu du Iturainek: zabor bilketa mankomunatua eta enpresa-enplegu arloari bultzada berezia ematea. "Urte eta erdian, zabor bilketari dagokionean adostasuna lortu dugu, eta enpresa-enplegu arloan urrats garrantzitsuak egiten ari gara, enplegu duina sustatzeko bidean".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide