Zer egin Guascorreko eraikinarekin?

Juan Lui S Romatet 2016ko abenduaren 16a

Utzitako eraikina Zumaiako sarreran kokatuta dago, Santiago auzoan. (Juan Luis Romatet) Kostako errepidean barrena Zumaiara heltzean, Santiago auzoan, kirol portuaren aurrean eraikin zahar bat dago, utzita. Leihoak apurtuta, tailerra zegoen gunerako metalezko ateak zabalik, goiko solairuetarako eskailerak adreiluekin itxita, pintadak eta aspaldi izandako kontzertu eta bestelako ekitaldien kartelak hormetan... Utzita dagoenaren seinaleak nabarmenak dira. 1990eko hamarkada arte Guascor enpresak Zumaian izan zuen egoitza zen eraikina (lantegian Oikian zuen eta du gaur egun). Tailerra, bulegoa eta goiko solairuetan enpresa sortu zuenaren seme-alaben etxebizitzak zeuden. Hamarkada horretan, ordea, krisiak jo zuen enpresa eta Eusko Jaurlaritzari mailegu bat eskatu behar izan zion. Berme bezala, Santiagoko lur sail bat jarri zuen Guascorrek. Urteak aurrera joan ahala, jaurlaritzak berme hori exekutatu eta eraikinarekin, Artadi mendiko zati batekin eta udan aparkaleku bezala erabiltzen den zabalgunearekin gelditu zen. Gaur arte. Eusko Jaurlaritza ingurune horren jabe egin zenetik ez da ezer egin eta eraikinaren egoerak okerrera egin du. Zumaiako Udalak behin baino gehiagotan eskatu dio jaurlaritzari etxe hori eraisteko. Azkena orain bi urte egin zuen, 2014ko abenduan. «Segurtasun, osasun eta estetikagatik» eraistea eskatu zion garai hartan udalak, Iñaki Agirrezabalaga alkate zela. Eskaerak, ordea, ez zuen erantzunik izan. Enkantera atera dute Orain jaurlaritzak enkantera atera du eraikina, Sprilur enpresa publikoaren bitartez. 750.314 euroko prezioa jarri diote eraikinari. Eskaerak aurkezteko epea datorren ostegunean, hilaren 22an, amaituko da. Zumaiako Udaleko azaroko udalbatzarrean, galderen tartean, EH Bilduko zinegotzi eta Hirigintza batzordean koalizioak duen ordezkari Josu Arrietak jarri zuen gaia mahai gainean. Oier Korta alkateari enkante horretan parte hartzeko gonbita egin zion. Horretarako diru kopuru hori behar dela erantzun zion alkateak. Gorka Arregi udal arkitektoak gogoratzen duenez, aurrez ere eraikin hori enkantera atera izan dute. "Aurrekoan norbaitek interesa erakutsi zuen, baina baldintzak ezagutu zituenean, atzera egin zuen". Izan ere, lur sail horretan ezer gutxi egin daiteke orain. Gaur egun indarrean dauden arau ordezkatzaileak 2004. urtean onartutakoak dira. Herriko zenbait lekuetako fitxa urbanistikoek, ordea, ez zuten behin betiko onarpena jaso. Narrondokoa, Galvanizados Olaizola dagoen lur sailekoa eta Santiagokoa dira, besteak beste, onartu ez ziren fitxak. "Ez dut esango bertan dauden jarduerak legezko hutsunea duenik, baina gaur egungo arauak leku horietarako ez ziren onartu", adierazi du Arregik. Zenbait komertzio eta enpresa zabaldu dira Santiagoko inguruneko arauak onartu zirenetik. Arregiren esanetan, denda, taberna eta enpresa horiek "prekarioan" daude. Egungo arauetan fitxa hori agertzen ez denez, aurreko arauetara, 1993an onartu zirenetara, jo behar dela dio arktitektoak. "Baina arautegi hark ez ditu jasotzen ondoren onartu diren arau eta lege asko: Lurzoruaren Legea, distantziak errepidearekiko, babestutako eremuak, saneamendua... Pixka bat linbo batean dago eremu hori eta udalak hausnarketa egin beharko luke: eraikin edo leku horretan zer egin daitekeen zehazteko". Horrek izango du, nola ez, eragina Guascor zaharraren salmentan. Arrieta oso eszeptikoa da, ez du uste enkantean inork interesik erakutsiko duenik. "Arauak aldatzen ez badira, gaur egun ingurune horretan onartzen den jarduera bakarra errepide-mantentzea da". Zumaiako EH Bildu ari da bere aldetik Guascorreko eraikinaren gaia lantzen, lan taldeetan. "San Juan egoitzarentzat leku duina izan daiteke. Etorkizun batean, irisgarritasun, baldintza eta tamaina aldetik adinekoentzat toki hobea jarri daiteke bertan. Era horretan, gaur egun San Juan egoitza dagoen lekua libre geldituko litzateke, eta herrian dauden beharren arabera erabilera emateko moduan: musika eskola handitzea, aterpetxea komentutik mugitzea edo besteren bat", azaldu du EH Bilduko zinegotziak. Orain proposamenak lantzen eta zehazten ari direla gaineratu du eta "laster" publiko egingo dutela aurreratu du koalizioko zinegotziak.
Arau ordezkatzaileak berritzeko bidean Gaur egun Zumaian indarrean dauden arau ordezkatzaileak 2004. urtean onartu ziren eta berritze bidean daude. "Plan orokor baten eta arau batzuen artean badaude desberdintasunak eta horietako bat da arauek ez dutela epe mugarik", dio Gorka Arregi udal arkitektoak. Hala ere, 2015-2025 Zumaiako Plan Estrategikoaren barruan agertu den beharretako bat arauak berritzea dela gaineratu du. 2006an Lurzoruaren Lege berria onartu zen eta lege horren arabera herri guztietako arauak 2014rako berrituta egon behar zuten. "Lur zoruaren legeak zioen zortzi urteko epean, 2014an, herri guztietako arauak egokitu behar zirela lege berrira. 2014an, baina, beste lege bat onartu zen eta epea 15 urtera luzatu zuten. 2029rako plan guztiak egokituta egon beharko lukete lege berrira. EAEko 251 udalerrietatik 56k egokitu dituzte planteamenduak eta beste 65 arau tramitatzen ari ziren. Beste herri guztiek ez dute ezer egin. Gure asmoa da berritzen joatekoa, 2017an ez bada, lehenbailehen. Arauen izena aldatuko litzateke eta Zumaia Plan Orokorra izena hartuko luke".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide