Zumaiako hiru kooperanteak errefuxiatu batekin. (Darahli)
Jon Urbieta, Maialen Tolosa eta Amaia Zubimendi Darahli taldeko hiru kideak saharar herriak Tindoufeko desertuan dituen kanpalekuetan egon berri dira, Zumaiarekin senidetuta dagoen Zug herrian. Zortzi eguneko egonaldian, Darahlik han bultzatzen dituen zenbait proiektu zertan diren ikusi dute.
2015eko abenduan izandako uholdeen ondorioz kalteak jasan zituzten familiei laguntza ekonomikoa eman zitzaien: 12.000 euro guztira, 130 euro familiako. Darahlikoek horren jarraipena egin dute familiaz familia.
Emakume gazteek beraien proiektuak gauzatu ditzaten, mikrokredituen programa bat ere martxan dute. Sei proiektu lagunduko dituzte, eta bakoitzari milana euro emango dizkiete. Diru laguntza horren bidez bazar denda bat, ileapaindegi bat, janari denda bat, fotokopia eta argazki denda bat, burdindegia eta josteko denda bat zabalduko dituzte.
Horiez gain, behar handia duten 30 familia ere lagunduko dituzte aurten ere. Saharako egonaldian familiak aukeratu dituzte. Laguntza hori guztia bideratzeko, 2017ko martxoan kanpaina berezi bat antolatuko du Darahlik Alondegian.
Darahliko hiru kooperanteak aurrez ere egonak dira kanpalekuetan, Darahlik hara antolatutako bidaietan. Hala ere, "irrika eta emozioarekin" joan zirela diote. "Badute kanpamentu haiek zerbait berezia, zerbait bakarra".
Zoriontasun horrek ez ditu itsutu, ordea. "Egunerokoa zaila eta malkartsua da haiena. Bestalde, azkeneko aldiz izan ginetetik, hots, urte eta erdi bateko epean, nolabaiteko aurrerakuntzak ere antzeman ditugu. Hala nola, argi indarra heldu zaie etxe gehienetara".
Albiste ona izanda ere, bada kezka sortu dien zerbait ere: "Kanpalekuetara iristen den oinarrizko elikagaien urritasuna", hain zuzen ere. "Biztanleria etengabe ugaritzen ari denez, jada olio botilak nahiz arroz poltsak banatu beharra izaten dute familia desberdinen artean", gaineratu dute. "Oso egoera kritikotzat hartu genuen guk hori, eta, agian, gure herrian edota inguruko janari bilketetan aportazio handiago bat egin beharko litzatekeela ere bururatu zitzaigun".
Iazko uholdeen ondorioz, hainbat etxe erori egin ziren. "Kasu horretan, ordea, diru laguntzak oso baliagarriak suertatu zitzaizkien, jada familia gehienek berreraikiak dituzte euren bizilekuak".