Kantauriko uretan txitxarroaren arrantza kuota %23 txikitzea erabaki du Bruselak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko abenduaren 14a

Arrantzaleak arraina deskargatzen Getariako portuan. (Aiora Larrañaga/Hitza) Gaur goizean akordio batera iritsi dira Europar Batasuneko arrantza ministroak, eta Urteko Harrapaketa Kopurua (TAC) erabaki dute 2017rako. Hainbat orduz eztabaidatzen egon ondoren, hegoaldeko legatzaren harrapaketa kuota %1,4ko murriztea erabaki dute, eta %23ko murrizketa izango du Kantauriko txitxarroaren harrapaketa kuotak. Negoziazioan legatza eta txitxarroa izan dira ezatabaida gehien piztu duten espezieak, baina Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, "murrizketa horiek Europako Batzordeak hasieran erabakitakoa baino positiboagoak" izan dira euskal arrantzaleentzat; izan ere, %36ko murrizketa gomendatzen zuen hegoaldeko legatzaren harrapaketetan, eta %45ekoa Kantauri Itsasoko txitxarroaren harrapaketetan. Getariako Kofradiatik azaldu dutenez, eskualdean egunero arrantzara ateratzen diren tamaina txikiko itsasontziei eragingo die gehienbat legatzaren murrizketak, eta ontzi handiek jasango dute txitxarroaren kuotaren beherakada. Dena dela, uste dute "oraindik goiz" dela balorazioa egiteko. Izan ere, Kantauri Itsasoa bi arrantza eremutan banatuta dago; bata 8C deiturikoa Donostiatik Galiziara bitartekoa, eta bestea 8D deiturikoa Donostia eta Bretaña artekoa. "Normalean murrizketak ez dira homogeneoak izaten, hau da, zonalde guztietan ez da murrizketa bera ematen. Gainera, Espainiak berak, flota desberdinen artean banatuta du kuota, eta oraindik ez dakigu gure arrantzaleek zenbateko murrizketa izango duten", azaldu dute Getariako Kofraditik. Lagapenik ez Legatzaren eta txitxarroaren kuotak murrituz badira ere, euskal arrantzaleek "positiboki" baloratu dute antxoa kuota maximo historikoetan egotea, berdelaren kuotak %15 gora egin izana, eta hegaluzearen kuotak egonkor jarraitzea. Hala ere, Europa mailan erabakitako kuota banaketaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuko Arrantza Ministerioari eskatu dio,  "modu unilateralean eta arrantza sektorearen adostasuna eduki gabe inolako lagapenik ez egiteko beste estatu kide batzuei, pasa den otsailean Frantziari hegaluzearen 1.200 tona laga zitzaizkionean gertatu zen moduan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide