Zabor bilketa sistema berria aurkeztu zuten atzo Ana Benitok (Irabazi Zarautz), Mikel Goenagak (EH Bildu), Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek, Gloria Vazquezek (PSE-EE) eta Jesus Aranak (EAJ)
Zabor bilketa zerbitzu berria aurkeztu zuen atzo Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek. Eskualdeko udal talde guztien babesarekin, zabor bilketaren inguruko akordioa onartu du Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak; horren arabera, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, zabor bilketa zerbitzu osoa udal elkartetik kudeatuko da, eta hondakinak gaika biltzeko zerbitzu berria martxan jarriko dute.
2020. urtean hondakinen %75-80a gaika biltzea da sistema berriaren helburua, eta horretarako hainbat aldaketa egingo dituzte.
Alde batetik, etxeko hondakinak biltzeko bost edukiontzi erabiliko dira, baina errefusaren eta organikoaren edukiontziek erabilera mugatua izango dute. Etxebizitza bakoitzari bere edukiontzia izendatuko zaio, eta errefusa eta organiko edukiontzi horiek soilik erabili ahal izango dituzte herritarrek; edukiontziak txartel bidez irekiko dira. Papera-kartoiaren, ontzi arinen eta beiraren edukiontziek orain arte bezala funtzionatuko dute.
Horrez gain, bolumen handiko hondakinak eta traste zaharrak biltzeko zerbitzua ere zabaldu egingo dute, eta 2018tik aurrera astean behin pasatuko da kamioia herri bakoitzetik.
Landa eremuan edukiontzi guneak zentralizatu egingo dituzte, eta gune bakoitzean bost edukiontziak jarriko dituzte. Modu horretan, landa eremuko herritarrek birziklatzeko aukera izango dute.
Zerbitzu hobea
Udal elkartetik azaldu dute, sistema berriarekin «zerbitzu hobea» eskainiko zaiela merkatari, ostalari eta enpresei. Komertzioei eta ostalariei, sortzaile handiei eta ertainei, puntuz puntuko hondakin bilketa eskainiko die udal elkarteak, organikoa, papera-kartoia eta errefusa jasotzeko. Komertzioei astean sei aldiz eskainiko die zerbitzua, eta ostalariei egunero. Sortzaile txikiek, berriz, kaleko edukiontziak erabiliko dituzte.
Enpresei dagokionean, industrialdeetan puntuz puntu bilduko dituzte organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastikoa-poliespana. Bestalde, garbiguneak dituzten industrialdeetan, enpresek garbigunea ere erabili ahal izango dute beren egunerokoan.
Zabor bilketa zerbitzu osoa udal elkartetik kudeatuko da, eta 2018tik aurrera udal elkarteak egingo du zaborraren kobraketa.
%75 birziklatzea helburu
Egun, batez beste hondakinen %40a gaika biltzen da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian. Dena dela, «hondakinak gaika bereiztea eta sailkatzea herritar ororen betebeharra» dela uste du udal elkarteak; horregatik, 2020 urtean hondakinen %75 gaika biltzera iritsi nahi dute. Bilketa tasa progresiboa izango da, hau da, 2018an hondakinen %60a gaika biltzea lortu nahi dute; 2019an %70a; eta 2020an %75. Ildo horretan, Iturainek zehaztu zuen, sistemak hondakinen «%80a gaika biltzeko gaitasuna» duela, «beraz uste dugu txukun egiten bada, %80ko tasara irits gaitezkeela». Zehaztutako portzentaiak lortzen ez badituzte, neurri zuzentzaileak aztertu eta bideratuko dituztela azaldu dute.
Balorazio positiboa
Urola Kostako Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordea «pozik» dago sistema berriarekin, eta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek udal elkarteko teknikariei egindako lana, eta alderdi politikoei, «adostasunera iristeko erakutsi duten prestutasuna» eskertu zuen. «Alderdiek une oro oso jarrera ona izan dute», nabarmendu zuen.
EH Bilduko ordezkari Mikel Goenagaren iritziz «albiste ona» da hondakinen bilketa sistemaren gainean akordioa lortu izana. «Aurreko agintaldian, hainbat herritan sortu ziren Hondakinen Mahaiek egin zuten lana aitortu nahi dugu, horietan lortu ziren adostasunak oinarri izan baitira akordioa lortzeko».
Irabazi Zarautzen esanetan «oso garrantzitsua» da gaikako hondakin bilketa tasa handitzea. «Gure kezka ez da teknikoa, guri herritarrak sentsibilizatzeak kezkatzen gaitu, eta ildo horretan lan egiteko prest gaude».
Iritzi berekoa da, Zarauzko Udaleko PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquez ere: «Hondakinena arazo garratzitsua da gizartean, eta herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da markatutako gaikako bilketa tasa lortzeko».
EAJko ordezkari Jesus Arana ere «oso gustura» agertu da lortu den akordioarekin. «Aurreko agintaldian gure proposamena edukiontziak mantentzea eta hezkuntzan eta sentsibilizazioan ahalegin berezia egitea izan zen. Proiektu honek bi ardatz horiek uztartzen ditu, eta konbentzituta gaude sistema berriak funtzionatuko duela, eta ekonomikoki ere jasangarria izango dela».