Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo banatu zituzten EuskoSkills Lanbide Heziketako Olinpiadetako sariak, eta eskualdeko hainbat ikaslek dominak eskuratu dituzte. Eneko Barkin azpeitiarrak CNC Tornu proba irabazi du, eta proba horietan bigarren egin du Ion Iriondo zumaiarrak. Biak Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko ikasleak dira IMHn. Maddi Esnaola Zarauzko Monte Albertiako ikasle azpeitiarrak, berriz, estetikako EuskoSkills proba irabazi du, eta Laia Sanchez zarauztarrak ileapaintzaileen proba.
Azaroan eta abenduan jokatu zituzten CNC tornu, estetika eta ileapaindegi probak. Atzo jakinarazi zituzten sarituen izenak, sari banaketa ekitaldian. EuskoSkillseko lorpenak tarteko, SpainSkills probetarako txartela lortu dute Barkinek, Iriondok, Esnaolak eta Sanchezek.
Bestalde, joan den urtean SpainSkillsen lehen postua eskuratu zuen Jon Lapeira azpeitiarrak EuroSkillsen parte hartzeko aukera izan du. IMHko ikasle ohia Goteborgen (Suedia) izan zen abenduaren 1ean, 2an eta 3an. Ez zuen sailkatzerik lortu, baina "esperientzia ezinhobea" izan dela azaldu du azpeitiarrak. Iaz Brasilen egin zen WorldSkillsen ere izan zen Lapeira. Iñaki Hernandez azpeitiarra izan zuen Lapeirak tutore lanetan. Hernandezek EuskoSkills eta SpainSkills irabazi zituen 2015ean.