Maiatzaren 7an egingo dute estatus politikoari buruzko herri galdeketa Urola Kostako zortzi herritan

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 13a

‘Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?’ izango da herri galdeketan erantzun beharreko galdera. Orain sinadurak biltzen hasiko dira

(Aritz Mutiozabal) Urola Kostako zortzi udalerrik  –Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia– Euskal?Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketa egiteko data eta galdera adostu dituzte, eta gaur arratsaldean eman dute jakitera Zarauzko Modelo aretoan eginiko ekitaldian. Eskualdeak "indar erakustaldia" egingo duen eguna 2017ko maiatzaren 7a izango da, eta egun horretan 16 urtetik gorako herritar denak deituko dituzte ondorengo galdera erantzutera: Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? Idoia Alberdik eta Xabier Euzkitzek gidatuta egin dute aurkezpen ekitaldia. "Gaurkoan erantzukizun garrantzitsu batek bildu gaitu hemen. Izan ere, hitza hartzeko unea ailegatu zaigu Urola Kostako herritarroi", esanez ekin dio Alberdik. Lekukoa hartuta, ekainean Azpeitian egin zela eskualdeko lehen galdeketa gogora ekarri du Euzkitzek, eta "gaurtik aurrera Urola Kostako herritarrok indarrak batu eta gure bidean aurrera egiteko momentua iritsi zaigu", erantsi du. Etxarri Aranatzen egin zuten lehen herri galdeketa 2014an, eta ordutik 38 udalerritako herritarrek hartu dute hitza; 130.000 biztanlek baino gehiagok, alegia. "Euskal Herriko beste hainbat herritan egin duten moduan guk ere gure etorkizunari buruz bozkatuko dugu. Herritarrok hitza hartuko dugu, libreki eta demokratikoki. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako", nabarmendu du Alberdik. Horretarako "olatu handi bat" osatzea dute helburu, "hitzaren eta erabakiaren aldeko olatua". Euzkitzeren hitzetan, ez da "erronka makala" izango. Izan ere, 60.000 "ur tanta" [herritar] animatu nahi dituzte bozetara, elkarrekin "olatua" sortzera. "Udaberrian lehertuko gara, indar erakustaldia egingo dugu, erabakitzeko eskubidearen bidean mugarri izan behar baitu gure eskualdeak". Galdeketa jendetsua bada, Alberdik dio "bultzada handia" emango zaiola erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduari. "Olatuak erraldoia behar du, ezinbestean". Aldaketa erabakitzeko Herri "irekiagoa, toleranteagoa, libreagoa" eraiki nahi dute, herritar guztien ekarpenarekin. "Gaur egungo estatus politikoak ez ditu gure beharrak asetzen. Kezka ugari ditugu, baina inork ez digu haien inguruan galdetzen. Euskal Herrian, gehiengoak eskatzen du aldaketa. Pertsona adina proposamen daude, baina bada gauza bat guztiok elkartzen gaituena: aldaketarako nahia. Herri gisa aldaketa hori eskatzeko eskubidea daukagu, eta aldaketa hori nolakoa izango den erabakitzekoa. Oraintxe da horretarako momentua", adierazi du Euzkitzek. Demokrazia osasuntsu batek herritarren hitza duela oinarri gaineratu zuen. "Herritarren hitza ezin da isildu. Udaberrian, beraz, zer esana badaukagula erakutsiko dugu, eta merezi dugula gure etorkizuna erabakitzea". Galdeketak, gainera, aldaketa nahi dutenak zenbat diren jakiteko balioko duela azaldu zuen Alberdik. "Horrexegatik da hain garrantzitsua galdeketa hauetan parte hartzen dutenen boto bakoitza. Boto horiek lortzeko lana egin beharko dugu datozen hilabeteotan, olatua ahalik eta handiena izan dadin. Baina ziur gaude fruitu emankorrak emango dituela gure lanak". Alde bateko zein besteko iritziak dituztenak elkartzea dute xede, "aniztasuna izango baita gure garaipena". Galdeketaren prozesua abian jarri ahal izateko beharrezkoa izango da herritarren %10ak sinatzea, eta, hain justu ere, sinadura bilketari hasiera eman diote gaurko ekitaldian. Erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa agertze aldera, herrietako hainbat ordezkari igo dira oholtza gainera, herrika deituta, eta sinatu ondoren, oholtza gainean bertan geratu dira, bakoitza bere herriko hautetsontziaren ondoan. Bertan izan dira, besteak beste, Ainhoa Murua triatleta, Ainhoa Alberdi aktorea, Axi Muniain surfista, Idoia Arrieta historialaria, Mikel Orbañanos arraunlaria, Ibon Gaztañazpi telebistako aurkezlea, Jon Maia bertsolaria, Arritxu Iribar kazetaria, Joxe Arregi frantziskotar ohia eta idazlea, Garikoitz Mendizabal musikaria, Juan Jose Goenatxo II harrijasotzailea eta Jexux Larrañaga antropologoa. Ekitaldiaren azkenaldera argitu dute Alberdik eta Euzkitzek galdeketaren eguna eta galdera bera. Amaieran, Jon Maia eta Maddi Gallastegik agurreko bertsoak bota dituzte, eta aretora gerturatutako guztiak oholtza gainera igo dira familia argazkia ateratzeko.
HERRIZ HERRI: AIZARNAZABAL - Haizatu. Herri galdeketa antolatzeko sortzeko bidean ari dira lanean 10-15 herritar Aizarnazabalen.  Abenduaren 31n aurkeztuko dute Haizatu elkartea, 13:00etan, plazan; Sansilbestreko probaren ondoren. Orduan hasiko dira sinadurak biltzen, biztanleen %10aren sostengua beharko dute herri galdeketa egiteko, baina kopuru hori baino gehiago lortzea dute helburu. AZKOITIA - Urrats. Joan den irailean aurkeztu zuten Azkoitian herri galdeketa sustatuko duen Urrats elkartea. Herri galdeketa egiteko 1.200 herritarren babesa izatea nahikoa dute, baina gehiago lortu nahi dituzte. 1.086 sinadura bilduta dituzte dagoeneko, eta Gabonetarako helburua lortzera heldu nahi dute. Larunbatero ipintzen dute sinadurak biltzeko mahaia eliz atarian, 11:30etik 13:30era bitartean. Horrez gain, abenduaren 24an eta 31n eguerdian eta arratsaldez sinadurak biltzen jardungo dute Urrats taldekoek. ERREZIL Errezilen azaroaren 30ean egin zuten herri galdeketa antolatzen hasteko lehen bilera, eta 30 lagun bildu ziren bertan. Ostiralean bilera egingo dute, 18:30ean, pintxo potearen aurretik, eta bilera horretan sortuko dute Errezilen herri galdeketa sustatuko duen elkartea. Bertan erabakiko dute haren izena zein izango den ere. Errezilen kasuan, 16 urtetik gorako biztanleen %15en sinadurak bildu beharko dituzte galdeketa martxan jartzeko. 500 sinadura inguru izango direla aurreikusten dute. GETARIA - Brankan. Getarian herri kontsulta egiteko helburuarekin sortu zuten Brankan elkartea; joan den azaroaren 12an aurkeztu zuten. Herri galdeketa egin ahal izateko behar dituzten sinadurak biltzen datozen egunetan hasiko dira, Kale Nagusiko Gure Txeruren lokalean. Larunbatean eta igandean, 12:00etatik 14:00etara, egongo dira getariarren sinadurak biltzen. Abenduaren 23an, 18:30etik 20:30era eta hilaren 31n 11:00etatik 14:00etara. Urtarrilaren 14an, 15ean, 21ean, 22an, 28an eta 29an ere bilduko dituzte sinadurak, 12:00etatik 14:00etara. Otsailaren 4an, 5ean, 11n eta 12an 12:00etatik 14:00etara eta otsailaren 17an 18:30etik 20:00etara. ORIO - Baliza. Orioko herri galdeketa bultzatzeko Baliza elkartea azaroaren 23an aurkeztu zuten, eta herritar askok parte hartu zuen ekitaldi hartan. Kontsulta egin hala izateko herritarren sinadurak biltzen ostiralean hasiko dira. 19:00etan, plazan. Orduan Baliza elkartearen aukezpeneko argazki eta bideo emanaldia eskainiko dituzte, trikitilariek girotuta. Horrez gain, hurrengo egunetan honako tokietan bilduko dituzte oriotarren sinadurak: datorren igandean, 12:00etan, plazan; abenduaren 23an, Herribil ikuskizunaren aurretik; eta, abenduaren 24an eta 31n, 12:00etan, plazan. ZARAUTZ - Zarahitz. Zarautzen herri galdeketa sustatzeko helburuarekin joan den urriaren 26an aurkeztu zuten Zarahitz herri ekimena, esparru askotariko herritarren eta eragileen babesarekin. Azaroaren 26an, berriz, lehen topaketa irekia egin zuten, herri galdeketa antolatzeko egitezkoez-eta hitz egiteko. Datorren maiatzaren 7ko herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketa larunbat honetan bertan hasiko dute Zarahitzekoek: Santomas azokan, Lege Zaharren enparantzan, talo postua eta sinadurak biltzeko mahaia jarriko dituzte. ZESTOA - Hitziturri. Zestoan ere herri galdeketa egingo dute 2017ko maiatzaren 7an, Urola Kostako hainbat herrirekin batera. Azaroaren 19an aurkeztu zuten galdeketa bultzatuko duen Hitziturri taldea. Orain hasiko dira sinadurak biltzen. ZUMAIA - Ontziratu. Azaroaren 2an aurkeztu zuten Ontziratu talde eragilea. Hainbat zumaiarrek eratu dute taldea Zumaian erabakitzeko eskubidea gauzatzeko helburuarekin. Mila sinaduratik gora lortu behar dituzte herri galdeketa egin ahal izateko. Pasa den abenduaren 2an, Ontziratu taldearen lokala inauguratu zuten Aita Mari kalearen 10. zenbakian, Ostolaza burdindegia zenean. Larunbatean hasiko dute sinadura bilketa, Erribera kalean jarriko dute mahaia 18:30etik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide