Zumaiako barra zaharraren horma berritua zabalagoa eta altuagoa izango da

Baleike.Eus 2016ko abenduaren 12a

Barraren lehen zatia erabat hondatzeko zorian dago. Harlanduzko horma zaharra hormigoiarekin zabalduko dute itsasoko aldetik, eta altuera handiagoa emango diote. Zati berrian, berriz, harrizko bloke handi gehiago jarriko dituzte, olatuen oldarraldietatik babesteko.

Itxura hau izango du barrak konpontze lanak amaitzean. (Baleike.eus) 2014. urteko denborale gogorrek kalte larriak eragin zituzten Zumaiako barran. Azaleko zenbait konponketa egin ziren iaz, baina barrak egiturazko arazoak dauzka, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren txostenaren arabera. Kalteak oso larriak dira, eta barraren zati zaharra erabat hondatzeko arriskuan dago. Arazo horiei aurre egiteko, hiru milioi euroko aurrekontua onartu zuen jaurlaritzak eta lanean ari dira urriaz geroztik. Zatirik kaltetuena hasierakoa da, barraren zati zaharrena. Joan den otsailaren 9ko denboraleak hormaren gainaldeko zati handi bat hautsi zuen, 60 bat metrokoa. Gainaldeko harlanduzko blokeak mugitu eta horma hondatuta gelditu zen olatualdi hartan, barra bera arriskuan uzteraino. Konponketa lanen parterik ikusgarriena zati horretan egingo dute; hain zuzen ere, barraren 27. metrotik aurrera. Oro har, barraren zati zaharrean horma sendotzea dute helburu. Alde batetik, itsasorantz zabalduko dute, harlanduzko horma zaharrari hormigoizko horma berri bat gehituta. Biak hobeto lotzeko, burdinazko barrak sartuko dituzte tartean. Baina horma zabaltzearekin batera, altuera ere emango diote. 220 metroko barra zatian egingo dituzte lan horiek. Lehen 30 metroko tartean, hormak 8,68 eta 9,38 metro arteko altuera izango du. Hurrengo 90 metroetan, 11,20ko altuera hartuko du, eta azken 98 metroetan –barraren zati berriarekin bat egiten duen tartean– 12,15 metroko altuerara iritsiko da. Jarraitu albistea irakurtzen, Baleike.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide