Eskualdeko hainbat lagun Gipuzkoa Kirolak sarirako hautagaien artean

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 7a, 12:23

Zarauzko Eskubaloi taldea, Ainara Aymat eta Ainhoa Murua zarauztarrak, Iñigo Peña zumaiarra eta Xabier Oroz azkoitiarra daude hautagaien artean. Abenduaren 14an egingo dute Irunen Gipuzkoako Kirolaren Ekitaldia, eta bertan banatuko dituzte sariak. Gipuzkoarren saria ere emango dute, eta jendearen botoen bidez aukeratuko da.

Ainhoa Murua garaile izan da aurtengo Zarauzko Triatloian (Aritz Mutiozabal). Gipuzkoako kirol federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan, hainbat hautagai proposatu dituzte Gipuzkoa Kirolak sarirako. Kirol merezimenduengatik Gipuzkoan gehien nabarmendu den kirolaria edo kirol taldea saritzea du helburu aitortza honek, eta hautagaien artean hainbat eskualdeko kirolari daude. Hain zuzen ere, Zarauzko Eskubaloia, Ainara Aymat surflaria eta Ainhoa Murua triatleta zarauztarrak, Iñigo Peña piraguista zumaiarra eta Xabier Oroz saskibaloiko jokalari azkoitiarra daude proposatu  dituzte saria jasotzeko. Gipuzkoako Surf Txapelketako irabazlea da Aymat, eta mundu mailako zirkuituko probetan lehiatzaile izatea baloratu dute. Muruaren eta Peñaren kasuan, Rio de Jaineron Olinpiar Jokoetan parte hartu izanagatik hautatu dituzte. Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalaren jarduna gogoan izan dute. Eta Orozi dagokionez, Hogei urte azpikoen Europako txapelketan urrea irabazteagatik sartu dute hautagaien artean. Epaimahai tekniko batek erabakiko du nori eman Gipuzkoa Kirolak saria, eta irabazleak 2.000 euro jasoko ditu. Baina bigarren sari bat ere izango da –Gipuzkoarren Kirola saria–, eta jendeak boto bidez erabakiko duena; Gipuzkoa Kirolaken webgunean eman daiteke botoa, abenduaren 12a bitartean. Bozkatuenak 1.000 euro jasoko ditu. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango da, Gipuzkoako Kirol Ekitaldian; 18:45ean hasita, Irungo Ficoban.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide