Ospatzeko eta indartzeko

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 1a

Askotariko ekitaldiak antolatu dituzte herriz herri Euskararen Egunaren harira. Zenbait herrik bat egin dute EAEko instituzio zein euskalgintzako eragileek sortutako testuarekin.

Euskararen ura egin zuten iaz Zumaian, Sanjuaniturria eta Torreberri artean giza kate bat osatuz. (J.L. Romatet) Larunbata da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta hori ospatu eta indartzeko, hainbat ekitaldi prestatu dituzte Urola Kostan egunotarako. Egitarau zabalak antolatu dituzte herriz herri udalek, eragileek zein ikastetxeek.  Zumaian, esaterako, lehenbiziko aldiz Euskarari buruzko desioen zuhaitza ekitaldia izango dute etzi. Herritarrak kalejiran joango dira Beheko plazara, trikitilariek lagunduta, eta Torreberri aurrean elkarte eta taldeen desioak jarriz, guztien artean zuhaitza osatuko dute. Getarian, berriz, gazte asanbladak eta udalak euskararen aldeko asteburua antolatu dute, eta besteak beste, eskuko telefonoekin grabatutako bideo lehiaketako sari banaketa, triki-kantu poteoa eta bertso afaria izango dira.  Sarrerak salgai daude Harritarten, Harralden eta Sokoan. Zarautzen, berrikuntza gisa, kirolguneetan, partidak hasi aurretik, bina talde Euskaraz bizi nahi dut banderolarekin zelaira sartu eta argazkiak aterako dituzte larunbatean. Ondoren, #zarautzeuskaraz2016 traola erabiliz Twitterren partekatuko dituzte irudiak. Arratsaldean izango da ekitaldi nagusia: musika eskolako ikasle zein irakasleek, herriko ikastetxetakoak eta herritarrek kalejira egingo dute, Imanol Urbietaren abestiak kantatuz; Donibane plazatik abiatuko dira. Zarautzen ez ezik, beste herritan ere oroituko dute Urbieta;  Azpeitian, Orion eta Zumaian, esaterako. Haren abestiak kantatuko dituzte egunotan. Eskualdeko ikastetxe gehienek ostiralean ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna. Azkoitian, berriz, ikastetxe guztiak bateraturik, ekitaldi berezia egingo dute igande goizean bertan. Suziria botako dute udaletxeko balkoitik, eta ongietorria eginez, alkateak hitza hartuko du ondoren. Herriko plazan, egun horretarako sortu duten manifestua abestuko dute gero, beste hainbat abestiren artean. Gogoeta bultzatzeko Eskualdeko udal gehienek egin dute bat Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek, EAEko hiru hiriburuek, Eudelek eta Uemak aurtengo Euskararen Egunerako osatutako testuarekin. Besteak beste, Azkoitikoak, Azpeitikoak, Oriokoak, Zarauzkoak, Zestoakoak eta Zumaiakoak onartu dute adierazpen instituzional gisa. Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburupean, galdera horren inguruan hausnartu eta horri erantzuteko deia egiten du.Testuak dio euskara "hazkunde nabaria" ari dela izaten, eta hori «gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker» dela. Horregatik, "abenduaren 3a pozik bizitzeko eguna dugu euskaldunok". Aldi berean, indarberritzeko eguna ere bada, "izan ere, gaur egun oraindik, bi hizkuntza ofizialen berdintasun sozialetik urrun gaude". Euskara "hizkuntza erabilia eta bizia" izatea da helburua, idatzian jaso dutenez. Horregatik euskara eta hizkuntza-elkarbizitza sendotzeko konpromisoa hartu dute testua osatu dutenek eta ari atxikitu direnek. "Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat". Herritarrak nahiz eragileak galdera hori egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera gonbidatu dituzte, "guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbitzitza sendotzeko". Azkoitin, larunbat arratsaldean bertan irakurriko dute testua, udaletxean egingo duten ekitaldi ofizialean. Euskara sustatzeko plana Urola Kostako instituzio horiek zein askotariko eragileak atxikitu dira hainbat instituziok eta euskalgintzako eragileek adostutako adierazpenera. LAB eta ELA sindikatua ez, ordea. Argudiatu dute Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarekin ez dutela harremanik, horrek "LanHitz egitasmoa apurtu eta diru laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenetik". Era berean, ez dira ados agertu testuaren edukiarekin, «lausoa» delako eta jaurlaritzak ez duelako "egiazko konpromiso politikorik hartzen". Halaber, idatzia konpromiso indibidualei begira dagoela diote, eta hori ez dela "bidezkoa": "Ezin dugu maila berean kokatu instituzioen eta herritarron erantzukizuna". Horregatik, "guztien hizkuntza eskubideak" bermatuko dituen hizkuntza politika eskatu dute eta iragarri dute Urola Kostan proiektu bat jarriko dutela martxan. Jakinarazi dutenez, eskualdeko 10-15 enpresatan euskararen erabilera bultzatzeko programak jarriko dituzte martxan, Kontseiluaren laguntzarekin. Urtarrilean hasiko direla jakinarazi dute.
Egitaraua herriz herri Aia Bihar, abenduak 2. Lardizabal Eskolak antolatuta: - 09:00tik aurrera. HH-LH 3. maila bitarteko ikasleei gurasoek haurrei ipuinak kontatuko dizkiete;  Flashmob-a Euskararen Txantxangorria abestiarekin; LHko 4, 5  eta 6. mailakoengana joango da Xabier Euzkitze, eta gainontzekoena ipuin kontalari bat;  txikienentzat filma euskaraz, eta nagusientzat karaokea. Aizarnazabal Bihar, abenduak 2. - 16:30. Guraso elkarteak antolatuta, eskolan umeentzako txokolatada, dantza eta puzgarriak. Azkoitia Etzi, abenduak 3. - 11:30-13:30. Megafonia bidez euskal musika. Tarbernetan ere. - 17:00. Orbel-jokoen finala, Elkarguneko Intsausti gelan. - 19:00. Adierazpen instituzionala udalbatzar aretoan. -19:15. Landa, Antxitte eta Garixekin kalejira eta triki-poteoa. - 19:30-22:00. Kupela, Balda plazan; euria bada, Kontzejupean. Astelehena, abenduak 5. - 11:30. Ikastetxeen ekitaldia. Suziria udaletxetik eta alkatearen hitzartzea. Herriko plazan, Euskararen Eguneko manifestua, Behin betiko eta Zer nolako zortea bertsoa abestuko dituzte. Azpeitia Gaur, abenduak 1. - 15:00-17:00. Txokolatada euskaltegikoekin, Sanagustinen. Bihar, abenduak 2. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik antolatuta: - Goizean. Irratsaioa, ipuinak, idazlea gelan eta dantzak, besteak beste. - Arratsaldean. Txantxangorriaren dantza flashmob-a, jolasak eta askaria, besteak beste. Iraurgi ikastetxeak antolatuta: - 09:30ean hasita. LHko 1. eta 2. mailakoek Haur Eskola eta HHkoei saioa eskainiko diete; HHkoek Bizi euskaraz banderatxoak egingo dituzte; LH 5ekoek Sanagustinen jarriko dituzte hitanoari buruzko irudiak;  LH 6koek olerkiak irakurriko dizkiete 4. mailakoei;  DBH 3koak Durangoko Azokara; DBH 4.koak bertso saioa; DBH 1 eta 2koak ginkana; horma irudi erraldoia eta Euskararen Eguneko manifestuaren irakurketa, besteak beste. Urola ikastolak antolatuta: - Egunean zehar. DBH 1. eta 2. mialakoak ibilbide neurtua. Urrestillara; irudi lehiaketa DBH 1. mailakoentzat; DBH 3. mailakoak ur instalazioetara bisita eta DBH 4. mailakoek jokoak eta filmak, besteak beste. Astelehena, abenduak 5. Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatuta: - 09:30etik aurrera. Pregoia;  jolasak; ipuin kontaketa;  arpegi margoketak; tailerrak; esku lanak; hamaiketakoa; Batxilergokoen ikuskizuna; paperezko hegazkinen lehiaketa DBH eta Batxilergoko ikasleentzat eta HH zein LHkoek gabonetako zuhaitza apainduko dute. Errezil Astelehena, abenduak 5. CEP San Martin LHIk antolatuta: - Goizean. Eskolako pasilloan leloak jarriko dituzte ikasleek. -15:00. Jangelan, abestiak. - 15:30. Eguneko Zentrora joango dira, aitona-amonekin bingoan jokatzera. -Ondoren. Guraso Elkarteak gaztainak erreko ditu. Getaria Iturzaeta herri eskolak antolatuta: Hilaren 28tik abenduaren 2ra. LHkoek euskal kantak abestuko dituzte eskolatik irtetean. Gazte Asanbladak eta udalak elkarlanean antolatuta: Gaur, abenduak 1. -19:00. Alhondigan, euskarazko film laburrak. Bihar, abenduak 2. - 22:30. Patxi Saiz eta Mor More, gaztetxean. Sarrerak Harritarte, Sokoa eta Harralden, 5 euroan. Etzi, abenduak 3. - 12:00. Plazan, bideo lehiaketako sari banaketa. - 19:30. Plazatik abiatuta, triki-kantu poteoa. - 21:30. Gaztetxean, bertso afaria,. Txartelak aurrez salgai Harritarten, Sokoan eta Harralden, 12 euroan. Egunean bertan, 14 euro. Igandea, abenduak 4. - 19:00. Eskolako aretoan, Erdi bana antzezlana. Orio Bihar, abenduak 2. Zaragueta Herri Eskolak antolatuta, Imanol Urbietaren omenez: - 10:45. kantu saioa eta argazkia. - Ondoren. Horma irudia osatuko dute argazki eta abestiekin. - Arratsaldean. Filmak ikasgeletan eta liburu truke azoka. Herri ikastolak antolatuta: - 08:30tik aurrera. Pregoia; herri kirolak; DBHkoek bideo lehiaketako sari banaketa eta mus txapelketa; LHkoek tailerrak eta jolasak; HHkoek antzerkitxoak,  Argitxoren bisita, pailazoak eta talo tailerra, besteak beste. Etzi, abenduak 3 - 12:00. Euskaraz Gazte lehiaketako sari banaketa, udaletxean. Zarautz Hilaren 28tik abenduaren 2ra. - 10:00. Beldartxo jatuna antzezlana LH 1. eta 2. maila zein haurreskolakoentzat. Gaur, abenduak 1. - 09:00 eta 11:00. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren Baga Biga Higa emanaldia batxilergoko ikasleentzat, Modelon. - 19:00. Emanaldi bera, irekia. Gonbidapenak, Sanz Enean eta turismo bulegoan. Bihar, abenduak 2. Udalak antolatuta: - Egunean zehar. Batxilergoko ikasleak Durangoko Azokara. - 13:15. Udalak eta Ziurtagiri Elkarteak Bai Euskarari agiria berritzea dendari, ostalari eta eragileekin, udalbatzar aretoan. Orokieta Herri Eskolan: - 09:00-10:30. Irratsaioa eta antzerkia. - 10:45. HHkoek abestu-kalejira. - 12:00. LHko frontoira joango dira abestera. - Arratsaldean. Lehenbiziko ziklokoek, herri kirolak. Antoniano ikastetxean: - 09:00-14:30. DBHkoek  Amama filma, txokolatada, kultur lehiaketa eta euskaraokea. - 14:30-16:30. HH eta LHko ikasleek tailerrak, Txantxangorriren bideo muntaia eta txokolatada. La Salle ikastetxean: -Goizean. HHkoentzat ipuin kontaketa, senideen eskutik; LHtik idazten hasi eta DBH 4. mailakoek amaitutako ipuinen irakurketa eta larunbateko kantu jirako abestiak abestea. - Arratsaldean, kalejira alaia. Salbatore Mitxelena Ikastolan: - 11:30etik aurrera. Ikasle guztien kalejira; HH eta LHkoen photocall-a; DBHn karaokea; HHn ipuin kontalaria eta kantu jolasak eta LHn mahai jolasak, karaokea eta euskal filmak. Etzi, abenduak 3. - Egunean zehar. Kirolguneetan Euskaraz bizi nahi dut banderolarekin argazkiak ateratzea. - Egunean zehar. Gaztelekuan, euskarazko ekozpenaren azoka. - 17:00. Donibane Plazatik, kantu jira Imanol Urbietaren omenez. - 18:00. Musika plazan, dantzaldia Joxe Mendizabalekin. Igandea, abenduak 4. - 12:00. Foruen plazan, euskal dantzak Alaken taldearekin. Zumaia Gaur, abenduak 1. Maria eta Jose ikastetxeak antolatuta: - 10:00. DBH 1. mailakoek Alex Urangarekin solasaldia. Udalak antolatuta: - 19:00. Alondegian, Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa. - Ondoren. Sokak ikuskizuna. Bihar, abenduak 2. Udalak antolatuta: - 22:00. Aita Marin, Putinen guardasola antzezlena. Maria eta Jose ikastetxean: -09:00etatik aurrera. HHkoak LHkoek egingo duten Euskararen txantxangorriaren dantza ikustera joango dira; DBH zein LHkoek euskararekiko desioak desioen zuhaitzetan zintzilikatu; DBHkoek Oihana Kortazarren bisita, mahai jokoak eta filmak euskaraz. Zumaiako Herri Eskolan: - Goizean. Imanol Urbietaren kantak abestuko dira. - Arratsaldean. jolasak. Etzi, abenduak 3. - 12:00. Ondartxo plazatik, trikitilariekin kalejira. - 12:15. Torreberriko aterpean, euskarari buruzko desioen zuhaitza. Igandea, abenduak 4. - 16:30. Aita Marin, Ozzy filma euskaraz haurrentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide