Ardantzabideko plan bereziak behin betiko onarpena jaso du

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 1a

Udalbatzan ordezkatuta dauden hiru alderdien aldeko botoekin onartu zen dokumentua. Auzoko aparkalekuen %75a auzotarrentzat izango dela dio udalak

Ardantzabideko auzoak aldaketak jasango ditu epe laburrera. BM etxearen supermerkatu bat egitea aurreikusita dago kale horretan, eta horrek arazo gehiago sortu ditu bertako aparkalekuetan. Buruhauste horri aurre egiteko, plan berezia sortzeko lehen pausoak eman zituen udalak uda ostean. Behin dokumentua auzotarrekin landu eta haen iradokizunak jaso ondoren, behin betiko onarpena jaso zuen azaroko ohiko plenoan. Zinegotzi guztien aldeko botoarekin onartu zen. Plan honen arabera, bi eremu nagusitan banatuko dituzte aparkalekuak. Lehen eremukoak auzokoentzat izango dira; bigarren eremukoak, berriz, libre aparkatzeko izango dira. Era berean, beste bi eremu ere zehazten ditu ordenantzak: bata, ezgaitasun txartela dutenentzat, eta, bestea, zamalanak egiteko. Ardantzabiden eta inguruko zenbait kaletan erroldatutakoek izango dute egoiliarren txartela eskuratzeko aukera. Etxebizitza bakoitzeko gehienez bi txartel emango dira, eta urtero berritu beharko da. Onartutako ordenantza fiskalen arabera, urteko 15 euroko kostua izango du, eta bigarren txartel bat behar izanez gero, 25 euro ordainduko dira. Txartela lortzeko ibilgailuaren titularra izan behar da, zehaztutako kaleetako batean erroldatuta egon, zergak eta isunak ordainduta eduki, eta txartela lortzeko tarifa ordaindu. Oier Korta alkatearen esanetan, aparkalekuen %75a egoiliarrentzat gordeko da, eta gainerako %25a aparkaleku libre gisa eskainiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide